Idoia Eraso

Kalitatezko film asko, baina giro gutxi pandemia garaiko Fipadocen

Ohi bezala mundu osoko dokumental anitz eta interesgarriak ekarri ditu Fipadoc festibalak Biarritzera. Baina beste urteetan ez bezala, ostegunera arte luzatuko den jaialdian ez da hitzaldi eta aurkezpenik izango, ezta nazioarteko profesionalik ere, hori dela eta jende gutxi hurbildu da momentuz.

Laurent Cibien zuzendaria ‘Edouard, mon pote de droite, aux manettes’ filmea aurkezten Biarritzen. (FIPADOC)
Laurent Cibien zuzendaria ‘Edouard, mon pote de droite, aux manettes’ filmea aurkezten Biarritzen. (FIPADOC)

Larunbatetik eta ostegunera bitarte Biarritzeko bost gela ezberdinetan egun guztian zehar dokumentalak ikus daitezke ospatzen ari den Fipadoc jaialdiaren baitan, baina ohi ez bezala gelak aski hutsak ageri dira. Covid-19ari loturiko osasun neurriengatik nazioarteko profesionalak ezin izan dira etorri, eta aldi berean aurkezpen, hitzaldi eta mahai inguruak ere ez dira egiten ari.

Normalean, jaialdia urtarrilean ospatu ohi da, baina pandemia dela eta ekainera gibelatu egin behar izan da, eta garai honetako eguraldi ona ere ez da lagungarria jendea aretoetara hurbilarazteko.

Programazioa ohi bezain aberatsa bada ere, datuak argiak dira, irekiera ekitaldian normalean 1.400 pertsona bildu ohi dira Gare du Midi antzokian, eta jendea sartu ahal izan gabe gelditu ohi da. Aurten osasun neurriak direla eta 900 toki soilik baziren, baina kopuru horretara ez zen urrundik ere hurbildu 300 toki besterik ez baitziren bete. Aurreko arrazoiei gaineratu behar zaio, larunbatean Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais errubgi taldeen artean jokatu zen derby garrantzitsua.

Teknologia berrietako filmeak Smart sailean

Smart saila jaialdiko arrakastatsuena izan ohi da, bertan teknologia berrietaz baliatutako obrak ikusi baitaitezke. Hiru dimentsioetako kalitatezko filme berriak ikusteko eta esperimentatzeko parada eskaintzen du, urririk. Bertaratzeko hitzordua hartu behar da, eta normalean aitzinagotik egin behar da, jende anitz ibiltzen baita. Astelehen honetan aldiz, aulki eta 3D maskara libreak ziren nagusi.

Goi mailako obrak hautatuak dira beti bertan, eta beste tokietan ikusteko paradarik ez da izaten. Aurten ere horrela da, Ilargira eta Martera bidaidatu daiteke, baita Ponpeiako garai bateko hiri erromatarrera, eta garai bateko hiritik egungo aztarna arkeologikoetara salto egin daiteke gustura.

Smart obrak ikusteko tokia Bellevue jauregia da, normalean jaialdiko epizentroa izan ohi dena, bertako zinema gelarekin batera, aurkezpen, hitzaldi eta bilkura publikoak egin ohi baitira, bilgunea ere izan ohi da, bertan elkartzen direlako profesionalak. Baina aurten Smarteko obrak eta bertako gelako aurkezpenetarako soilik erabiltzen ari da, eta itxura nahiko goibela agertzen du. Harrera egiten duen emakumeak aurpegi tristearekin argiki adierazi du, 200 plazatik gorako gelan, 30 eta 40 pertsona artean biltzen ari dira aldiro.  

Ikusleak eta covid-19a

Filmeak deskubritzeko parada izatea Fipadoc interesgarri egiten duen ezaugarrietako bat bada, proiekzioetan egileen azalpenak entzutea eta galderak pausatzeko aukera izatea da jaialdia erakargarri egiten duenetako bat. Eta aurten kasu gehienetan ez da posible izaten ari.

Igandearekin jaialdiko filme izarretako bat den ‘El agente topo’ filme txiletarra proiektatu zen Gare du Midi antzoki handian. Dokumentaleko egilerik ez zenez hurbildu ahal izan, aurkezpenik ere ez zen egon bertan, jaialditik kanpo edozein zinema geletan ikusi ahal izanen litzatekeen bezala.

Mundu guztian zehar arrakasta handia bildu duen obrak, Biarritzen ere horrela izan zela suposa daiteke, izan ere txaloak izan ziren bukaeran, baina gelako aforoa urrundik betetzen ez zuen jendearen txaloak ohi baino laburragoak izan ziren.

‘Caminho longe’

Egilearen aurkezpena izan zuena ‘Caminho longe’ filme euskalduna izan zen. Larunbatean estreinatu zen lehen aldiz Ipar Euskal Herrian. Kasinoko gelan izan ziren Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariak, Alfontso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz protagonistak, baita Katti Pochelu produktorea ere.

Martinez zuzendaria taula gainera igo zen jaialdiko selekzio taldeko kide batekin, hastapenean obra aurkeztera, eta ondoren galderei erantzutera, horrela jaialdiko usaiazko giroa atzeman ahal izan zen. Filmeak harrera ona izan zuen, ikuslegoak parte hartu zuen galderak eta oharren bitartez. Beste emanaldietan baino jende dexente gehiago bildu bazen ere, gela ez zen urrundik ere bete.

Bertan, zuzenean derbiaren eragina sentitu ahal izan zen, Kasinoaren aitzinean emana baitzuen Herriko Etxeak Biarritzeko errugbi taldeko ‘Fan zone’ gunea. Osasun neurriak direla eta, tabernetan partida transmititzea debekatuta zegoenez, bi taldeetako udalek gune bereziak eman zituzten jarraitzaileak elkartu ahal izateko. Proiekzioa eta partida tenore berean izan zirenez, jende gehiago bazen kanpoan barruan baino.