NAIZ

Alex Aranburu, hirugarren Dauphinen, Geraint Thomas irabazlea eta Colbrelliren atzetik

Azken kilometroan botatako eraso baten bidez eta ondoren foto-finisharen beharrarekin irabazi du Dauphineko bosgarren etapa Thomasek eta hamar segundoko bonifikazioa ere lortu du. Atzetik Colbrelli eta Alex Aranburu sartu dira. Faboritoak denbora berarekin helmugaratu dira.

Gerain Thomas irabazle izan da, Colbrelli eta Alex Aranbururen aurretik. (Alain JOCARD/AFP)
Gerain Thomas irabazle izan da, Colbrelli eta Alex Aranbururen aurretik. (Alain JOCARD/AFP)

Irudi oso ona ematen ari dira euskaldunak Dauphinen. Asteazkenean Ion Izagirre bigarren izan zen erlojupekoan, asteartean Alex Aranburuk (Astana) bigarren postua lortu zuen, eta ostegun honetan, txirrindulari bera, hirugarren tokira igo da, Geraint Thomas (Ineos) irabazlearen eta Sonny Colbrelliren atzetik (Bahrain).

Azken kilometroan botatako eraso batekin denak zur eta lur utzi ditu Thomasek garaipena erdietsi eta hamar segundoko bonifikazioa lortzeko Dauphineko bosgarren etapan, Saint-Chamond eta Saint-Vallier arteak korritutako jardunaldian (175,4 kilometro). Hori bai, foto-finisharen beharra behar izan da.

Thomas azkar bizian irten da helmugarantz 900 metrioren faltan, tarte txiki bat lortu du momentu horretan eta Colbrellik harrapatuko zuen momentuan, irabazle bezala altxa ditu besoak Ineos taldeko txirrindulariak. Alex Aranburuk oso gertutik ikusi ahal izan du azken sprinta.

Sailkapen nagusiak ez du aldaketarik izan. Lukas Postlbergerrek (Bora) jarraituko du ostiral honetan liderraren maillotarekin, baina segundo bakar bateko aldea du Kazakhstango Alexey Lutsenkorekiko (Astana), sei  Kasper Asgreen (Deceuninck) daniarrarekiko eta bederatzi Ion Izagirre (Astana) gipuzkoarrarekiko.

Bosgarren jardunaldian ihesaldia egon da: Wellens (Lotto-Soudal), Cerny eta Asgreen (Deceuninck-Quickstep), Bernard, Mullen eta Stuyven (Trek-Segafredo), Grmay (BikeExchange) eta Gautier (B&B Hotels) izan dira protagonistak. Baina helmugarako 43 kilometroren faltan harrapatu ditu tropel nagusiak eta Geraint Thomasek irabazi du etapa.

Ostiral honetan seigarren jardunaldia korrituko da, Loriol-sur-Drome eta Le Sappey-en-Chartreuse artean (168 kilometro). Azken partean gogortu egingo da etapa, bigarren mailako bi gailur eta hirugarren mailako beste bi baitaude azken 50 kilometroetan. Horietako azkena helmugarako oso gertu dago: hiru kilometro %6,1ean.

Sailkapena - 5. etapa:

1. Geraint Thomas (Ineos) 4'02"15
2. Sonny Colbrelli (Bahrain) d.b.
3. Alex Aranburu (Astana) d.b.
4. Carlos Barbero (Qhubeka) d.b.
5. Mads Würtz (Israel) d.b.
6. Michael Valgren (EF Education) d.b.
7. Patrick Konrad (Bora) d.b.
8. Alejandro Valverde (Movistar) d.b.
9. Harrison Sweeny (Lotto) d.b.
10. Franck Bonnamour (KTM) d.b.
24. Ion Izagirre (Astana) d.b.
78. Imanol Erviti (Movistar) 3'03ra
130. Oscar Rodriguez (Astana) 11'12ra

Sailkapen nagusia:

1. Lukas Postlberger (Bora) 16h59'22"
2. Alexei Lutsenko (Astana) 1era
3. Kasper Asgreen (Deceuninck) 6ra
4. Ion Izagirre (Astana) 9ra
5. Wilco Kelderman (Bora) 13ra
6. Geraint Thomas (Ineos) 14ra
7. Ilan Valn Wilder (DSM) d.b.
8. Richie Porte (Ineos) 16ra
9. Patrick Konrad (Bora) 32ra
10.Ben O'Connor (AG2R) 34ra
21. Alex Aranburu (Astana) 1'05ra
76. Oscar Rodriguez (Astana) 14'02ra
97. Imanol Erviti (Movistar) 21'48ra