Arnaitz Gorriti

Munduko talderik onenak Alemanian daude, eta Bidaideak Bilbao BSR beraietako bat da

Wetzlarren dira Adrian Yañez entrenatzailea eta bere mutilak eta ostiral honetan Amiab Albaceteren aurka 17.30etan jokatu beharreko final-laurdenetako kanporaketa da talde bilbotarraren helbururik garrantzitsuena. Eta gero –larunbat eta igandeko balizko finalerdi eta finala–, gerokoak. 

Bidaideak Bilbao BSRren denboraldiko aurzkezpeneko argazkia. Beraiek bakarrik zekiten noraino iristeko puntuan izango ziren. (Monika DEL VALLE / FOKU)
Bidaideak Bilbao BSRren denboraldiko aurzkezpeneko argazkia. Beraiek bakarrik zekiten noraino iristeko puntuan izango ziren. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Bidaideak Bilbao BSR taldeko espedizioa Alemanian dago, Wetzlar hirian hain zuzen, ostiraletik aurrera Nazioarteko Gurpildun Aulkiko Saskibaloi Federazioak antolatu duen Champions Cup delakoa jokatzeko. Iaz, covid-19aren pandemiak mundu guztia geldiarazi bezperan, talde bilbotarrak aipatu federazioak antolatzen duen Txapeldunen Ligako Lauko Finalerako atarian zegoen Bidaideak, final-laurdenetan, alegia, eta hargatik, aurten Zortziko Finala antolatu da.

«Galatasaray eta Besiktas bakarrik faltako lirateke bertan. Turkiako Liga ez da martxan jarri aurten eta hargatik, turkiarrek gonbitea ez onartzea erabaki dute. Bestela, kirol modalitate honetan dauden jokalari eta talderik onenak izango dira Alemanian», adierazi dio NAIZi Asier Garcia antolatzaile bilbotarrak Alemaniara joan bezperan.

«Ezin dugu ahaztu uneotan nazioarteko rankigeko seigarren postuan dagoela Bidaideak, eta guretzat finalerdietara iristea sekulako arrakasta litzatekeela, Europako lau talderik onenen artean jarriko ginatekeelako», gaineratzen du antolatzaile bilbotarrak.

Bidaideak Bilbao BSR euskal taldeaz gain, Alemaniako Thuringia Bulls, Baskets 96 Rahden eta Lahn-Dil ariko dira, Italiako Porto Torres eta estatu Espainoleko CD Ilunion, Amiab Albacete eta ACE Kanaria Handia.

«Azkenengo bizpahiru urteetan Estatuko Liga munduko onena dela ados daude aditu guztiak, eta ez da kasualitatea gure lehiaketako lau talde izatea Champions Cup honetan. Alabaina, Besiktas eta Galatasaray ere aintzat hartuta, gainontzeko lau taldeek gure Ligan jokatuko balute, hauek ere Liga irabazteko hautagai sendo izango lirateke», gaineratzen du Bidaideak Bilbao BSRko kapitainak.

Garaipena edo kalera

Beste zenbait lehiaketetan ez bezala, ez da ligaxkarik izango hemen, ostiralean hasi eta igandean amaituko baita Champions Cup delakoa. Kanporaketa zuzenak izango dira: kale edo bale.

«Kirolariok gustoko dugu halako lehiaketa modua. Izan ere, ezin duzu fokua beste norabait mugitu. Partida hau da, Albaceteren aurkakoa, balio diguna eta gainontzeko aurkariei buruz hitzik ere ez dugu egin. Aurrera eginez gero, ziur nago scouting ona egingo lukeela taldeak eta prest aterako ginatekeela kantxara, baina momentuz, Albaceteren aurkako lehian zentraturik gaude», dio Asier Garciak.

Bizkaitarrek hirugarren lekuan jokatuko dute, 17.30etan hasita Amiab Albacete taldearen aurka. Bidaideak nagusituko balitz, B Thuringia Bulls eta Baskets 96 Rahden taldeen arteko garailean izango lukete aurkari larunbatean, 17.30etan hasita. Igandean, 17.30etan hirugarren posturako partida jokatuko da eta 20.00etan, berriz, final nagusia.

«Ezin gara alperrik aritu besteek zer egingo, edo halako edo bestelako talderen aurka jokatzea komeni zaigu esaten. Berdin dio. Gure arerioa Amiab Albecete da eta kitto, ezin dugu aurrera begiratu», adierazi du horren harira Adrian Yañez Bidaideakeko entrenatzaileak.

Albacete eta Bidaideak makina bat aldiz lehiatu dira elkarren aurka, eta gustu guztietako emaitzak izan dira, alde nahiz kontra. Esaterako, 2018ko Liga txapelketako finalean buruz buru aritu ziren, baina Albaceteko taldea nagusitu zen. «Ez genuen gure eguna izan eta aurreneko minututik ikusi zen gu baino gehiago zirela egun hartan. Ederto zekiten zeini baloia eman uneoro, gure kontra nolako defentsa egin... Azken minutuan markagailuan hurbiltzea lortu genuen; batetik, Albecetek jaurtiketa erraz batzuek huts egin zituelako eta bestetik, defentsan muga mugaraino ahalegindu ginelako. Zer egingo diogu ba! Zoriondu eta hurrengora arte», adierazi zuen 2017-2018 denboraldiaren amaieran Esteban Nuñez Bidaideak Bilbao BSR taldeko entrenatzaile historikoak hedabide honi emandako elkarrizketan.

