Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Elkarrizketa
Nagore Ipiña
Humanitate eta hezkuntza zientzien fakultateko dekanoa

«Pandemiak aukera eman digu konpetentzia digitalak eta begirada pedagogiko berriak agertzeko»

Mondragon Unibertsitateko fakultateko dekano izendatu zuten duela hilabete batzuk. Ondo ezagutzen ditu fakultatearen erpin desberdinak eta aditua da hezkuntza digitalean. Osasun larrialdia ikasketa prozesu sakona izan da digitalizazio horri begira.

Argazkiak: Andoni CANELLADA I FOKU
Argazkiak: Andoni CANELLADA I FOKU

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano berria da Nagore Ipiña (Arrasate, 1983). Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna eta Hezkuntzan doktorea da eta ondo ezagutzen ditu Eskoriatzako fakultatearen barrunbeak, besteak beste, KoLaborategiko zuzendaria eta Fakultateko Ikerketa eta Transferentzia arloko zuzendaria izan baita. Hamaika urte daramatza bertan lanean.

Eleaniztasuna, edukien eta hizkuntzen ikaskuntza integratua eta hezkuntzaren digitalizazioa izan dira bere ikergai nagusiak. Eta, hain justu, osasun larrialdiak lehen lerrora ekarri du hezkuntzaren digitalizazioa. Egoerak hala behartuta, egun batetik bestera derrigorrez eta hezkuntza komunitate osoak eman beharreko saltoa izan da digitalizazioa. Bertigoak bertigo, salto horretan ikasitakoak nabarmendu ditu Ipiñak, «zer ikasi dugun, zer mantendu nahi dugun eta zer hobetu daitekeen».

Emakumea, gaztea, dekanoa.

Normalean helduagoak izaten dira eta gizonezkoak. Emakumeak eta gazteak izatea akaso ez da ohikoena. Baina gure fakultatean azken hiru dekanoak emakumeak izan gara eta hori bada erakundearen ezaugarrietako bat, gehientsuenak hemen emakumeak garelako.

Digitalizazioan aditua zara eta, hain justu, hori da seguruen hezkuntzak gaur egun dituen erronketan garrantzitsuenetako bat. Adinak ere badauka bere partea jakintza horretan, ezta?

Bai, laguntzen du. Gazteen ikuspuntu digital horretan sartzen gara 1980-1985 bitartean jaiotakoak, baina geriatrikoan. Pentsa. Saltoa handia da. Gazteak oso ohituta daude mundu digitalean bizitzera, digitalizazioaren kontsumoa egitera, beste kanal mota batzuk erabiltzera eta guk beste ohitura mota batzuk dauzkagu. Nire belaunaldia akaso tartean geratu den hori da, gure aurrekoen hainbat ezaugarri baditugu eta, era berean, egungo belaunaldien kontzeptu batzuk ere gertu ditugu. Bi begirada desberdin lotu ahal dituen belaunaldi bat gara.

Pandemia iritsi zen, etxean sartu zituzten ikasleak eta berez bazetorren digitalizazioa erabat bizkortu zen derrigor egun batetik bestera. Nola harrapatu zuen hezkuntza komunitatea egoera horrek?

Orokorrean bazegoen digitalizazioaren edo hezkuntza digitalizatu beharraren zantzu bat, baina pandemiak lehen lerrora ekarri du. Batetik, kontzientzia areagotu du, digitalizazioaren garrantzia, eta, bestetik, digitalizazioak ematen dituen aukerak bistaratu ditu, baita arriskuak ere.

