Maite Ubiria

Ipar Euskal Herri mailako lehenengo Tokiko Etxebizitza Plana onartu du Euskal Elkargoak

Frantziar Asanblea Nazionalak onartu berri duen hizkuntz gutxituei buruzko legea txalotu du Jean-Rene Etchegarayk Euskal Elkargoaren kontseiluaren hasieran. Eztabaida eragin duen Tokiko Etxebizitza Plana onartu ondoren, aurrekontu-egitasmoari behin-behineko onespena eman diote kontseilariek.

Hamarnaka lagun bildu dira EH Baik Euskal Elkargoaren egoitzaren aurrean deituriko elkarretaratzean. (Guillaume FAUVEAU)
Hamarnaka lagun bildu dira EH Baik Euskal Elkargoaren egoitzaren aurrean deituriko elkarretaratzean. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen ostegunean frantziar Asanblea Nazionalak onartu zuen hizkuntz gutxituei buruzko legea txalotu du gaur Jean-Rene Etchegarayk. Euskaraz eta gaskoi-okzitandarrez zabaldu du Ipar Euskal Herriko erakundeko buruak mezu hori gaur telematikoki bildu den Euskal Elkargoaren herri arteko kontseiluaren hasieran.

Aurtengo Buxetari behin-behineko onespena eman dio era telematikoan garatu den bileraren bitartez herriarteko kontseiluak, jakinik kontuen behin-betiko bozketa hendu den udazkenean izanen dela.

2021erako 630 milioko aurrekontua kudeatuko du Euskal Elkargoak, dirutza horretatik 374 milioi bere funtzionamendua bermatzeko baliatuko ditu eta bertze 265 inbertsioetarako erabiliko ditu.

Iparraldeko erakundeak beregain hartu dituen 21 eskuduntza aurrera eramateko hainbat tasa igotzeko «derrigorrezko hautua» egin du aurten elkargoak, era horretan Estatuaren aldetik jasotzen den diru murrizketari aurre eginez. Hala eta guztiz ere osasun krisiak erakundean sumatzen zen finantza arazoa areagotu du, erakundeak oso ahalmen urriak baititu bere diru-sarrerak bermatzeko.

Aurrekontuen behin-behineko bozketari egin aurretik Tokiko Etxebizitza Planak (TEP) zentratu du herriarteko kontseiluak gaur izan duen eztabaidarik mamitsuena.

2021-2026 artean garatuko den Tokiko Etxebizitza Planak 2.646 etxebizitza berri eraikitzea urtero aurreikusten du, horietatik 1.200 etxebizitza sozialak lirateke. Euskal Elkargoak 17,5 milio inbertituko ditu urtero kosta eta barnealdeko desoreka apaltzeko helburua duen plana garatzeko.

Hala kostako eremuan %19 bizitoki gutxiago eraikiko dira eta Ipar Euskal Herriko barnealdean, berriz, %70 emendatuko da etxebizitzen eskaintza, beti ere planaren aurreikuspenen arabera.

TEPren bidez eraikiko diren etxebizitzen bi heren alokairuan ezarriko dira eta heren bat etxebizitza erosteko dispositibo sozial berritzaile baten bidez -elkartasunezko bail edo kontratu- salduko dira.

Etxebizitzaren krisia gainditzeko plana?

Elkargoko Exekutiboak defendatu duen egitasmoa udalekin eginiko eztabaidaren ondoren osatu dela nabarmendu du Roland Hirigoyen etxebizitzarako lehendakari-ordeak, txostena aurkezteko orduan.

TEPi esker etxebizitza sozialen kopurua %50ean emendatuko dela nabarmendu du Mugerreko auzapezak.

Egitasmoa gehiengo zabalaz onartua izan bada ere -159 aldeko boz, 5 kontra, 42 abstenzio bildu ditu; 7 hautetsik ez dute boto eman- hainbat hautetsi kezkaturik agertu dira.

Egun Ipar Euskal Herrian dauden etxebizitzen %27 edo bigarren etxebizitza dira edo hutsik daude. Hainbat hautetsik planak egoera horri erantzuteko aski anbizioa izanen duen zalantzan eman dute.

Udalerriekin lan egin ondoren Euskal Elkargoak osatu duen planaren norabidea auzian eman du, hala nola, Baionako ezkerreko oposizioko kide den Mixel Estebanek. Bere erranetan TEPk jasotzen duen etxebizitza sozialen kopurua -%46 zehaztu duenez- apala da oraindik ere.

Hautetsiak Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak etxebizitzari buruz eginiko txostenean jaso zituen gomendioak aletu ditu, lur eremuak urbanizatzeko etengabeko joerari loturiko ondorioei buruz oharra eginez.

Hiriburuko auzapez Alain Iriartek garrantzitsutzat jo du Euskal Elkargoak lehen aldiz Ipar Euskal mailan etxebizitza egoerari buruzko diagnosia egin izana.

