Asier Aiestaran

Euskadiko Batel Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Legutioko estropada eremuan

Guztira 90 ontzik hartuko dute parte txapelketan, 24 arraun elkarte desberdinetakoak. Sailkatze estropadak larunbatean 16.00etan hasiko dira eta finalak igandeko 11.00etan. Ohikoa izaten denez, kadete eta jubenil mailak dira ontzi kopuru handiena biltzen dutenak.

Aurreko astean jokatu zen Gipuzkoako Txapelketako irudia (GIPUZKOAKO ARRAUN FEDERAZIOA)
Aurreko astean jokatu zen Gipuzkoako Txapelketako irudia (GIPUZKOAKO ARRAUN FEDERAZIOA)

Euskadiko Batel Txapelketa asteburu honetan jokatuko da Legutioko "Josetxo Fernandez Bakeriza" estropada eremuan. Kanporaketak larunbatean 16.00etan hasiko dira eta finalak igandean jokatuko dira, 11.00etatik aurrera.

Larunbatean lehiatzen lehenak emakumezkoak izango dira eta ondoren gizonezkoen txanda iritsiko da. Estropadak erlojupeko moduan jokatuko dira, ontziak binaka irtenda minutu bateko tartearekin.

Guztira 90 ontzik hartuko dute parte txapelketan, 24 arraun elkarte desberdinetakoak.

Infantilei dagokienez, 1.000 metroko distantzia osatu beharko dute, ziaboga bakarrarekin. Maila horretan emakumezko 11 batel daude izena emanda eta gizonezkoen 12.

Kadete mailan, estropada 1.500 metrokoa izango da eta bi ziaboga egin beharko dituzte ontziek. Emakumezkoetan 12 batel irtengo dira eta gizonezkoetan 16, beste mailetan baino kopuru handiagoa.

Jubeniletan, bete beharreko distantzia 2.000 metrokoa izango da, hiru ziabogarekin. Emakumezkoen 9 batel daude izena emanda eta gizonezkoen 14.

Eta maila absolutuan, 7 ontzi irtengo dira emakume nahiz gizonezkoen estropadetan.

Larunbateko sailkatze estropadan maila bakoitzean denborarik onenak lortzen dituzten lau batelak igandeko dominen borrokan sartuko dira. Bosgarrenetik zortzigarrenera, berriz, kontsolazio finala deitzen zaion horretan arituko dira.

Esan gabe doa, osasun egoera orokorra dela-eta ikuslerik gabe jokatuko direla estropada guztiak.