Martxoaren 13-14an denok etxera joan ginenean munduko hezkuntza sistema osoa aurrez aurreko saiorik gabe geratu zen. Bi egunetan sistema guztia beste modalitate batean muntatu beharrak gaitasun digital handiak eskatzen ditu. Hezkuntzari aplikatuta, ez bakarrik gaitasun digitalak, baita gaitasun pedagogikoak ere. Aurrez aurre egiten duzun hori testuinguru digitaletan egiteko, batetik, dituzun tresnak ezagutu behar dituzu eta, bestetik, nola egin jakin behar duzu. Egia da bazirela irakasle batzuk tresna digitalak gehiago edo hobeto ezagutu behar zituztenak, baina garrantzitsuena hori nola egin jakitea da. Ahalegin handia egin da, denbora gutxian gauza asko egin dira hezkuntzaren digitalizazioari begira eta egindakoak ezin ditugu ahaztu; ondo egindakoak mantendu eta txarto egindakoetatik ikasi. Pandemia honetan jaso dugun ikasketa garrantzitsua da hori; zailtasunak zailtasun egindakoa egin dugu. Orain ikusi behar dugu zer mantendu, nola mantendu eta zer ikasi dugun honetatik. Pandemiak zer ikasiaren begirada eman digu.

Batzuetan pentsatzen da tresna digitalak izatea nahikoa dela hezkuntza digitalizatzeko.

Aurrez aurreko klase batek ez dauka zerikusirik digitalki ematen den batekin. Hezkuntzaren digitalizazioak tresnen instrumentalizazioaz aparte begirada pedagogikoa txertatzeko beharra ekarri du. Adibidez, talde lanak aurrez aurre egitea oso ondo dago. Horrelako proposamen bat online egiteak sekulako ahalegina eskatzen du. Talde txikietan dinamizazio lana eskatzen du, irakasleak erabaki behar du toki batetik bestera joaten den edo ez, nola egin hori, zer denbora eman, zer tresnak ematen duen hori egiteko aukera, zer eskatu horren ostean... Online egiten ditugun saioetan bereziki testuinguruen diseinuan eman behar ditugu aurrerapausoak.

Itxialdian egindako neurketa baten arabera, irakasleen erdiek bakarrik zeukaten egunero harremana beren ikasleekin. Zaintzaren arte digitalaren garrantzia nabarmendu izan duzu. Zaindu daiteke digitalki eta zaindu behar da digitalki, ezta?

Digitalizazioaz eta bereziki hezkuntzaz hitz egiterakoan badira oso kontuan hartu behar diren hainbat alderdi eta horietako bat zaintza da. Gelan gaudenean, aurrez aurrekoan, oso ondo zaintzen ditugu gure elkarrekintza guztiak; esaten ditugun hitzak, zergatik esaten ditugun... testuinguru digitalean askotan sinplifikatu egiten ditugu gure ekintzak eta egiten duguna, esaten duguna eta ikusten duguna zaintzeko behar handia dago. Gelan gaudenean, begirada batek asko esaten digu edo gure gorputzaren jarrerak. Online gaudenean, zati bat bakarrik ikusten ari gara eta begiradak ikustea ere zailagoa da. Gauza horiek guztiak zaintzeko kontzientzia bat behar da. Ez da erraza, baina prozesu guztiak zaindu behar ditugu. Adibidez, egunero ikasle bakoitzarekin hamar minutuko saio bat egitea edo amaieran mezutxo bat bidaltzea eguna nola joan den jakiteko. Irekiera eta itxiera horiek zaintzea garrantzitsua da. Online testuinguruak gauza horiek eskatzen ditu.

Online testuinguruan ikasleak ikusten ote diren da kezka nagusietako bat.

Zaintzarekin lotuta, badira online testuinguruan zaindu beharreko lau alor: Zaintza, konexioa, komunitatea eta ikasteko gogoa sustatzeko kultura. Horiek dira bereziki zaindu behar ditugunak online testuinguru batean, berez ez direlako ematen.

Osasun larrialdi egoeran hezkuntza digitalaren beharra lehen lerroan jarri da. Erresistentzia asko hautsiko ziren...

Bai, iazko martxoan, hasierako antsietatea eta urduritasuna pasatuta, erresistentzia batzuk apurtzen hasi ziren, digitalizazioa gauza batzuk egiteko aukera bezala ikusten. Oraindik badaude aukera horiek ikusten ez dituztenak, baina orokorrean pandemiak aukera eman digu konpetentzia digitalak eta begirada pedagogiko berriak mahai gainean jartzeko. Ikasketa garrantzitsua izan da. Eta uste dut tresna digitalei beldurra kentzeko ere balio izan duela.

