NAIZ

‘Guztion itsasoa’, migrazioen inguruko gogoeta sustatzeko ekimen digitala

Euskal Itsas Museoan dagoen ‘Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat’ erakusketari lotutako ekimen digitala aurkeztu du Ane Irazabal kazetariak: ‘Guztion itsasoa’, iraganeko eta oraingo migrazioen inguruko hausnarketa proposatzen duen ekimen digitala.

‘Guztion itsasoa’ Donostiako Itsas Museoan aurkeztuko da. (NAIZ)
‘Guztion itsasoa’ Donostiako Itsas Museoan aurkeztuko da. (NAIZ)

Donostiako Euskal Itsas Museoak, Ane Irazabal freelance kazetariarekin elkarlanean, ‘Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat’ erakusketaren harira, ‘Guztion Itsasoa’ jarduera aurkeztu du. Eduki digitala, bideo formatuan egina dago, eta erakusketaren antzera, XIX. mendeko eta gaur egungo masa-migrazio mugimenduei buruz hausnartzea du helburu.

Museotik jakinarazi dutenez, ‘Guztion itsasoa’ proiektuan iraganeko eta gaur egungo migratzaileen arteko antzekotasunak eta ezberdintasunak landuko dira. Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoa den Xabier Alberdik XIX. mendeko ikuspegitik aztertuko du gaia, eta Ane Irazabal kazetariak, Ekialde Ertaineko eta Europako migrazio-prozesuetan aditua, egungo ikuspegia emango du. Gainera, itsas-migrazioen zergatiak, migratzaileen harrera edota migrazio-sareak aztertuko dira, esate baterako.

Proiektuaren lehenengo saioa museoren webgunean eta sare sozialetan aurkeztu da. Hiru saio izango ditu guztira, eta apirileko datozen asteazkenetan zabalduko da (apirilak  21 eta 28).

Ane Irazabalek sortutako ‘AWLAD. Hesiak gainditu’ dokumentalarekin amaituko da zikloa. Bertan, lau ume errefuxiatuen historia azaltzen du; leku seguru batera iritsi eta beren bizitzen norabideari ekin ahal izatearen helburuarekin ihesi egiten duten umeak. Maiatzaren 6an 19.00etan izango da ikusgai Euskal Itsas Museoko ganbaran.

‘Leopoldina Rosa. Gaur egungo istorio bat’ ekainaren‘ 13ra arte egongo da ikusgai, asteartetik-larunbatera 10.00-14.00 eta 16.00-19.00 ordutegian eta igande eta jai egunetan 11.00-14.00 tartean. Sarrera doakoa da.