Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Rafa Berrio, musikak bizi zuen sortzaile nekaezina

Probokatzailea, ausarta, obsesiboa, zorrotza, perfekzionista, buru argikoa, nekaezina... poliedrikoa zen Rafa Berrio, musikak bizi zuen sortzailea. Hil zela urtebete pasa da eta bere lagunek ez dute ahazten. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte omenaldi gisa.

Joserra Senperena eta Rafa Berrio. (Juan G. ANDRÉS)
Joserra Senperena eta Rafa Berrio. (Juan G. ANDRÉS)

Ez da erraza Rafa Berrio  (Donostia, 1963) definitzea. Poliedrikoa baitzen. Eta kontraesanezkoa. Esanguratsua da Donostiako Ernest Lluch kultur etxean zabalik dagoen erakusketaren izenburua: ‘Yo ya me entiendo. Paradojas de Rafael Berrio’.  

Berrio gertutik ezagutu zutenek donostiar musikaria ederki baino hobeto identifikatuko dute erakusketan. «Islatuta ikusi dut, bertan erakusten den Rafa zen nik ezagutu nuena», esan du Joserra Senperena (Donostia, 1965) piano-jotzaile eta konpositoreak. Eta ezagutu ez zutenentzat haren figurara hurbiltzeko aukera interesgarria dute maiatzaren 21era bitartean.

Iazko martxoaren 31n hil zen Berrio gaixotasun baten ondorioz. Handik astebetera, izurri betean, deitu zion Senperenak Txeli Lanzagortari. Biak ezagunak donostiar kultura giroan, biak Berrioren lagun minak. Zer egin, merezi bezalako omenaldia eskaintzeko? Hilabeteetako talde lana izan da dena antolatzea. Izurritearen eraginez atzeratu egin  behar izan zuten eta Berrioren heriotzaren lehen urteurrenean datoz ekitaldiak. Sergio Cruzado aritu da ekoizle lanetan.

Dokumentazio lan handia eskatu du erakusketak. Argazkiak, liburuak, diskoak, eskuizkribuak, eta hainbat objektu aurki daitezke. Berrioren sortze prozesua ere ikus daiteke. Besoz beso aritu dira musikariaren lagunak. Eta denen gidari, Lanzagorta.

Senperena arduratu da, bere aldetik, Victoria Eugenia antzokian gaur eta bihar egingo diren kontzertuak antolatzeaz. Gaurko sarrera denak berehala agortu zirenez, bigarren emanaldia prestatu dute. Gauza bera gertatu da erakusketaren inguruan Dabadaba aretoan eta Bukowskin egindako beste musika emanaldietan. Senperena bera igoko da oholtzara, Joseba Irazoki, Fernando Neira eta Karlos Aranzegirekin batera. Denek partekatu zuten agertokia omenduarekin. Bi gau berezi horietan musikari gonbidatuekin joko duen banda osatu dute.

Kartela ez da nolanahikoa: Rafa Rueda, Charly & Pavlyuchenko, Amateur, Virginia Pina, La Oreja de Van Gogh, Petti, Paul San Martin, Sanchis y Jocano, Mursego, Abraham Boba, Julia-Cristina, Txetxo Bengoetxea, Joseba Irazoki, Miren Iza, Mikel Erentxun eta Diego Vasallo.

«Bere belaunaldiko musikariak daude, baina baita gazteagoak ere. Denek zioten estimua erakusten du, eta jatorri desberdineko pertsonekin zuen harremana», adierazi du Senperenak. Berrioren abestien bertsioak joko dituzte. Donostian azken hamarkadetan egin den pop musikan erreferentea izan da Berrio. UHF izan zuen lehen taldea. Amor a Traición eta Deriva etorri ziren gero. “1971” (2010) diskoarekin ezustekoa eman zuen, chanson françaisera hurbilduz. Senperenarekin batera eman zuen argitara.

Ondoren, ‘Diarios’ (2013) lanean izan zuen segida bide berri hark. Rock doinuetara itzuli zen bakarka Berrio ‘Paradoja’ (2015) eta ‘Niño futuro’ (2019) diskoekin.

Senperenarekin beste proiektu ausarta iritsi zen, ‘Adiós a la bohemia’, Pablo Sorozabalen opera txikia berridatziz. Angela Molina aktorea protagonista zuela eraman zuten agertokira Victoria Eugenia antzokian bertan. Agur esan aurretik, urriaren 30ean, Berriok hiru abestiko EPa atera zuen Paul San Martin, Fernando Neira eta Karlos Aranzegirekin.

Behin eta berriz

40 urtean 10 disko eman zituen argitara Berriok. Ez dira asko. Bere perfekzio nahia erakusten du. Gai zen hitz baten bila hilabeteak eta urteak emateko. Idatzi, ezabatu, berridatzi, ezabatu... Eta berdin musikarekin.

‘1971’ diskoaren sortze prozesuan bizitakoa dakar gogora Senperenak. «Nahastu eta masterizatuta zeuden bi kanta azken unean kendu zituen. Eta ‘Diarios’, hurrengo diskorako, gorde. ‘Santos, mártires, yonkis’ abestiaren kasuan bertsio bera zen, tempoa pixka bat aldatuz, baina ‘La desgana’ kanta ezabatu egin zuen, erabat», esan du. Abesti berria besapean zuela iritsi zen. «Letra bera zen, baina musikak ez zuen aurrekoarekin zerikusirik. Eta gauza bera egin zuen beste kanta batzuekin ere bere ibilbidean zehar. Normalean musikariok, behin grabatu ditugunean hor uzten ditugu kantak; abesti berrietara jotzen dugu. Rafak, ez», kontatu du.