Zuen fakultatean etorkizuneko irakasleak prestatzen dituzue. Zer pisu dauka hezkuntza digitalak prestaketa horretan?

Garrantzi handia dauka. Guk lehendik bagenuen eskaintza erdipresentziala graduei begira eta master asko online eskaintzen ditugu. Bagenituen ohitura batzuk eta egiteko modu batzuk. Irakasleak formatzen jarraitu dugu, etorkizunean irakasleak izango diren gure ikasleei eredugarriak izango diren testuinguruak eskaintzeko. Iazko ikasturtean formazio plan indartsu bat egin zen bereziki diseinu horiei begira. Gure irakasleak online komunikazioak izan behar dituen ezaugarrietan trebatzen ditugu: zaintza digitala nola egin, konexioak nola antolatu, komunitateak sortzeko tresnak eman... Gure helburua beti bi planotakoa da. Alde batetik, guk eskaintzen duguna dago eta eskaintzen dugunak eredugarria izan behar du etorkizuneko irakasleak izango direnek bizi dezaten eta haiek ere etorkizunean aplika dezaten. Beti bi begirada horiekin aritzen gara.

Nolako irakasleak irudikatzen dituzu etorkizunean?

Hezkuntzak behar ditu berrikuntza prozesuei –eta horren barruan sartzen ditut digitalizazioa, STEAM proiektuak, hizkuntzak, kulturartekotasuna, eleaniztasuna... –, erronka horiei guztiei aurre egingo dieten profesionalak. Kontuan izan behar dute pertsonak direla ardatza, kasu honetan beraien ikasleak izango dira ikaste prozesuaren ardatza eta horiek bideratu behar dituzte, prozesu horiek erraztu. Guk ez ditugu nahi eduki zehatz batzuetan adituak diren irakasleak, baizik eta ikaste eta irakaste prozesuak erraztu eta bideratuko dituzten profesionalak.

Horrek begirada zorrotza eskatzen du, ikasle bakoitzaren tasunak eta beharrak desberdinak direlako. Hori ere erakutsi du pandemiak.

Begirada findu behar da, zeri begiratzen diogun eta nola begiratzen diogun. Etorkizuneko irakasleak gai izan behar dira betaurreko desberdinekin aritzeko, ikasle bakoitzak bere prozesuan aurrera egiteko zer behar duen ikusteko eta hori nola eskaini asmatzeko. Landu beharreko gaitasun bat da. Pandemian hori ikusi da, ikasle bakoitzak egoera propioa bizi duela. Zaintza digitalaz ari garenean bada kontuan hartu beharreko beste gauza bat; kontziente izan behar dugu konexioa edozein unetan jauzi daitekeela eta hori gertatuz gero ikasle horri zer eskaini pentsatu beharra dago.

Etorkizuneko irakasleak bere egunerokotasunean oso kontuan hartu beharko dituen kontzeptu asko daude. Askotan pertsona bakarraz hitz egiten dugu, irakasleaz, baina uste dut etorkizunera begira komunitatea izango dela garrantzitsua eta horren baitan nola eraikitzen ditugun komunitateko eragileen arteko harremanak eta espazioak ikasleei benetan hezkuntza espazio esanguratsu eta segurua eskaintzeko. Irakasle bakar batetik irakasle taldera pasatu behar dugu, beste begirada bat ekarri behar dugu sistemara eta dagoeneko toki batzuetan badaude horrelako espazioak. Adibidez, gela berean bi irakasle egotea, pentsa zenbat aukera eman dezakeen horrek; ikasle bakoitzaren prozesua eta beharrak hobeto ezagutzeko modua litzateke.

Proposamen oso interesgarriak dira. Baina nola ezkon daitezke errealitatearekin, egun dauden baliabideekin?

