NAIZ

Nafarroako Garbiketa arloko greban %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituztela salatu dute

Nafarroan bihar hasiko den Garbiketa arloko greban %100eko zerbitzu minimoak ezarri dituztela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Gobernuaren aurrean LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek.

Bost sindikatuetako ordezkariak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (LAB)
Bost sindikatuetako ordezkariak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean. (LAB)

Grebara deitu duten bost sindikatuetako Garbiketa ataleko arduradunak Nafarroako Gobernuaren parean agertu dira gaur, ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Izan ere, zerbitzu horiek gehiegizkoak dira, kasu askotan ia %100ekoak baitira. Garbiketa arloko greba apirilaren 13tik 16era egingo da, biak barne.

LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak goitik behera aldatu dituela argitaratuta zituen gutxieneko zerbitzuak. Orain, Gobernuak ia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Ekonomia eta Ogasunean, Hezkuntzan edo Osasun departamentuan, baita gaur egun garbitzen ez diren edo itxita dauden eraikinetan ere. «Nola azaltzen da udal bateko garbitzaile batek greba egitea eta museo batekoak eskubide hori ez izatea? Sindikatuok oso larritzat jotzen ditugu azken inposizio horiek, Nafarroako Gobernuak azpikontrataturiko langileei grebarako oinarrizko eskubidea kentzen baitiete», nabarmendu dute.

«Ezin da izan progresista eta berdintasunaren defendatzailea deitzen den Gobernuak gobernu horren bulegoetarako zerbitzuak ematen dituzten milaka langileen greba-eskubidea praktikan jartzea eragoztea», adierazi dute sindikatuen ordezkariek. «Sinbolismoetatik urruti, adierazpenetatik urruti, Nafarroako Gobernuak, ekintzen bidez, patronalaren alde jartzea erabaki du», erantsi dute.

Berdintasuna

Sindikatuen ordezkarien arabera, horrela ez da berdintasuna defendatzen. «Sektore feminizatua gara, lanaldi partzialekoa, eta, gainera, orain, Nafarroako Gobernuak grebarako dugun oinarrizko eskubidea erabiltzea galarazten digu, sindikatu guztiek deitutako greba eta gure hitzarmena eta lan baldintzak hobetzeko helburu duen greba batean. Hori dela eta, bateraezinak iruditzen zaizkigu Gobernua berdintasunarekin konprometituta daudela dioten mezuak, eta grebarako eskubidea kentzea soldata arrakala eta genero-diskriminazioa bukatzea bilatzen duten langileei».

«Garbitzaileak funtsezkoak gara», berretsi dute sindikalistok. «Eta gure hitzarmena funtsezkoa ere badenez, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu berehala zuzentzeko gehiegizko gutxieneko zerbitzu horiek, eta grebarako eskubidea erabiltzeko aukera emateko».

Sektoreko 62 enpresaren ordezkari sindikalek bat egin dute bihar, apirilak 13, 11.00etan, Iruñeko Gurutze plazatik aterako den manifestazioarekin.