NAIZ

Igeldoko Herri Kontseiluak, jarrerak txalotu, baina «dena negoziatzeko» dagoela adierazi du

Igeldoko Herri Kontseiluak, Donostiako desanexio prozesuan, alderdi guztiek orain arte izan duten jarrera txalotu du. Hala ere, Eneko Goiak Igeldo, hurrengo legealdian, toki-erakunde txikia izango dela adierazi ostean, «dena negoziatzeko» dagoela eta azken hitza «herritarrena» dela gogorarazi du.

Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea. (Donostiako Udala).
Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko Batzorde Sustatzailearen zehaztapena egiteko lantaldea. (Donostiako Udala).

Eneko Goiak Donostiako alkateak, atzo adierazi zuenez, Igeldo «toki-erakunde txikia izango da datorren legegintzaldirako» eta Igeldoko Herri Kontseiluak, alderdi guztien jarrera «txalotu» egin duen arren, «dena negoziatzeko» dagoela nabarmendu du.

Herri Kontseiluak gogora ekarri du herritarrek bi alditan hautatu dutela dagoeneko Igeldoren desanexioa «eta hori ez dela errespetatua izan». Zentzu horretan, 2020an Goiak eta Donostiako Udalak Tokiko Entitate Txikia lantzeko proposamen egin zutenetik «herritarren babesarekin eta partehartzearekin» prozesu hori aurrera eramateko lanetan ari dela adierazi du.

Iazko urrian lantalde bat osatu zuten udal ordezkariekin batera. Herri Kontseiluko 5 kide, Donostiako Udaleko alderdi guztietako ordezkari bana, Partaidetza saileko teknikariak eta Siadeco enpresako teknikariekin. «Bost bilera egin ditugu eta Igeldoko Tokiko Entitate Txikia eratzeko prozedura zehaztu dugu denon artean. Txosten bat prestatu dugu eta txosten hori astearteko Gobernu Batzordeak onartu zuen. Hori horrela, onartuta geratu da prozedura abiatzea eta beste lantalde bat osatzea prozesu guztia aurrera eramateko. Orain, behin betiko onarpena eman beharko dio Donostiako Udalbatzak», jakinarazi dute.

Lantalde horretan Igeldoko 5 ordezkari egongo dira, alderdi politiko guztietako ordezkari bana eta Goia alkatearekin batera. «Prozesu honetan zehaztu beharko dugu nolako Entitate Txikia nahi dugun Igeldorako. Zer eskumen, zer ondare eta zer aurrekontu. Esan bezala, guretzat tresna baliagarria izan daiteke Igeldoren egoera hobetzeko eta igeldotarron beharrak hobeto asetzeko, baina dena negoziatzeko dago», azpimarratu dute.

Bide horretan gipuzkoar hiriburuko Udalaren jarrera «oso garrantzitsua» izango dela aipatu dute. «Igeldotarron arazoak benetan konpontzeko agertzen duen borondateak baldintzatuko du prozesua. Eta noski, guretzako, adostutako Tokiko Entitate Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute». Hala ere, orain arte egindako lanean alderdi guztiek azaldutako jarrera «oso positiboa» izan dela txalotu dute.