Hizkuntza gutxituen aldeko lege historikoa onartua izan da frantziar Asanblean

Paul Molac diputatuaren ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege historikoa onartu du frantziar Asanblea Nazionalak. Senatuak abenduan bozkatu zuen testu bera denez, legea promulgatua izanen da eta berehala aplikatu ahalko da. 247 boz izan dira alde eta 76 kontra.

Estatu mailako Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboa 2019an elkartu zen, besteak beste bozkatu berri den legea eskatzeko. (PAULMOLAC.BZH)
Estatu mailako Gure hizkuntzak bizi daitezen kolektiboa 2019an elkartu zen, besteak beste bozkatu berri den legea eskatzeko. (PAULMOLAC.BZH)

«Historikotzat» definitua izan den ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege proposamena frantziar Asanblea Nazionalean onartua izan da. Gobernuaren kontrakotasuna izanik ere gehiengo zabal batek alde bozkatu du, alderdien kontsignen kontra. Orotara, 247 boz alde eta 76 kontra izan dira. Legea berehala aplikatzen ahalko da, Senatuan abenduan bozkatu zen testu bera baita.

Tarte handiarekin onartu da legea, nahiz eta Emmanuel Macronen La Republique en Marche alderdiak kontra bozkatuko zutela erran. Diputatu anitzek ez dutela kontsigna errespetatu agerian gelditu da. Gobernuaren aldeko gehiengoko talde parlamentarioan dauden Vincent Bru eta Florence Lasserre David euskal diputatuek alde bozkatu dute, eta lehenak legearen defentsan hartu du hitza. 

Euskal Herrian berria pozarekin hartu da, Antton Curutcharry Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak eta Euskal Elkargoko hizkuntza presidenteordeak argiki erran du egun «historikoa» dela. «Berdintasunaren tenploa den Asanblea Nazionalean onartu baita, 250 urtez gure hizkuntzen kontra borrokatu eta gero. Frantzia mailan mentalitateak aldatzen ari direla uste dut».

Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak «euskararendako aintzinapausu handia» dela baieztatu du bere aldetik. «Orain ikusi beharko dena da, Gobernuak zein jarrera hartzen duen, bere gogoaren kontra bozkatu da eta».

Atzeko lana

Itxaropena beti atxikitzen bada ere, legea onartzea sopresa izan da, «ez nuen uste hori inoiz ikusiko nuenik» aitortu du Curutcharryk. Eta gaineratu du: «Baina azpitik egindako lanaren emaitza da, bai diputatu, baita hizkuntza gutxituen alde ari diren elkarteena ere bai». 

Horrela nabarmendu du Paul Molacek NAIZ-i eskainitako elkarrizketan ere: «Mugimendu handia egon da elkarteen aldetik eskualde ezberdinetan, Euskal Herrian, Okzitanian, Kataluniak edo Bretainian, diputatuak ikustera joan dira».

Seaskako zuzendariak zentzu horretan egindako lana gogora ekarri du: «Azken urte honetan Peio Jorajuriak eta nik kriston bideokonferentzia pila egin ditugu, Parisera bidaiak, diputatuekin hainbat bilkura egin ditugu azken egunotan. Euskal Konfederazioak ere lobi lan handi bat egin du mugimendu hori sortzeko».

Izan ere Asanblea Nazionalean lehen irakurraldian Gobernua kontra agertu zen, hezkuntzari buruzko artikuluak kenduz, Senatuan ere saiatu zen, baina gehiengorik ez zuenez, aurrera jarraitu zuen, eta bigarren pasaia honetan ere kontra agertu da. Baina diputatuek artikuluak bozkatzean ez dutenez disziplina bete, azkenean onartu behar izan du.

Murgiltze eredua

Eztabaida gehien sortu dituzten artikuluak hezkuntzari loturikoak izan dira. Ikusmin gehien sortu duena murgiltze ereduari buruzkoa izan da. Murgiltze eredua arautzen duen artikuluak suposatzen du hezkuntza publikoan ere ikasleek %100ean eskualdeetako hizkuntzan ikasi ahal izanen dutela, antikonstituzionaltzat hartua izan gabe. Parlamentuan ziren 315 diputatuetatik 299k eman dute botoa: kontra 111k eta 150ek alde bozkatu dute.

