Arnaitz Gorriti

Izaskun Garcia Urlezagak bere bosgarren denboraldia beteko du Araskin

Muxikako antolatzaileak beste urtebetez luzatu du bere kontratua talde gasteiztarrean. Bizkaitarra hurrengo denboraldiari begira, Araskik lotu duen bosgarren jokalaria da. Aurten 5,7 puntu eta 2,4 asistentzia lortu ditu batez beste.

Izaskun Garciak beste urtebete emango du Araskiren elastiko berdearekin. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Izaskun Garciak beste urtebete emango du Araskiren elastiko berdearekin. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hurrengo denboraldiari begira, Kutxabank Araskik Izaskun Garcia Urlezaga antolatzaile bizkaitarrari beste urtebeterako kontratua luzatu dio. Muxikako jokalariak bosgarren denboraldia beteko du ondorioz, 2017ko udan Gernika Bizkaiatik Gasteizera bidean jarri zenetik. Dagoeneko 100 partidatik gora jokatu ditu « Izasek» Araskiren elastiko berdearekin.

29 urterekin, bere kirol bizitzaren heldutasunean dago Muxikako jokalaria. Sarritan erabili du Madelen Urietak Maria Asurmendirekin batera, bi antolatzailerekin. Ez da oso jokalari saskiratzailea antolatzaile bizkaitarra, pasa den sasoian 5,7 puntu eta 2,4 asistentzia lortu ditu batez beste, baina partidako memento garrantzitsuenetan maila ematen ederki daki Izaskun Garciak, batez ere saskira zuzen eta beldurrik gabe joaten badakiela sarri erakutsi duelako.

Hala, 2021-22 denboraldiari begira, bosgarren jokalaria lotu du dagoeneko Araskik. Izan ere, Izaskun Garcia Urlezagaz aparte, Tamara Seda eta Laura Pardo kapitainak ere kontratua berritu baitute –baita Madelen Urieta entrenatzaileak ere–, eta horrez gain, Gracia Alonso de Armiño eta Bea Sanchez ere ekarri ditu talde arabarrak.

Bidaideak Bilbao BSR, udaletxean

Bestetik, Bilboko Udalak harrera egin dio ostiral honetan Bidaideak Bilbao BSR taldeari, liga txapelketa irabazi berritan.

Juan Mari Aburto alkateak berak hartu ditu jokalari eta entrenatzaileak eta zorionak eman dizkie «lorpen historiko» hori dela eta.

Datorren astean, ekaineko aurreneko asteburuan, Albaceten izango dira jokalari bilbotarrak, Kopa txapelketa bertan jokatuko baita. BSR Liga aurrenekoz irabazi du aurten talde bizkaitarrak, eta irabaziko balu, Kopa ere aurrenekoz eramango luke.