Arnaitz Gorriti

Merezita eta Granollers bikain gaindituta bermatu du Bidasoak ligako bigarren postua

Irundarrek 29-24 irabazi dute Granollersen aurka, aurreneko zatiaren azken minutuetan markagailuan ihes egin ostean. Adrian Crowley, Rodrigo Salinas eta Sergio De la Saludek merezitako agurra jaso dute. Helvetia Anaitasunak, ostera 28-24 galdu du Balonmano Navaren mesedetan.

Beste behim Jon Azkue izan da Bidasoa-Irunen golegilerik onena, sei gol sartu ondoren. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)
Beste behim Jon Azkue izan da Bidasoa-Irunen golegilerik onena, sei gol sartu ondoren. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

BIDASOA-IRUN 29 - KH7 GRANOLLERS 24

Puntu bakarra nahikoa izan arren Asobal Ligako bigarren postua bermatzeko, Bidasoa-Irunek garaipenaz ospatu du 2021-22 denboraldiko azkenengo jardunaldia. Aurreneko ordu laurdenaz geroztik aurrera jo dute Jacobo Cuetararenek, eta Granollerseko atezain Pol Sastrek txartel gorria ikusi duenez geroztik, estuasun larregirik gabe bermatu ahal izan du garaipena.

Nafarroako Federazioko Ohorezko presidente Jesus Aranazen hileta dela-eta minutuko isilunea egin ostean ekin dio Artalekuko partidak. Eta ez ondoegi, Rodrigo Salinasek zazpi metroko jaurtiketa bat hutseginez hasi baitu, eta Granollersek 0-2 aurrea hartu du Antonio Garciaren bitartez.

Ia lau minutu behar izan ditu Bidasoak aurreneko gola sartzeko, De la Saluden bitartez. Zorionez, lehenengo gol horren ostean Julen Aginagaldek 3-0eko partziala lortu du –hain zuzen, pibote irundarra Kielcerekin Europako txapeldun suertatu zen egunaren urteurrenean–. Adrian Crowleyk ere, bere agurreko partidan, aurreneko aukera baliatu du Granollersen atea zulatzeko.

Aurreneko lerroan jokalari txikiak ezarri ditu Jacobo Cuetarak bere eraso estatikorako, Granollersen defentsako erdiko jokalari handiei iskin egite aldera. Tarteka hanka sartu arren, jaurtiketa erosoak aurkitu ditu etxeko taldeak, baina defentsan ezin izan du bermatu markagailuko ekimena, Xoan Ledo atezainak tarteka geldiketa onak eginagatik. Pol Sastre atenazain katalanak ere bikain asko erantzun du Granollersen atea zaintzeko. Hala ere, Racotearen jaurtiketa bikain baten 8-6 aurreratu du Bidasoa partidaren 18. minutura bidean.

Jon Azkueren bitartez 9-6 ere ihes egin du Artalekuko taldeak, baina luzaro itxaron gabe erantzun du Granollersek, Esteban Salinas eta Mamadou Gassamaren bitartez. Dena den, berehala eten du katalanen partizla Bidasoak, Racotea eta Caveroren bidez 11-8koa ezarriz markagailuan, atsedenaldira iristeko sei minuturen faltan.

Aldapa behera Bidasoarentzat

Jokalari bat gehiagorekin geratu da Caveroren gol honen ostean Bidasoa eta, hala, Cavero berari sekulako kolpea eman dio Pol Sastre atezainak. Kolpearen arriskua aintzat hartuta, txartel gorria atera diote Granollerseko atezain titularrari, eta bere lekuan Pol Varela gaztea kantxaratu behar izan dute kanpokoek. Bien bitartean, 13-8raino luzatu du etxekoen aldea Jon Azkuek zazpi metroko marratik.

Atsedenaldira iritsi aurreko minutuetan ia uneoro bat gehiagorekin jokatu du talde gipuzkoarrak eta hori gutxi balitz, xoan Ledok beste pare bat geldiketa bikain egin ditu. Puntu bakarra nahikoa izanda Asobal Ligako bigarren postua bermatzeko, garaipena bera ere aldapa behera geratu zaio talde irundarrari. Jon Azkuek markagailua 16-10 laga du atsedenadian.

Hala ere, 0-2ko partzialaz ekin dio bigarren zatiari Granollersek, Bidasoak galdu dituen baloiak baliatuz. Etxekoen zorionerako, ez dira gehiago hurbildu katalanak, nahiz eta Matheus Da Silva egotzi ostean, jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar irundarrek.

Antonio Garciaren gol batek 19-16koa ezarri du, bigarren zatiaren bigarren herena hasteaz bat. Segidan 2-0eko partziala erdietsi du Bidasoak, baina berriz ere bat gutxiagorekin geratu da eta Granollersek beste hainbesteko batekin erantzun dio. Iker Serranok 22-18koa sartzeko bota duen «dejadak» lasaitu ederra emango zion Cuetara entrenatzaileari. Are gehiago geroxeago De la Saludek 23-18koa sartu duenean.

Halakoren baten, Bidasoa-Irunek sei goleko aldea berreskuratu du, Iker Serranok 24-18koa sartu ostean. Baina erregulartasunik ez eta, 0-3ko partzialaz erantzun du Granollersek, partidaren azken herenera sartzeko unean. Erlojuarekin jokatu nahian, Bidasoak erasoak luzatu egin ditu eta ez du beti nahi bezalako jaurtiketarik aurkitu, pibote bikoitzarekin jokatu arren.

Markagailua estutzeko aukerarik izan du Granollersek, baina ez du bururik galdu Bidasoak, eta Mikel Zabala eta Julen Aginagalderen eskutik 28-23raino luzatu du bere aldea, hiru minutu eskasen faltan, are gehiago Sergio De la Saludek 29-24koa sartu ostean. Handik amaierara, lasaitasuna irundarren aulkian eta bigarren postua polsikoan dela, Crowley eta enparauei merezita agur egin ahal izan diete.

BALONMANO NAVA 28 - HELVETIA ANAITASUNA 24

Ezin izan du Helvetia Anaitasunak garaipenaz ospatu Asobal Ligaren amaiera. Balonmano Nava taldeak mailarik gorenean jarraitzeko irabazi beharra zuen eta hala egin du.

Iruindarrak 4-5 izan dira aurretik, baina handik aurrera 5-0ko partziala jaso dute, Perez Arceren eskutik. Juan Den Arco, 8 golekin, izan da Anaitasunako golegilerik onena, baina beti ere berdinketa erdietsi ezinik Zupo Ekisoainek zuzentzen duen taldearen aurka.

Atsedenaldira markagailua 14-12 dela iritsi da partida, eta bigarren erdian, bistan da, aurreneko erdiko prozesu beretsua errepikatu da. Kostata, sei minuturen faltan 25-23raino hurbildu da Anaitasuna, baina ez da gai izan Balonmano Navaren 2-0eko partziala saihesteko. Honenbestez, ezin izan dute nafarrek garaipenarekin agurtu 2021-22 denboraldia.