George Floyden omenezko elkarretaratzea egin dute igande honetan Bilbon

Urte bat bete da George Floyden heriotzarengatik protestak hasi zirela eta, haren omenez, Estatu espainoleko Komunitate Beltza, Afrikarra eta Afroondorengoak arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea egin zuen igande honetan Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.

Arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

2020eko ekainaren 6an, Euskal Herriko hiriburuetan eta Estatu espainoleko beste hiri batzuetan, Minneapoliseko poliziaren parte zen Derek Chauvinen esku hil zen George Floyden heriotza salatzeko kalera atera ziren milaka pertsona.

Urtebete geroago, Estatu espainoleko Komunitate Beltza, Afrikarra eta Afroondorengoak (EJSN) EAEn, George Floyden oroimenez, bizitza beltzak eta arrazakeriaren aurkako elkarretaratzea egin zuen igande honetan Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean.

Ecuador Etxeak jasotako ohar batean azaldu zutenez, «Espainiako komunitate beltzeko, afrikarreko eta afrikar ondorengoko pertsonek, Afrikako toki guztietatik eta munduko diaspora osotik etorritakoek, ijitoen herriko pertsonek, Abya Yalakoek, asiarrek eta arrazismoaren aurkako gainerako aliatuek, badakigu hilketa hori ez dela unean uneko kontua, baizik eta Estatu Batuetan pertsona beltzek jasaten duten indarkeria historiko eta estrukturalari erantzuten diola».

Bestalde, nabarmendu zuten «arrazakeria instituzional eta sozial anti-beltza» ez dela soilik AEBetan gertatzen. «Munduko hainbat lekutan ikusten dugu nola arrazismo instituzional eta sozialak bizitza beltzen aurka egiten duen, bai indarkeria fisiko eta ahozkoaren bidez, bai zeharka, menderatze ekonomiko, sozial, administratibo eta juridikoaren bidez», adierazi zuten.

Pandemiaren garai hauetan, covid-19ak eragindako osasun-krisiak egiturazko pobrezia, lan-esplotazioa eta aukera-falta areagotu dituela azaldu zuten. «Gorputz beltzen aurkako indarkeria justifikatzeko ez ezik, krisi honek gure komunitateak gogor jo ditu. Gure gorputz beltzak dira lanpostu prekarioenetan daudenak, osasungintzarako sarbidea ukatzen dietenak, baita auzo osasungaitzetan dauden etxebizitza txiroenetan sartzen direnak ere», azpimarratu zuten.

Estatu espainoleko eta munduko leku askotan ematen den egoera hau, pertsona beltzen «esklabotza, bahiketa eta merkataritza-aldiaren, kolonialismoaren eta neokolonialismoaren oinordetza» zuzena dela esan zuten.

«Gure jatorri afrikarra arazoa kontsideratzen da, arazoa, mendebaldeko nagusitasun zuria denean. Ideia hau, eurozentrismoa eta sistema kapitalista ardatz nagusi dituzten menderatze-logiketatik eratortzen da», azpimarratu zuten.

Hori guztia dela eta, «George Floyden hilketa arrazista, beste hainbat hilketekin lotu behar dugu. Mediterraneo itsasoan gure ahizpa eta anai-arreben heriotzekin». Zentzu horretan, Tarajalen  hildako 15 pertsona beltz gogoratu zituzten, banta Samba Martine, Lucrecia Pérez, Mame Mbaye, Yenny Sofia Rebollo kolonbiarraren eta Maureen Ada Otuya nigeriarraren heriotzak, 2013an Juan Carlos Aguilar shaolin monje faltsuaren esku.

Halaber, Elhadji Ndiaye senegaldarra gogoratu zuten, baita Bidasoa ibaiaren ondoan migrante eritrear baten gorpuaren topaketa. «Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak suizidio hipotesi bat baieztatu du eta ez du inolako ikerketarik abiatu», salatu zuten. Bestalde, dibertsitate funtzionala zuen gazte bati eta honen amari, Ertzaintzak eragindako «basakeria poliziala» salatu zuten.

«Hamarkadak daramatzagu Espainiako komunitate beltzeko, afrikarreko eta afrikar ondorengoko komunitateak bizi duen arrazakeria instituzionala eta soziala salatzen», salatu zuten. Ildo horretan, 2016an Estatu espainoleko arrazakeriari buruzko Afrikako eta Afrikako Jendarte Zibilaren Txostena gogoratu zuten,  Arraza-bereizkeria Desagerrarazteko Nazio Batuen Batzordeari igorri zitzaiola azalduz.

Hala ere, 2019tik 2021era bitartean, arrazakeria areagotu dela nabarmendu zuten, ‘Bajo Sospecha: Impacto de las prácticas policial discriminatorias en España’ eta ‘Racismo y xenofobia durante el Estado de Alarma en España’ txostenek erakusten duten bezala.

«Afroondorengo Hamarkada Espainian inplementatzeko Taldeak eta Rights International Spain (RIS) erakundeak egiaztatu dute diskriminazio-praktikek aurrera jarraitzen dutela, eta ez dagoela neurri instituzionalik Espainiako Estatuan hura uzteko», gaineratu zuten.