EEPko presidenteak argiki adierazi du murgiltzearen garrantzia «estrategikoa» dela azpimarratu du, transmisioa gaur egun bereziki eskolan egiten den garai honetan. Aldi berean, horrek ematen dion zilegitasuna ere aipatu du: «Horri esker orain Ipar Euskal Herriko eskola publikoetan ezarria den esperimentazio eredutik ateratzen gara. Maila berean ezartzen dira eredu elebakar eta elebidunarekin batera».

Horrek ere eremu praktikoan izanen duen eragina azaldu du: «Hezkunde Nazionalarekin negoziaketak asko erreztuko ditu, ez gara hainbeste Estatuaren jarreraren menpe izanen».

Gorostiagak ere Hezkuntza Ministeritzarekin izanen diren egokitzapenak aipatu ditu: «Orain Gobernuak arautu nahiko du hori, murgiltzea zer den, zein mailatara heltzen den, lehen hezkuntzan edo bigarrenean ere, eta hor seguruenik izanen dugu beste borrokarik legearen aplikazioarendako».


Murgiltze eredu hori antikostituzionaltzat jo izan dute horren kontrakoek. Ipar Euskal Herrian eskola publikoetan esperimentazio mailan zenez, arriskuan izan ziteken Gobernuaren arabera, ikasturte hasieran Hiriburuko eskolan gertatu zen bezala, non ez zen baimenik eman izan nahi murgiltzea ezarteko, nahiz eta azkenean mobilizazioak onartua izatea ahalbidetu zuen.

Ordainketa

Herriko etxeek ikasleko eman behar duten ordainketaren ingurukoa izan da zeresan eztabaida piztu duen artikuluetako bat. Artikulu horrek udalak behartzen ditu herrian murgiltzen eredurik ez dagoenean beste herri batera joaten direlarik ikasleei dagokien dirua ere ordaintzera.

Hori bereziki berri ona da Seaskarendako Hur Gorostiaga zuzenariak azaldu duzen gisara: «Lehen nahi zuelarik ordaintzen bazuen herriko etxeak, orain legeak garbi eta garbi erraten du. Horrek ikastolen finantziaziorendako erreztasuna ekarriko du».

Artikulu hori bozkatua izateko diputatuen presioa beharrezkoa izan da, Afera Kulturalen eta Hezkuntzaren komisioak Asanblea Nazionalean ez bozkatzea deliberatu baitzuen martxoaren 31an, baina horren kontra egin zuzenketak aitzina egin du 127 aldeko bozekin eta 105 kontrakoekin.

Legearen beste eremuak

Bestalde, oso mediatizatua izan den ‘ñ’ letraren kasua ere legearen babesean ezartzea bilatzen da. ‘N’ letraren gainean ematen den tilde diakritikoa izenetan eman ahal izatea bilatzen du, gaur egun euskaraz eta bretoiez hizki hori duten izenek ezin dutelako baliatu. Kasu bera da katalanak ‘i’ hizkuaren gaineko tildea, Martí bezalako izenendako.

‘Ñ’ hizkiaren inguruan liburua idatzi duen Bernez Rouz, Bretainiako Kultur Kontseiluko presidenteak legearen berria poz handiarekin hartu du: «Legea bozkatu da, garaipen handia da eta horrekin Fañch izena, Iñaki bezala legala bilakatu da». 

‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legea deitzen da proposamena, eta justuki eskualde hizkuntzak Estatuko ondare inmaterialean erregistratzea da ahalbidetuko duen alderdietako bat.

Kaleetan eta erakundeetan kartelak eta seinaleak elebidunak izatea legeztatzeko artikulua ere bada. Ipar Euskal Herrian toki anitzetan horrelakoak badira, Estatu frantseseko beste toki anitzetan aldiz, ez da horrela.