Beti behar dira baliabide gehiago, hori horrela da. Baina lortzen badugu etorkizuneko irakasleak ahalduntzea eta eskoletara begirada horrekin joatea, eskolaren eta unibertsitatearen arteko harremanak estutzea –oso garrantzitsua da– eta hasiberriei akonpainamendu on bat ematea, horrek guztiak ahalbidetuko du errazago iristea aipatu ditugun testuinguru horietara. Ikasleak unibertsitatetik atera eta eskolara iristen diren une horretan, bai unibertsitateak eta bai eskolak akonpainamendu bat egin behar dute, irakasle berri hori benetan ahalduntzeko eta bere proposamenak mahai gainean jar ditzan. Egia da sistemak bere mugak dauzkala, baina planteatzea bera bada aurrerapausoa eta unibertsitateek eta eskolek elkarlana egin dezakegula uste dut. Guk gure fakultatean garrantzi handia ematen diegu eskolekin egiten ditugun proiektuei, horietatik aktibatu baitaitezke horrelako prozesuak.

Egingarria da unibertsitateen eta eskolen arteko elkarlana?

Bai, egingarria da. Guk une honetan eskolekin lan handia egiten dugu, oraintxe 47 proiektu ditugu martxan gai desberdinen bueltan, baina beti begirada sistemiko hori kontuan hartuta. Gure eredua ez da errezeta bat ematea, zentroak ahalduntzeko prozesuak aktibatzen ditugu.

Ahalduntzea, boladan dagoen hitza. Hezkuntza sistemaren helburua ahaldundutako herritarrak sortzea al da?

Hezkuntza sistemaren baitako berrikuntza prozesu gehienetan pertsona dago erdigunean, pertsonengan ardaztutako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak definitzen dira. Baina zer ezaugarri ditu pertsona horrek? 2014-2015 ikasturtean berrikuntza prozesu bat abiatu genuen eta bertan definitu genuen guretzako etorkizuneko irakasleek edo komunikatzaileek izan behar dituzten ezaugarri pertsonalak: Sortzailea eta eraldatzailea; testuinguruan errotua; euskalduna, baina begirada globala duena; ziurgabetasuna eta frustrazioa kudeatzen dakiena; lanbidearekiko konprometitua... badauzkagu definituta zenbait ezaugarri eta ulertzen dugu gaitasun horiek lantzen dituzten profesionalak gai izango direla aipatu ditugun berrikuntza prozesu horiek martxan jartzeko.

Baina etorkizuneko irakasle onak prestatzeak ez du erabat ziurtatzen hezkuntza sistemaren kalitatea. Zer zulo ikusten dizkiozu egungoari?

Egoera oso desberdinak daude eskolatik eskolara. Hobetu beharrekoa ikusten dut, adibidez, irakasleen ezegonkortasuna. Mugimendu handia baldin badago zaila da hezkuntza komunitate baten proiektuaren apropiazioa egitea eta hor ekarpenak egitea. Irakasleen egonkortasuna bermatzeak hobekuntza nabaria ekarriko lukeela uste dut. Ikasleak, komunitatea, testuingurua, gurasoak... ezagutzen dituzunean errazagoa da proiektua garatzeko estrategiak aktibatzea, inplikazioa areagotzea eta proiektuaren parte sentitzea.

Hezkuntza digitalak etengabeko formakuntza ere eskatzen du, ezta?

Pandemiak ekarri du begirada berri hori. Testuinguru digitalerako gauza batzuk aldatzen dituzunean, aurrez aurrekora bueltatzean beste behar batzuk ikusten dituzu. Formazio nahi eta beharrak identifikatzeko behar horretan aldaketa bat egon dela uste dut eta horrek mugimendua sortuko du. Etengabeko formakuntzaren paradigma hori oso presente egongo da aurrerantzean, gauzak agudo aldatzen dira eta hori landu egin beharko dugu. Hor bi kontzeptu daude: batean, behar duzun horretarako gaitasun batzuk lantzen joaten zara eta, bestean, zure marko mentalean ulertzen duzu ikaskuntza bizitza osoko paradigma baten barruan kokatzen dela eta etengabean arituko zarela ikasten eta gaurkotzen. Orain arte lehenengo horretan egon garela uste dut eta orain biraketa bat eman da eta bizitza osoko ikasketa horren paradigmara gerturatu garela uste dut.

