Asier Aiestaran

Elezkanok eta Zabaletak ez dute aho zapore onarekin amaitu finalerdietako ligaxka (22-13)

Orain arte Binakako Txapelketako bikote onena izan dena bere mailatik oso urrun geratu da Labriten eta nabarmen galdu dute Ezkurdia eta Tolosaren aurka. Arbizuko aurrelaria izan da laukoteko onena eta berak ezarri du erritmoa.

Ezkurdia izan da laukoteko onena Labriten (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ezkurdia izan da laukoteko onena Labriten (Idoia ZABALETA / FOKU)

Elezkano II.a eta Zabaleta ez dira aho zapore onenarekin helduko Binakako Txapelketaren final handira, gaur Labriten finalerdietako ligaxkako azken neurketa 22-13 galdu ondoren Ezkurdia eta Tolosaren aurka. Urdinak oso hotz aritu dira, orain arte erakutsi duten mailatik oso urrun, eta gorriak aldiz oso serio hasieratik amaierara.

Joseba Ezkurdia izan da laukoteko onena. Bikotearen zama bere bizkar gainean hartu du gaur ere eta mota guztietako tantoak egin ditu. Abiadura handian mugitu du pilota eta aurkariak dantzan ibili ditu uneoro.

Atzean, Xabi Tolosa gazteak ordezkatu du Ladis Galartza, eta gipuzkoarrak ere norgehiagoka oso txukuna jokatu du. Zabaleta beste egun batzuetakoa izan ez den arren, Tolosak ongi eutsi dio piloteoan eta pilota baztertzen asmatu egin du, modu horretan Zabaletari hiruzpalau tanto sartuz.

Ez zirudien hori gertatuko zenik lehen bi tantoak ikusita. 0-1ekoa Tolosak gora bidalitako pilota batekin iritsi da, eta 0-2koa sakez egin du Danel Elezkanok, atzelari gipuzkoarrak huts egindako erresto nahiko erraz batean.

Baina Elezkanok zabalera bidalitako gantxo batek pilota aldatzeko aukera eman die gorriei, eta hortik aurrera Ezkurdiaren erakustaldia hasi da. Ormabiko ikusgarria 2-2an, bizi moztutako pilota bat 4-3an, 5-3koa txokoan… Gorriek oso azkar ireki dute tartea markagailuan eta eroso jokatu dute 12-5 aurreratuz.

Urdinek tarteka egin dute saiakeraren bat markagailuan inguratzeko, baina oso trakets jokatu dute eta egin duten tanto bakoitzaren atzetik hutsen bat iritsi da. Edo gorrien merituzko jokaldiren bat. Gorriek 15-6 eta 17-8 egin dute ihes eta hortik aurrera urdinek amore eman dute.

«Helburua partida ona egin eta txapelketari sentsazio onekin agur esatea zen, eta hori lortu dugu», aipatu du Joseba Ezkurdiak amaieran. «Tolosak oso partida ona egin du: restoan, pilota batzertzen… Egia da beraiek hotz bezala egon direla, baina esango nuke Tolosari ongi etortzen zaiola Lehen Mailan erabiltzen den materiala».

Denak Bilbora begira

Baina asteburu honetan pilota mundua aztoratuko duen partida biharkoa izango da. Altuna III-Mariezkurrena eta Peña II-Albisu Bilbon neurtuko dira eta irabazlea datorren igandeko finalera sailkatuko da. Ziur Elezkano eta Zabaletak ere adi jarraituko dutela bertan gertatzen dena.