NAIZ

Gazte bat atxilotu dute Gasteizen, Arabako PPko buruzagi bati eraso egitea egotzita

23 urteko gazte bat atxilotu dute Arabako PPko buruzagi bati eraso egin izana egotzita. Azken horren salaketaren arabera, alderdi horretakoa ote zen galdetu ostean gauzatu zen erasoa, bere kontra eta berarekin zeuden beste hiru lagunen kontra, Gasteizko taberna bateko terrazan zeudela.

Ertzaintzak baieztatu egin du atxiloketa, eta PPk ohar baten bidez eman du gertatutakoaren berri. Atzo arratsaldean jazo zen Cuchilleria kaleko ostalaritza-lokal baten kanpoaldean, Iñaki Garcia Calvo Arabako PPko idazkariordea eta hiriburuko Udaleko zinegotzi ohia hiru lagunekin eserita zegoela.

Oharrean, Garcia Calvok azaldu du ezezagun batzuk hurbildu zitzaizkiela, eta galdetu ziotela ea PPkoa zen, «motibazio ideologiko argiarekin», eta esan ziotela alde egin behar zuela handik. Bi edalontzi bota zizkiotela gainetik edariarekin gaineratu du.

Mahaitik altxatzean, beste pertsona batek zaplaztekoa eman omen zion. Gaineratu duenez, bere hiru lagunek ere erasoa jasan zuten, eta haietako batek kolpe bat jaso zuen bekainean.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, beste sei gizon gehitu zitzaizkion erasoari. Bertsio honen arabera, lau erasotuek osasun-laguntza behar izan zuten, eta horietako bat ospitalera eraman behar izan zuten anbulantziaz, aurpegian zauri bat zuelako.

Arabako PPko Komunikazio idazkariordeak salaketa aurkeztu zuen Ertzaintzaren aurrean, eta horrek ustezko inplikatuetako bat atxilotu zuen; gainera, ikerketa polizialak zabalik ditu gertakariak argitzeko, eta, antza denez, «qrrazoi ideologikoengatik» sortu zirela uste du.

Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak erasoa salatu du Twitterren, eta «piztia erradikalak» jo ditu horren erantzule. Gainera, Ertzaintza zoriondu du eta EH Bilduren «ñabardurarik gabeko gaitzespena» eskatu du, «oraindik ghetto proetarrak eta askatasun falta»  daudela esan ostean.