Euskararen, bretoiaren, katalanaren... etsaien «dardara»

Frantses Asanblean hizkuntza gutxituen babeserako legearen alde bozkatu zuten diputatuetako batzuk. (NAIZ)
Frantses Asanblean hizkuntza gutxituen babeserako legearen alde bozkatu zuten diputatuetako batzuk. (NAIZ)

Estatu frantseseko hizkuntza gutxituen babeserako legearen trama korapilatsua da: botere indarren arteko norgehiagoka, handia txikiaren kontra, aliatuen ‘traizioa’, bozketen suspensea, kontrako zein aldekoen emozioen agerraraztea, gizartearen partehartzea, eta kapitulu berri honetan, misterioa.

Emmanuel Macronen Gobernuak ez zuen legea onartzea nahi, bere Hezkuntza ministro Jean-Michel Blanquerrek behin baino gehiagotan agerrarazi duen bezala, baina apirilaren 8an espero zenaren kontra alde bozkatu zuen Asanblea Nazionalak, eta orain ez du borrokatu gabe onartuko, nahiz eta horretarako erabiliko dituen bideak, gutxienez ezohikotzat har daitezken.

Legea bozkatua izan aitzin ibilbide korapilatsua izan zuen, nahiz eta azkenean gehiengo zabalarekin onartua izan, aldeko 247 bozka, kontrako 76 eta 19 abstentziorekin. Frantses Asanbleatik pasa ondoren ere bidea nahasia izaten jarraitzen du, Macronen aldeko 61 diputatuk Kontseilu Konstituzionalean errekurtsoa aurkeztu baitzuten apirilaren 22an, epea amaitu baino ordu batzuk lehenago, eta errekurtsoa aurkezteko moduan ere korapiloa tinkatzen ari delako. Errekurtsoa udalek murgiltze eredu pribatuan ikasi nahi duten ikasleen tasa ordainaraziko luken artikulua du ‘antikonstituzionaltzat’ jotzen, baina Kontseiluak lege osoari begiratu diezaioke zentzu horretan.

Gobernuak ez du errekurtsoa aurkeztu nahi izan, baina Hezkuntza Ministeritzak bideratua Macron sostengatzen duten parlamentarien bitartez egin da. Aldiz, errekurtsoa nork sinatu duen ez da jakitera eman; eta misterioa tentsioarekin nahasten ari da. Zabaldu diren izenen artean batzuk publikoki ezeztatu dute haien parte hartzea, eta beste batzuk bere izena eman dutela onartu badute ere, horretarako fede txarrez «atzipetu» dituztela salatu dute, eta ez dutela bertan parte hartu nahi adierazi dute.

Lege baten errekurtsoa egiteko eskubidea Estatuko presidenteak, lehen ministroak, Asanblea Nazionaleko edo Senatuko presidenteek dute norbanako gisara, bestela 60 senatari edo beste hainbeste diputatu behar dira hori egin ahal izateko. Macronen La Republique en Marche alderdiko 100 diputatuk legearen alde bozkatu zuten, eta orain gehiengoko taldearen eskutik etorri da errekurtsoa, non parte handiena LREMekoak diren.

Ohiz kanpokoa ere bada, parlamentariek bere burua ez agertaraztea errekurtsoaren parte hartzaile gisara, hori dela eta sinatzailea dela publikoki adierazi duen LREMeko Aurore Bergeri zerrenda ezagutaraztea eskatu zaio hedabideetan eta sare sozialetan, baina ez du jakitera eman.

Apirilaren 23an sare sozialetan zerrenda bat zabaldu egin zen, baina bertan agertzen ziren lau diputatu publikoki agertu dira ez dute bertan parte hartu esanez, eta bosgarren batek bere sinadura kendu zuela aditzera eman du. Gerora, Bergek zerrenda hori ez dela benetakoa baieztatu du... baina ez du benetakoa eman.

Bestalde, La Lettre A agerkariak argitaratu duen arabera, errekurtsoan parte hartu duten hamar bat diputatuk, ez dute horretan gehiago parte hartu nahi adierazi dute. Atzipetuak izan direla salatu dute, testuaren benetako mamiaz, edo ustearazi zitzaielako LREMk bere osotasunean bozkatutako desmartxa bat zenaz. Gaineratu dutenez, azken momentuan egina izanik berehala iritzia ematera behartuta izan ziren. Ezinegona hain omen da handia, batzuk alderdia uzteko mehatxua egin dutela.

Aldi berean, alderdiko parlamentari batzuk zerrenda publikoa ez egitearekin harrituta agertu dira, prozedura legegilea publikoa delarik. Baita haserre ere, horren bitartez eskualdeetako biztanleei ematen zaien irudiari dagokionez.