Baina aurtengo denboraldian birritan jokatu dute talde biek, eta bietan Bidaideak nagusitu da: 73-70 denboraldiko aurreneko jardunaldian Txurdinagan, eta 71-81 bigarren itzuliko hasieran, Gaztela Mantxan jokaturiko deman.

«Aurreneko itzuliko partidan bederatzi puntuko aldeaz alde egin genuen atsedenaldirako, baina azkenera arte sufritzea tokatu zitzaigun. Urtarrila bukaeran, berriz, bigarren itzuliko partida jokatu genuenean ‘Neguko Txapeldun’ ginen eta Albacetek aurrea hartu zigun aurreneko zatian, baina bigarren erdian gaizki egiten ari ginen hori zuzentzea lortu genuen eta buelta ematea lortu. Bagenekien Ligari begira, Albacete atzean uzteak lana erraztuko zizkigula, baina horrek orain berdin dio. Partida biak oso lehiatuak izan dira eta ostiralean ezin dugu gutxiago espero», dio Yañez entrenatzaileak.

Aurkari ezagunak eta arerio ezagunak ditu Amiab Albacetek. Baliteke jokalari zenbaitengan horrek motibazio berezirik eragitea, baina ez nonbait Asier Garciarengan.

«Lehiakorra berez naiz ni eta ez zait inporta noren kontra jokatu behar dudan. Kantxara sartzen naizenean ahalik eta bururik hotzenarekin aztertzen dut nola jokatu behar dudan arerioen aurka, eta hori da gure egitekoa. Egia da Albaceteko jokalariek eta guk elkar oso ongi ezagutzen dugula, bai Ligan edota selekzioan ere, baina horrek, ezta aurrez jokaturiko partidek, ez dute motibazio berezirik sortzen. Are gehiago, burua ‘honek irabazi egin zidan’ edo ‘errebantxa hartu’ eta horrelakoetan duenak bere buruari kalte egiten dio. Azkenean ostiralekoa beste partida bat izango da, eta urrian edo urtarrilean irabazi geniela edo beste ez dakit noiz irabazi egin zigutela atzean geratzen den zerbait izango da», dio Bidaideak Bilbao BSRko kapitainak.

«Taldeak beti jokatzen duen moduan jokatu behar du ostiralean ere. Taldea Ligan 17-2 badoa ez da kasualitatea. Baloia uztaitik pasatzea inoiz zorte kontua izan liteke, baina epe luzera, kirolak zure lekuan uzten zaitu. Irabazi edo galdu, zapatuan eta domekan lehiaketak hortxe jarraitzen du, eta gure kasuan, Liga irabazteko aukera ere hortxe dugu. Europako elitean gaude eta jende askoren lanaren fruitua da Bidaideak eta Bilbo Europako gorenera iristeko puntuan egotea», dio entrenatzaileak.

«Hori bai», Asier Garciarena da azken hitza. «Ligako partidetan baino partida gogorragoa izango da arlo fisikoari begira. Hau da, Europako lehiaketetan epaileek joko fisikoagoa egiten lagatzen dute, faltak ere ezberdin adierazten dituzte, eta ondorioz, oso neurketa fisikoa espero behar dugu».

Aurkariz aurkari

Demagun, dena den, Bidaideak finalerdietarako sailkatzen dela. Zein aurkari espero behar dute bilbotarrek?

«Nire ustez, zalantzarik gabe, finalerdietara pasako bagina, Turingia izango litzateke gure aurkaria», dio Asier Garciak. «Azkenengo Europako txapelketa biak irabazi ditu eta Madrilgo Ilunionekin batera, kontinenteko talderik indartsuena da. Astean zehar ez dugu balizko finalerdiei buruz hitzegin, baina pasako bagina, ziurrenik Turingia izango genuke aurrez aurre».

Horrez gain, Yañez entrenatzailea eta biak bat datoz CD Ilunion eta Lahn-Dil etxeko taldea ere hautagai indartsuenen artean daudela ere.

«Lahn-Dil da Europako lehiaketa gehien irabazi dituen taldea: sei txapelketa azken hamabost urteetan. Iaz beren maila apur bat jaitsi bazuen, aurten, txapelketa etxean hartuko zutela jakitean, asko indartu dira berriro. Bestetik, Ilunion beti hartu behar da aintzat, azken hamarkadan hirutan izan baita garaile, eta azkenera arte garaipenerako borrokan izango da», dio Asier Garciak.

Txapeldun izatea beti da zaila, ez dago esan beharrik, baina bidea da Bidaideak Bilbao BSR-ri meritua damaiona. «Gure aurrekontua ez da horren handia, baina hemen gaude, azken bospasei urteetan etengabeko goranzko bidean. Hori da gure meriturik handiena eta gure lehiakortasunaren zergatia. Horixe da Champions Cup honetan bistaratu behar duguna», amaitzen du kapitainak.