NAIZ
DONOSTIA

12 urte bitartekoek musukoa erabili beharrik ez izatea eskatu du Haurrak Ere Bai ekimenak

Haurrak Ere Bai ekimenak ehunka lagun batu ditu gaur igandean Donostiako Kontxa hondartzan. Osasun krisialdi honetan, haur eta nerabeen inguruan hartzen ari diren erabakiekin kezkatuta, beste neurri batzuen artean, 12 urte arteko haurrek musukoa derrigorrez erabili beharrik ez izatea eskatu dute.

‘Haurrak SOS’ lemapean mosaikoa egin dute Kontxako hondartzan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
‘Haurrak SOS’ lemapean mosaikoa egin dute Kontxako hondartzan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Haurrak Ere Bai Familien Sareak deituta, elkarretaratzea egin da Kontxako hondartzan, ‘Haurrak SOS’ lemapean. Osasun krisialdiaren aurrean hartutako erabakiekin kezkaturik, haur eta nerabeen egoeraren inguruko ohartarazpen bat egin nahi izan dute partaideek ekimen honekin, gogoraraziz, besteak beste, gaztetxoenak «konfinamendu zurrunena pairatu zutela, ‘superkutsakor’ eta arriskutsu gisa estigmatizatuak izan ziren eta inoizko eskenatoki latzena bizi izan dute egunero, hainbat orduz, eskola asko eta askok hartu duten itxura militarra dela eta», haien esanetan.

Argitaratu duten ohar batean, adierazi nahi izan dute «gure haurren osasunak kezkatzen gaituela, eta horregatik, hartzen diren neurriak orekatuak izan behar direla uste dugu. Argi dugu haurrak eskubide osoko herritarrak direla, subjektu politiko aktiboak. Beharrizan konkretuak dituzte, haien garapen optimo baterako zaindu behar ditugunak eta hemen berdintasuna eta ekitatea kontzeptuak desberdindu behar genituzke. Ezin ditugu helduongan ezarri diren neurriak, haurrengan modu berdinean ezarri».

Dagokion prozedura administratiboren bitartez, ikasturtea antolatzeko proposamen dokumentuak Lakuan eta Nafarroako Gobernuan aurkeztu dituzte, baina ez dute inolako erantzunik jaso. «Hezkuntza bermatu nahi dugu eta argi daukagu aurtengo panoramak ez duela laguntzen gure haurren heziketan eta hazkuntzan, eta ez gaude prest eskenatoki berdina onartzeko. Hezkuntza komunitatearen parte garen heinean, hausnarketa sakona egin behar genuke oro har, partxeak jarri eta aurrera egin ordez, bizi dugun garaia, gaur egungo Hezkuntza Sistema errotik eraldatzeko aukera gisa hartuz».

Proposamenak

Eta, zehazki, zer proposatzen dute? Alde batetik, 12 urte arteko haurrek musukoa behartuta erabili beharrik ez izatea, hauxe argudiatuz: «Zenbait ikerketen arabera, Bartzelonako Vall d'Hebroneko ospitalekoa adibidez, 2020ko azaroaren 27an publikatua, edota 2020ko irailaren 28ko dataz EITBn bertan Osakidetzako eta Osasunbideako pediatren hitzetan, haurren kutsakortasuna oso baxua dela egiaztatzen da eta gaixotasuna sintomatologia arinekin pasatzen dutela baieztatzen dute. Begirada zabalduz, Europako 15 herrialdetan kontu hau nola kudeatu duten behatu ondoren, egindako behaketek argi eta garbi ondorioztatzen dute kontsultatutako herrialde gehienetan joera, bide publikoan nahitaezko maskararik ez erabiltzea dela haurrentzat (bai helduentzat ere). Gainera, eskola-ingurunean maskaren beharrezko erabilera 12 urtetik aurrera aurreikusten da gehienbat, eta ez 6 urtetik aurrera, OMEk horri buruz emandako gomendioekin bat etorriz, eta baita hezkuntzan eta osasunean erreferentzia diren Europako herrialde askotako pediatria-esanguratsu gehienekin bat etorriz ere».

Gaineratu nahi izan dute ez dagoela «maskaren eraginaren ebidentzia zientifikorik, ez positiborik ez negatiborik, adingabeengan birusaren transmisioa murrizteko neurri gisa. 18 urtetik beherakoen eraginkortasunari eta segurtasunari buruzko azterlanik ez dago».

Bestalde, gaur egungo eskola protokoloa ken dezatela eta hartu beharreko neurriak haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela eskatu dute. Haien ustez, «gure gizarteak egoera honetan duen erronka, batez ere, elkarrekin bizitzeko gaitasuna berreskuratzea da, beldurrik gabe eta bestearen aurkako etengabeko epaiketan erori gabe». Baina, diotenez, «aurtengo ikasturteko protokoloek erronka hori zapuzten dute», pertsona ororen garapenaren eta osasun integralaren aurka doalako, haien ustez.