Azken urrats hauek hobeki ulertzeko legearen onarpenaren arteko ibilbidea izan behar da gogoan. Txikia handiaren kontrako norgehiagoka izan zen Asanblea Nazionalean, Libertes et Territoires gutxiengoko taldeko Paul Molac diputatuak legea aurkeztu zuenean, gehiengoa daukan Macronen taldeak hezkuntzari loturiko artikulu mamitsuak kendu zituen.

Ondoren, eskuina nagusi den Senatuan abenduan pasa zenean, sorpresa handiarekin berriz ere hezkuntzari loturiko artikulu gehienak jarri ziren bueltan. Apirilaren 8an, Asanblean bigarren irakurraldian pasa zenean, alderdiko diputatu anitzek Gobernuak nahi zuenaren kontra, hezkuntzari loturiko artikuluak bozkatu zituzten, eta legeak horiekin batera aurrera egin zuen.

Sorpresa handia izan zen, baina ez zen nolanahi lortua, hilabeteetan Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozial, eta parlamentariek sukaldeko lan anitz egin zutelako, diputatu anitz bozkatzera hurbilaraziz, eta aldeko bozka beharrezkoa zela konbentzituz. Errekurtsoaren berri jakin delarik ere, hautetsi eta eragileek beraien ezinegona, kezka eta haserrea agerrarazi dute.

Bozketa egunari ere begiratu behar zaio, Gobernuaren egungo jokabidea hobeki ulertzeko. Ostegun goiza zen, normalean diputatu anitz elkartzen ez dituen momentua, baina espero zena baino beteagoa zen, legearen aldekoak mobilizatu zirelako, eta Parisera hurbildu zirelako. «Hurbildu» hitzak garrantzia dauka, gehienak hiriburutik kanpokok eskualdeetatik heldutakoak baitziren, alde bozkatu duten diputatuen jatorri geografikoari begiratuta.

Espero zenaren kontra hezkuntzari buruzko artikuluak aurrera egiten ari zirela ikusita, Gobernutik diputatuak deitzen hasi ziren Asanbleara joan eta kontrako bozka eman ziezaieten artikulu gatazkatsuei, baina ez zuten lortu. Galdu zutela ikusita, beraien taldeko diputatu anitzek alde bozkatu zutela egiaztatu ondoren, kontrakotasuna ez agerrarazteko legearen alde bozkatzeko deia egin zuen, horrela uler daitezke aldeko 247 bozkak, kontrako 76ak eta 19 abstentzioak.

Baina gerora ikusi den bezala itxurakeria hutsa besterik ez zen izan. Bozketa egunean bezala, Gobernuak ez du kontra dagoenaren irudia eman nahi, eta ez du errekurtsoa bere izenean aurkeztu, aldiz bideratu egin du, orain bere izena ezagutzera eman nahi ez duten diputatuen bitartez.

Lege honek, hezkuntzari loturiko artikulu eztabaidatsuez gain ondarea edo seinaletikari loturiko beste batzuk ere baditu, baita garrantzi handirik gabekoa dirudien ‘ñ’ hizkiaren erabilera baimentzea euskal eta bretoi izenetan. Legeak onartu baino lehen ibilbide judizial luzea egin du ‘ñ’aren kontuak Fañch haur bretoiaren gurasoen eskutik Auzitegi Gorenera arte ere ailegatuz. Horri buruz, ‘Fañch, le prenom breton qui fait trembler la République‘ (Fañch, Errepublika dardarazten duen izena) liburua idatzi zuen Bernez Rouzek. Eta horretan dago gakoa, frantsesa ez den eta eskualdeetako berezitasunak onartzen dituen edozein ezaugarrik frantses jakobino zentralistek oinarrietan sortzen duen ezegonkortasunean. Lege honek, Errepublikan «dardara» sortzeaz gain, oraingoan Macronen alderdia ere «dardararazi» duela ere esan daiteke.

Azken hitza Kontseilu Konstituzionalak dauka, maiatzaren 22a aitzin eman behar du bere deliberoa, orduan jakingo dugu legea «antikonstituzionala’»den edo ez, baita sinatu duten diputatu horiek nortzuk diren ere. Gobernuak, deliberoari buruz ohar idatziak egiteko gomita badu, eta orduan zer jokabidea erakusten duen ikusi beharko da.

Hala ere, gatazka ez da horretan bukatuko, kapitulu berri bat besterik ez da izango, errekurtsoak aurrera egiten badu, hizkuntzen aldekoek eskubide horiek eskuratzeko beste bide batzuk bilatuko dituztelako. Oroitu egin behar baita 1958an V. Errepublika ezarri zenetik, eskualde hizkuntzak babesten dituen lehen legea dela, 70 saiakeren ondoren lortutakoa.

Eta errekurtsoak ez badu aurrera egiten, beste eraso zuzenik izango ez dela suposa badaiteke ere, aplikatzeko momentuan mugak ezarriko dizkiotela aldiz bai, eta orduan mikro-eraso horiei aurre egiteko borrokatzen jarraitu beharko da. Izan ere, kapituluka irabazi beharreko (h)istoria baita gure euskararena.