Imanol Carrillo

Bera Berak eta Zuazok agur esango diote larunbatean denboraldiari eta zenbait jokalariri

Super Amara Bera Bera Ligako txapeldunak Granollers hartuko du larunbat honetan 19.00etan; eta Zubileta Evolution Zuazok, ordu berean baina Lasesarren, Tenerife. Pizzo, Teres, Arruda, Ainhoa Hernandez, Loidi, Barros eta Aalla jokalariei agur esateko ordua izango da.

June Loidik eta Ainhoa Hernandezek –Malena Cavo gelditu nahian– azken partida jokatuko dute larunbat honetan Zuazorekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)
June Loidik eta Ainhoa Hernandezek –Malena Cavo gelditu nahian– azken partida jokatuko dute larunbat honetan Zuazorekin. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ohorezko Maila azken jardunaldira iritsi da. Bi euskal taldeek, Super Amara Bera Berak eta Zubileta Evolution Zuazok, etxeko lanak eginda dituzte dagoeneko. Donostiarrek Liga eskuratu zuten Elxeren kontrako partidan –Koparen arantza geratu zaie, finalerdian Alacanteko talde beraren aurka galduta– eta Barakaldokoek salbazioa lortu zuten duela aste batzuk.

Larunbat honetan trantsiziozko partidak jokatuko dituzte, beraz, bi taldeek. Bera Berak KH7 BM. Granollers hartuko du Gascan (19.00), eta Zuazok, ordu berean baina Lasesarren, Balonmano Salud Tenerife, salbazioaren taldeko liderra.

Denboraldiari baino, garrantzia handiagoa izango du zenbait jokalariri egingo zaien agurra. Bera Beran, esaterako, Renata Arruda, Nekane Teres eta Pizzok ez dute Donostian jarraituko datorren denboraldian.

Bakoitzaren arrazoiak ezberdinak dira. Arruda atzerrira joango da jokatzera, Teresek eskubaloia utziko du eta klubak ez du Pizzo berritu, bere ordez Zuazotik June Loidi etorriko baita, aste honetan bertan jakitera eman zutenez.

Elgoibarko jokalariarekin batera, Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla eta Maider Barrosek ere Zuazo utziko dute larunbat honetatik aurrera. Lehenengoa Errumaniako Dinamo Bucarestera egingo du salto eta beste biek ez dute zehaztu beraien hurrengo taldea.

Gauzak hala, bi entrenatzaileek, Imanol Alvarezek eta Joseba Rodriguez “Haito”k, gauzak probatu ahal izango dituzte hurrengo denboraldiari begira. Zuazoko prestatzailearen kasuan, gainera, jakinda urtebete berritu duela kontratua, duela egun gutxi jakitera eman zuen moduan.