Joseba Salbador Goikoetxea

Nafarroaren Eguneko espiritua, bizirik

Bigarren urtea da Nafarroaren Eguna bertan behera geratu dela, osasun krisialdi egoerak behartuta. Basaizea elkarteak atsekabez hartu du erabakia, baina jaialdiaren espiritua bizirik mantenduko da hedabide eta sare sozialen bitartez, eta egitaraua ahal bezain laster berreskuratuko dute.

Kanaldude telebistak ordubeteko saioa egin zuen 2020an, Nafarroaren Eguna etxetik eta zuzenean ospatzea proposatuz.
Kanaldude telebistak ordubeteko saioa egin zuen 2020an, Nafarroaren Eguna etxetik eta zuzenean ospatzea proposatuz.

Nafarroaren Eguna 1979an antolatu zen lehen aldiz Baigorrin eta, lau hamarkadatan, inoiz ez zuen hutsik egin euskararen, euskal kulturaren eta bereziki Nafarroaren batasunaren aldeko jai paregabe honek. Lehen etenaldia iazkoa izan zen, pandemia egoera lehertu eta handik hilabete eta erdira.

Ospakizunik izan ez bazen ere, Nafarroaren Egunak izan zuen isla hedabideetan eta sare sozialetan. Kanaldude telebistak ordubeteko saio berezia egin zuen apirileko azken igandean, Nafarroaren Eguna etxetik eta zuzenean ospatzea proposatuz, Basaizea kultura elkartearekin bat eginez.

Horrela, Baigorriko elizaren ondoko plazan urtero egiten den ekitaldi nagusiaren pare, agertzen joan ziren bat bestearen ondotik Battitt Crouspeyre eta Bixente Hirigarai bertsolariak, Baigorriko gaitero eta ziganteak eta Aezkoako Karmele Galartza irrintzilaria, besteak beste. Pantxika Maitia eta Txomin Zubietak animatutako  saioa larrain dantzarekin bururatu zen, «nafartar guzien bihotz ximikoak lasaituz».   

Basaizea elkartearen izenean Gilen Saldumbidek adierazi zuenez, «hainbat urtetan aurre egin behar izan diegu oztopo politiko eta sozialei, baina kulturaldiak beti aitzina segitu du. Alta, lehen aldikoz 42 urtez krisi sanitario batengatik ez da Nafarroaren Eguna usaiako forman ospatzen ahalko Baigorrin».
Hala ere, ohiko moduan ospatzerik izan ez bazen ere, Baigorriko herritarrak saiatu ziren, euren etxeetatik, «egun horretako zatirik sinbolikoenak atxikitzen».

Maider Lurok gaineratu zuenez, «zerbait falta dugularik, ohartzen gara bere balioaz. Azken asteetan ezeztatutako kultura ekitaldien zerrenda luzatuz joan da eta agerian utzi du zenbat kultura eskaintza dugun Euskal Herrian; eta ezeztatzeak nolako hutsunea eragiten duen».

Zerrenda honetan aipatu zituen, besteak beste, Bolanteen Eguna, EHZ jaialdia, Iparra Hegoa, pastoralak, herrietako festak, kontzertuak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez… eta kultur eragile horiei guztiei ere Basaizea elkartearen sostengua helarazi nahi izan zien, «dituzten aldarrikapenekin bat eginez. Ikusi dugu egoera honetan lanean segitzen dutela gure hizkuntza eta kulturaren biziarazten».

Basaizea elkarteko ordezkariek, bestalde, Euskal Herriko hedabideen lana eskertu nahi izan zuten. «Haien lana estimaezina da, euskara bigarren mailara pasatzen den eta Euskal Herria bitan zatitua den garai honetan».
Zentzu horretan, Maider Lurok gaineratu zuenez, «oroitzen gara oraindik ez garela Euskal Herri batu batean bizi. Nahiz eta urrats handiak eginak izan diren, lanean segitu behar dugu euskararen herri batua eraiki ahal izateko».

Basaizea, lau hamarkada lanean

Antolaketaz arduratzen den taldea Basaizea kultura elkartea da, 1980. urtean sortua; hau da, lehendabiziko Nafarroaren Egunaren ondotik. Berrogeigarren urteurrenean elkarteko kideek egunkari honi adierazitakoaren arabera, garai hartan Baigorri eskualdean «murritzak ziren euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak» eta horregatik egin zuten lanean hasteko hautua: «Eskas bati erantzuteko sortu genuen elkartea».

Gaur egun eskaintza aberatsagoa dela onartzen badute ere, euskaraz bizi ahal izateko horrelako ekitaldiak beharrezko izaten jarraitzen dutela uste dute. «Oraindik alimaleko lana geratzen da, euskal kulturak leku oraindik ttipiegia duelako gure lurraldean. Beraz, gure maneran eta gure ahalekin entseatzen gara Euskal Herri barnealdean kultura biziarazten eta bazterrak animatzen».

Basaizea elkarteak, bestalde, garrantzitsutzat jotzen du azken urteotan Nafarroaren Egunak jaso duen errekonozimendu ofiziala. Kultura astearen sorkuntzan parte hartu zuen Betti Bidarten iritziz, «orain beste ikuspuntu bat dago hautetsien aldetik eta ainitz gauza aldatu dira. Orain urtero etortzen dira Baxenabarreko auzapezak eta Nafarroa osoko hautetsiak. Hori urrats garrantzitsua da eta lehenbiziko urteetan parte hartu genuen guztiok plazer handiz ikusten dugu».