Eskola askotan pantailari itsatsiago egon dira, baina, aldi berean, burua altxatu dute eta ondoko basoa, zelaia, putzua erabiltzen hasi dira baliabide pedagogiko bezala.

Pandemiak ekarri duen beste gauza bat izan da gelako lau pareta horiek apurtu direla behingoz. Askotan aipatzen zen maila abstraktuan ikaste eta irakaste prozesuek gelako lau paretetatik irten behar zutela. Pandemiaren ondorioz lau pareta horiek gainditu dira; alde batetik, digitalizazioak paretarik ez daukalako eta, bestetik, espazio kontuak direla medio ikasgelatik atera garelako. Kontzeptualki beste espazio batzuk erabiltzen hasi gara, ulertuz ikasteko espazio naturalak direla. Hori ere positiboa izan da.

Digitalizazioa bai, baina nolakoa?

Digitalizazioa bai, baina osasuntsua eta jasangarria. Batzuek ez dute zaintza digitalik egin, baina beste batzuek haurrak bospasei ordu eduki dituzte pantaila batera konektatuta eta hori ez da ez jasangarria ez osasuntsua, ez umearentzat eta ez irakaslearentzat. Oreka horiek topatu behar dira.

Pandemiaren hasieran probak egitea normala da, baina segituan kontura zaitezke ikasleak lau orduz pantailari pegatuta egotea ez dela jasangarria. Arnasguneak definitu behar dira, pantailarik gabeko espazioak eta egitekoak, hausnarketarako uneak; geratu, joan beste espazio batera, utzi pantaila alboan eta egin egin beharrekoa, pentsatu, idatzi, nahi dena. Analogikoa eta digitala orekatzea garrantzitsua da. Digitalizazioa osasuntsua eta jasangarria izateko oreka horiek topatu behar ditugu. Langile bezala ere ez da osasungarria ordu luzeetan pantailari itsatsita egotea, bilera batetik bestera. Digitalizazioa bai, baina zer eta nola aztertu beharra dago.

Eskolaren funtzio sozialaren garrantzia ere bistaratu da.

Bai, finean izaki sozialak gara eta eskola gure harreman marko soziala eraikitzen hasteko espazio naturala da. Konturatu gara zein garrantzitsua den komunitate horren parte izatea eta hor egotea.

Eskolak begirada sozial horri garrantzia eman beharko lioke, ezta?

Irakaslearen eta eskolaren begirada garrantzitsua da; nola ulertzen den umea, bere garapena, bere beharrak eta komunitate osoak horretan egiten duen ekarpena. Horretaz ere konturatu gara eta ez bagara konturatu, badugu garaia. Eskolaren funtzioa bistaratu da eta horrek lotura dauka irakaslearen lanbidearen garrantzi eta beharrarekin. Uste dut konturatzen hasiak garela irakasle lanbideak ardura handia dakarrela eta sostengu sozial hori behar du ardura handiko lanbidea dela onartzeko.

Dekanoaren postua hartu berritan, zer marka utzi nahiko zenuke?

Huheziren historiaren parte izatea langile bezala eta bazkide bezala dagoeneko bada garrantzitsua. Nire egiteko moduengatik gogoratua izatea nahiko nuke. Nahiko prozesuzalea naiz eta gustatuko litzaidake egiteko moduengatik desberdintzea. Gustatzen zait kontrasteak egitea, jendea entzutea, entzute horretatik abiatzea eta pertsona desberdinek daukaten begirada horretatik eraikitzea, ez niretik. Begirada kolektibo horretatik eraiki nahi dut, ulertzen dudalako hau denona dela eta denon artean eman behar ditugula aurrerapausoak.