Plan berrian bere udalak eginiko hainbat ekarpen jaso direla onartu du. Hala eta guztiz ere, Iriarteren erranetan egitasmoak ez du zuzendu sakoneko arazoa. «Finean, xifrak eskutan, bigarren etxebizitzek osatzen dute Iparraldeko herririk handiena», adierazi du.

Hori dela-eta, Euskal Herria Bai alderdiko eledunak abstenziora jotzeko asmoa iragarri du. Bozketaren emaitza ezagutu ondoren agerian geratu da hori izan dela kontseilari abertzale gehienek egin duten hautua.

EH Baik kanpaina bat martxan jarriko du

Hain zuzen EH Baik elkarretaratzea egin du Euskal Elkargoaren egoitza aurrean TEP eskas gelditzen dela lurraldeko biztanleen beharrei erantzuteko orduan agerian jartzeko asmoz.

«Biztanlegoaren %70ak etxebizitza soziala eskuratzeko irizpideak betetzen dituen lurralde batean» etxebizitza sozialen eskaintza %60ra pasatzeko beharra defendatu du Euskal Herria Baik.

Gaurko bozketaren ostean udazkenean onartu beharko du Euskal Elkargoak behin betiko etxebizitza plana. EH Bairen ustez «denbora bada» egitasmoa hobetzeko.

Anartean, «etxebizitza eskubidea denentzat» leleopean kanpainia garatuko du EH Baik, heldu den azarorako manifestazio bat iragarri duela.

Pandemiaren garaian etxebizitzen sal-erosketak, baita prezioak ere, azkarki emendatu dira Ipar Euskal Herrian. Horrek etxebizitza eskubideari buruzko eztabaida piztu du.

Krisi horren aurrean oso bestelako ikusmolde agertu dute, ordea, gaurko biltzarrean bigarren etxebizitzen arazoak beraien herriak gogorki kolpatu arren Lapurdi kostako hainbat tokiko agintarik.

Hala, Angeluko auzapez Claude Olivek etxebizitzaren eztabaidan dauden kontraesanak eta itxurakeriak jarri nahi izan ditu mahaigainean. Txostenean agertzen den datu zehatz bati helduta bigarren etxebizitzen parkina %80an bizitoki zaharren salmentek elikatzen dutela oharrarazi du.

Jean-François Irigoyen, Donibane-Lohizuneko auzapezak, lehenago ezarritako ildoarekin lerratuz oporretarako erosten diren egoitzen auziari aurre egiteko fiskalitatea dela molderik eraginkorrena defendatu du auzapez eskuindarrak.

Baxe Nafarroatik, Izurako auzapez Daniel Olzomendik bigarren etxebizitzen arazoari erantzuteko orduan turismo politika egokitzea ezinbestekotzat jo du, «helburu zehatzak ezarriz tentsiopean diren eskualdeen egoera lausotze aldera». Olzomendik nabarmendu duenez, plan berriari esker «abantzu 400 etxebizitza eginen dira barnealdean» eta etxebizitzak eraberritzeko diru-laguntzak hirukoiztuko dira.

Pintaketa eta banderolen aurka

Donibane Garaziko auzapez Laurent Inchauspe etxebizitzaren arazoa salatuz azkenaldian hainbat herritan - Getarian, Hendaian edo Urruñan kasu- agertu diren banderola eta pintaketen aurka mintzatu da, ekimen horiek salatzeko Bidarteko alkateak Emmanuel Alzurik aitzinetik luzaturiko proposamema babestuz.

Hendaiako auzapez sozialistak, Kotte Ezenarrok, Olivek baliaturiko argudioari eutsi dio bigarren etxebizitzen %6 baizik ez direla egoitza berriak eta gainerako guztiak «etxe salmenten ondorio direla» adierazteko orduan. Egoitza nagusien eta bigarren etxebizitzen artean oreka bilatzeko beharra defendatuz, tresna berriak behar direla, besteak beste fiskalitatearen eremuan, azaldu du Ezenarrok.

Heletako auzapez ordeak, Anne Marie Nadaudek, Euskal Elkargoaren eskutik eginiko lana etxebizitza plana osatzeko xede txalotu du. Barnealdeko herrientzat egoitza zaharrak eraberritzeko programak duen garrantzia baloratu du. «Bereziki gure gazteek behar dituzte laguntza jaso gure herritan diren etxe zahar horiek konpondu eta biziberritzeko», adierazi du kontselari baxenafarrak.

Biltzarrean arazo tekniko franko izan direnez, horietako hutsune bat baliatu du Jean-Rene Etchegarayk hitza hartzeko, Tokiko Etxebizitza plana lehen urratsa dela azpimarratuz.

Lehenik eta behin TEP lurraldearen arabera diagnostikoa izateko baliagarria izan dela azaldu du. «Ez gara bereziki harro txostenak erakusten duen irudiari buruz», onartu du. Handik aurrera gaur bozkatzera aurkeztu den egitasmoa egoera hori aldatzeko bidean «tresna politikoa dela, egun dugun bakarra» defendatu du.