NAIZ

Partehartze oso eskasa Lasarte-Orian lurpeko zaborrontziei buruz izandako galdeketan

Lurpeko zaborrontziak mantendu ala ez erabakitzera gonbidatuta zeuden gaur Lasarte-Orioko biztanleak, baina erroldaren %8ak baino ez du boza eman eta emaitza ez da loteslea izango, beraz. Aire Garbia plataformak hondakinen arazoari benetan heltzeko ordua ikusten du.

Udalak galdeketa honetarako ateratarako kartela.
Udalak galdeketa honetarako ateratarako kartela.

Arazo ugari sortzen ari diren lurpeko zaborrontziei buruz galdeketa egitea erabaki zuen Lasarte-Oriako Udalak. Gaur burutu da baina alferrik, partehartze oso eskasa izan duelako: %7,88ak eman du boza bakarrik.

Emaitza loteslea izateko %30ra iristea planteatu zuen Udalak, eta bistan denez oso urrun gelditu da langa hori.

Edukinontzi horiek ezabatzearen aldekoak gehiago izan dira: 702 herritarrek babestu dute aukera hori eta 552k, aldiz, mantendu nahi dituztela azaldu dute.

Galdeketaren aurretik Udal Gobernuaren jarrera hauxe zen: «Edukiontzi horien egungo egoera dela eta, esku hartze erabakior bat egin behar da, tajuz mantentzeko, Udalak urteko mantentze-lanen kostua bere gain hartuz, edo bestela, edukiontziak ezabatzeko. Ezabatuz gero, hiri-hondakinak biltzeko edukiontzi guztiak lurrazalean jarriko dira».

«Udalak badaki eztabaida irekia dagoela herritarren artean erabili beharreko kudeaketa-eredurik onenari buruz, eta pentsatu du Lasarte-Orian egingo den lehenengo herri-kontsultan herritarroi hitza emateko unea dela», aipatu zuen aurkezpenean.

Aire Garbiak plataformak, ordea, ez ditu gauzak berdin ikusten eta sakoneko arazoari heltzea eskatu du. Emaitza jakin ondoren esan duenez, «parte hartzea herri-galdeketetan normalean askoz apalagoa izaten da hauteskundeetan baino, noski. Hala ere, gaurko galdeketan izan den parte hartzea oso-oso apala izan da. Alkateak, galdeketa hau justifikatzeko, zera zioen: ’Jakin badakigu eztabaida irekia dagoela herritarren artean’. Baina, gure ustez, hain parte hartze eskasak agerian utzi du ez zegoela inolako eztabaidarik. Ez gai honetaz, behintzat. Izan ere, udaletxean ordezkatuta dagoen indar bakar batek ere ez du lurpekoak mantentzearen alde egin, ezta herritar elkarte bakar batek ere».

Bere hitzetan, «herritarron parte hartzeko tresnak, herri-galdeketa kasu honetan, fundamentuz erabili egin behar dira. Nolanahi erabiltzen badira, berriz, benetan behar direnean kamustuta egoteko arriskua dago».

«Aitzakia bat gutxiago», Aire Garbiaren aburuz

Gertatutakoari zuzenean helduz, «bozka eman dutenen artean, lurpekoak ezabatzearen aldekoak erraz nagusitu dira. Parte hartzea %30era iritsi ez denez, emaitza ez da loteslea Udalarentzat. Baina gauzak nola joan diren ikusita, ez dugu duda egiten udal gobernuak mezua argi eta garbi entzun duela.

«Aire Garbiaren iritziz, garrantzitsuena zera da: udal gobernuak aitzakia bat gutxiago du Lasarte-Oriak hondakinen alorrean duen bene-benetako arazoari behingoz heltzeko. Eta arazo hori da Lasarte-Oriak, Donostiarekin eta beste zenbait herrirekin batera, Gipuzkoako birziklatzearen trenaren atze-atzeko bagoian jarraitzen duela. Alde horretatik, oso positibotzat jotzen dugu ideia hori beraien diskurtsoetan txertatzea, bakoitzak bere moduan, noski, aste honetan galdeketaz hitz egin duten hiru indarrek, EH Bilduk, EAJk eta PPk, alegia», erantsi du.