NAIZ

Presoen auziaren «presa» oroitarazi dute Bake Bideak eta Bakegileek armagabetzearen urtemugan

ETAren armagabetzetik lau urte bete direnean, Bake Bideak eta Bakegileek presoen auziak «presa» duela adierazi dute eta ekainaren 26rako mobilizazioa deitu. Baiona eta Donibane Lohizune lotuz 31 kilometro eginen dituzte.

Apirilaren 8 honetan lau urte bete dira ETA erakundearen armagabetzea gauzatu zenetik. Ohar baten bidez, Bake Bideak eta Bakegileek gogora ekarri dute «Euskal Herriko jendartearen bultzada eta borondateari esker» eta «bake justu eta iraunkor baterako bidean, elkar bizitzaren bidean» egin zela.

Azken hau, baina, ez dela betetzen ari nabarmendu dute. Izan ere, 2021eko apirilaren 8 honek Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Paroten 31 urteko kartzelaldiarekin bat egiten baitu. Kartzelan hiru hamarkada igaro ostean, azaroan lortu zuen baldintzapeko askatasuna ‘Xistor’ Haranburuk. Hau txalotu eta besteen egoera salatu dute.

Zentzu horretan, gogora ekarri dute Parotek, «2005etik baldintzapean askatua izan zitekeen 70 urteko presoak», covid-19a hartu zuela. «Hau ekidin zitekeen, Ion Parot ez balitz salbuespeneko neurrien menpe izan. Oroitaraz dezagun, legedi honen menpe diren presoak, Gobernuak lehen konfinamenduan hartutako neurrietatik kanpo direla. Honela, salbuespen egoera hau dela eta, Ion Paroti, Jakes Esnali, Frédéric Haranbururi, Josu Urrutikoetxeari, Gurutz Maiza Artolari eta Ibon Fernandez Iradiri ez zaizkie beren eskubideak bermatzen, haien adina eta eritasunak direnak izanik ere», salatu dute.

Era berean, Aieteko Nazioarteko Adierazpenetik 10 urte igaro direla nabarmendu dute. «Nola uler daiteke zuzenbide arrunta etengabe indargabetzea?». Honen aurrean, «denbora badoala eta presa badela» azpimarratu dute. «Kontraerranean ezartzen ditu, alde batetik euskal jendarte dinamiko eta asmamen handikoa, Euskal Herriaren testuinguru politikoan aldaketa erradikala ekarri duena; eta bestetik, terrorismoaren kontrako Ministerio publiko anakronikoa, logika lehengotar eta liskartiarren logiketan segitzen duena».

Bide horretan kokatu dituzte 2019ko maiatzaren 17an, Emmanuel Macron frantziar presidenteak egindako adierazpenak: «Euskal Herria adibide bat da neretzat gatazkaren konponbidean eta armagabetzean. Estatuaren egin beharra, mugimendua laguntzea da. Ez dugu historia errepika arazi behar, lagundu behar da». Hitz hauek baina, «errealitatearekin kontrajarriak» direla salatu dute.

Bakea eraikitzeko «gatazkaren jatorria eta ondorioak» konpondu egin behar direla berretsi dute. «Gatazkaren ondorioak konpontzea, minak konpontzean datza, beraien ezagupena onartuz, datozen tokitik etorririk ere. Baina gatazkaren ondorioak konpontzea, kartzelaz haratago beste perspektiba bat eskainiko duen tresna juridikoak aktibatzea da, existitzen direnak erabiliz edo egokitu behar direnak egokituz», gehitu dute.

Horregatik, osasun testuingurua kontutan harturik, ekainaren 26rako mobilizazioa deitu dute. Baiona eta Donibane Lohizune lotuz 31 kilometro eginen dituzte, hau da, kilometro bana Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Parotek espetxean egin duten urte bakoitzeko.