Asier Aiestaran

Jokin Altuna izango da Artolaren aurkaria Buruz Buruko Txapelketaren finalean

Amezketako aurrelariak 8-22 menderatu du Jose Javier Zabaleta hasieratik erabat hautsi den neurketan. Etxarrendarrak ez du bere maila eman, errestoan oso ahul aritu da, eta Altuna 0-12 aurreratu da markagailuan sakez zazpi tanto eginda.

Altuna eta Zabaleta elkar agurtzen, neurketaren amaieran (Aritz LOIOLA / FOKU)
Altuna eta Zabaleta elkar agurtzen, neurketaren amaieran (Aritz LOIOLA / FOKU)

Jokin Altuna izango da Iñaki Artolaren aurkaria datorren ekainaren 13an Bilbon jokatuko den Buruz Buruko Txapelketaren finalean. Amezketako aurrelariak uste baino errazago menderatu du Jose Javier Zabaleta gaurko finalerdian (8-22), eta bere ibilbideko zortzigarren final nagusia jokatzeko txartela eskuratu du.

Altunak final-laurdenetan Ezkurdiaren aurka erakutsitako maila apartari segida eman dio gaur Bilbon, baina ikuskizunerako zoritxarrez, Zabaletak ez du berea eman. Pentsatzekoa zen Altuna bezalako espezialista handi baten aurka aurreko bi kanporaketetan baino gehiago sufritu beharko zuela, baina etxarrendarrak normalean ongien egiten dituen gauzetan ere ez du batere asmatu.

Alde horretatik, bere zulo handiena errestoan egon da, batez ere neurketako lehen erdian. Altuna bere sakeak txandakatuz hasi da, orain luze orain motz sakatuz, eta Zabaleta urduri ipini da, lekua galduta bezala. Azkenean bederatzi izan ditu amezketarrak sakez eginak, horietatik zazpi Altuna markagailuan 0-12 aurreratu duen partzial ikaragarrian, eta egiari zor, zazpitik bost behintzat eramateko moduko sakeak izan dira.

Bizpahiru tanto gogor bigarren erdian

Zabalean egindako dejada batekin lortu du atzelariak bere lehen tantoa (1-12), eta hortik aurrera neurketa zertxobait gogortu da. Zabaletak sake on batzuk atera ditu eta aurrean ere dejada pare bat sartu dizkio Altunari.

Baina jokatzera ipini den une horietan ere, Zabaleta bere kolpearekin hausteko gai ez da izan. Pilotari altuera eman ezinik aritu da eta Altunak ez du arazo handirik izan airez defentsan jardun behar izan duen tantoetan.

«Ni pozik nago egin dudan partidarekin. Pilota ongi sartu zait eskuan eta nire helburua lortu dut: bera atzean eduki eta defentsan sufriarazi. Hala ere, gauzak diren bezala esan behar dira eta lehen zatian bera izan da bere maila eman ez duena», onartu du Jokin Altunak neurketaren amaieran.

«Ilusioa egiten dit Iñakiren aurka jokatzeak. Asko merezi duen pilotaria da, pertsona bezala ere bai, eta bi aste hauetaz gozatu nahi dut, egunez egun», esan du Artolari buruz, profesionaletan jokatu zuen lehen finala, Promozio Mailako Lau eta Erdikoa 2014an, alegiarraren aurka jokatu zuela gogoratuz (Artolak irabazi zuen 8-22).

Zabaletak, aldiz, burumakur amaitu du finalerdia, «batez ere nire maila ez dudalako eman». «Ez naiz sartu partidan, 13. tantora arte ez naiz jokatzen hasi, eta Altuna bezalako aurkari baten kontra zuk ez baduzu zurea ematen ez dago zer eginik», adierazi du etxarrendarrak.