Andres Osa "Sakona"

Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketa asteburuan abiatuko da

Asteburu honetan abiatuko da Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketa; XXIV. Euskal Label Saria, alegia. Larunbatean Berastegin eta igandean Leitzan jokatuko dira lehen bi jardunaldiak. Guztira, 45 aizkolarik hartuko dute parte 2021. urteko edizioan eta finala ekainaren 13an jokatuko da Azpeitian. 

Julen Alberdi "Txikia IV." nagusitu zen iazko Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketan. (Andoni CANELLADA / FOKU)
Julen Alberdi "Txikia IV." nagusitu zen iazko Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

XXIV. Eusko Label Saria jokatzeari ekingo zaio asteburu honetan. Urrezko Banakako Aizkolari txapelketa abiatuko da, zeinean 45 aizkolarik hartuko duten parte. Larunbatean, 12.00etatik aurrera, Berastegin jokatuko da lehen jardunaldia, eta igandean ordu berean, Leitzan. Egun bakoitzean 12 aizkolari lehiatuko dira eta jardunaldi bakoitzeko hiru onenak pasako dira hurrengo txandara. 

Pasa den urtean, pandemiak eragindako egoeraren ondotik, atzeratu egin zen txapelketa  (ekainaren bukaeran hasi zen) eta Julen Alberdi "Txikia IV." nagusitu zen, ezusteko handiz. 

Herri Kirolak ere, gizarteko edozein alor bezala, egoera zaila ari da pasatzen, neketsua izaten ari da txapelketak antolatzea baina eman behar denean ematen duten jendea dabil lanean. Sei jardunaldi izango dira guztira eta ekainaren 13an jokatuko da finala Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Asteburu honetan Berastegi eta Leitzako plazek hartuko duten jaialdietan, ohi den bezala, aizkolariek beteko dute atal handiena baina ezin ahantzi Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa eta Emakumeen Harrijasotze Txapelketa ere tartean izango direla. 

Aizkoran lehenbiziko egunean Jokin Urretabizkaia “Basozabal” (Donostia), Hodei Ezpeleta (Mendaro), Ibon Garaiburu (Berastegi), Endika Goia (Bera), Iker Ibarrondo (Arrankudiaga), Xuban Kañamares (Arostegi), Axel Larrañaga (Oiartzun), Oier Larretxea (Bera), Migel Martin (Segovia), Suharri Rodrigez (Hernani), Unai Zabala (Leaburu) eta Markel Zapirain (Astigarraga) lehiatuko dira. Hamabi hauek gaztemailakoak dira, 23 urte azpikoak. 

Hiru Hamarreko  Harrijasotzea Txapelketan Mikel Lopetegi “Urra” eta Inigo Eizagirre “Eiza” neurtuko dira. Txapelketan guztira sei indartsu neurtuko dira. Emakumezkoen harrijasotze Txapelketan Karmele Gisasola “Zelai III” saiatuko da lan ona burutzen. Emakumeak guztira lau izango dira.

Igandean, Leitzan

Leitzan igandean adinean aniztasuna egongo da eta 12 aizkolari hauek plazaratuko dira: Beñat Amade (Getxo), Julen Aranberri “Elorriaga II” (Zumarraga), Daniel España (Segovia), Hermenegildo Herrero (Segovia), Aritza Irazabal (Ugao), Beñat Lekue (Larrabetzu), Ramiro Llanos (Gaubea), Patxi Mindegia (Zubieta), Urtzi Olasagasti (Donostia), Aritz Oregi (Larreabetzu), Aitor Urteaga (Idiazabal) eta Xabier Garcia “Utxu” (Lemoa).