Oso langilea zen Senperenaren esanetan. «Obsesiboa ere bai, neurri batean. Azken unera arte, ospitaleko ohean, ‘Absolución’ liburuari azken zuzenketak ematen jardun zuen. Eta azken asteetan bukatu zuen bere azken EPa grabatzen».

Ausardia

Berrioren ausardia nabarmendu du pianista eta konpositoreak. «Oso ausarta eta anitza  zen musikari bezala», adierazi du.

Oroitzapen politak ditu ‘1971’ eta ‘Diarios’ diskoen grabaziotik. «Gauza berriak gustukoak ditut eta oso polita izan zen», adierazi du.  

«Deriva taldearekin ‘Harresilanda’ pop diskoa zuen eginiko azkena, oso ona. Hasierako ideia hari-laukote batekin beste pop diskoa egitea zen. Maketa jasotzean liluratuta geratu nintzen letrekin eta doinuekin. Kantu puskak ziren! Bide hari helduz hasi ginen diskoa muntatzen, baina aldatuz joan zen eta orkestra erabiliz elementu rockeroenak kendu genituen. Chanson française diskoa izaten bukatu zuen, Edith Piaf, Jacques Brell edo Juan Carlos Calderon bezalako autoreei begira. Barre egiten genuen muntatzen ari ginela. ‘Jendeak zer pentsatuko du, pop kantari underground batek hau egin duela ikustean’, genion. Oso dibertigarria izan zen abentura».

30 urterekin ezagutu zuen. «1994an Duncan Dhurekin biran joan nintzen lehen aldiz. Diego Vasallok Amor a Traición taldeak urte hartan ateratako diskoa ekarri zuen. Entzuteko jartzen zigun. Handik bi urtera ezagutu nuen eta oso harreman ona izan genuen», kontatu du.

Hasiera ez zen hain ona izan. Vasallorekin batera elkar ikusi zuten lehen aldian Berriori zer esango eta Dylan ez zuela gustuko. «Haserretu egin zen. Baina handik hamar urtera onartu zuen ‘pelma’ bat zela. Eta hamabost urte lehenago Jainkoa zela esaten zuen…», esan du barrez.

Probokazioa

Dylanen letraz ari zen. «Rafak berak ere oso letra luzeak egiten zituen eta bazekien hori ‘arazoa’ izan zitekeela. Lagunarteko elkarrizketak ziren. Autore askok pertsonaia sortzen dute, Rafak ere bai, eta probokazioa oso gustukoa zuen», kontatu du.

Grosen jaioa, hantxe eman zituen bere urteak. Eztabaidazalea, buru argikoa, begi zorrotzez begiratzen zion gaur egungo errealitateari, jendartearen bilakaerari.

Solasaldiak eta lagunartea gustuko zituen. La Tertulia Errante izeneko egitasmoa ere jarri zuen martxan. «Asteazkenero elkartzen ginen literaturaz, musikaz eta zinemaz hitz egiteko. Gero ‘bigarren denbora’ izaten genuen», gogoratu du.

Iturri klasikoetatik edan zuen Berriok, musikan zein literaturan. «Ez zeukan telebistarik eta XIX. mendeko literatura irakurtzen zuen», esan du. Pio Baroja eta Benito Perez Galdos ziren bere mesanotxeko irakurketak. Horiekin batera, Alejandro Dumas eta Mark Twain. «XX. mendekoak, Emil Cioran, Jaime Gil de Biedma eta beste askorik ez», dio Senperenak.   

«Gazte garaian entzungo zuen, baina nik ezagutu nuen garaian ez zuen rock musikarik entzuten. Noizean behin Lou Reed aipatzen zuen, baina besterik ez. Gaur egungo musikarik ez, azken urteetan musika klasikoa entzuten zuen», gaineratu du.

Sorkuntzak bizi zuen. «‘La desgana’ kantan ‘zertarako egin artea’ galdetu zuen. Baina azken unera arte egon zen artea egiten. Horretarako bizi zen, idazteko eta kantak egiteko, pentsatzeko... Hura zen bere mundua».

Letra zuen abiapuntu Berriok. «Pop musikariek alderantziz egin ohi dute, musikatik abiatzen dira; Rafa ez. Letrak sekulako garrantzia hartzen du eta horregatik ematen ditu hainbeste buelta hitz egokiaren bila».

Baina musika ez zuen bazter uzten. Rock kantetan melodia aldetik nahiko austeroa zen, baina ez beste uretan murgiltzen zenean. «Nirekin egindako diskoetan melodiak sekulako inportantzia dauka, kristoren doinuak dira eta abesti horiek kantatzea oso zaila da!», nabarmendu du.

Victoria Eugeniako kontzertuetan denera 21 abesti joko dituzte eta «horietatik lau kantak daukate asimetria erritmikoa; kalitate handiko musikaria zen», gaineratu du.

Rocka bizimodua zuen. Ez posea. Hala nabarmendu du Senperenak. «Benetako rockeroaren jarrera zuen».

Eta, betiere, umoreari eskua emanda. «Existentzialista zen, ezkor samarra, baina umorerako joerak jartzen zion kontrapisua horri. Hor datza bere formula, horregatik funtzionatzen dute bere kantek. Esaldi oso solemneak esaten ditu batetik, baina gero umore ukitua dator», adierazi du.