Elkarrizketa
Jokin Etcheverria
Zuzendaria eta ekoizlea

«Webseriea telefonoarekin grabatu nuen, sekulako irudiak ateratzen ahal dira»

Jokin Etcheverria euskal zuzendari eta errealizatzailearen “Autoflow” webseriea Biarritzeko Fipadoc festibalean hautatua izan da, teknologia berriei eskaintzen zaion Smart sailan. Euskaraz egindako lanak kontzientzia ekologiko handia duten lau pertsonen bizia kontatzen du.

Jokin Etcheverria lapurtarraren lanak mundu guztian zehar zabaltzen ari dira. (JOK PRODUCTIONS)
Jokin Etcheverria lapurtarraren lanak mundu guztian zehar zabaltzen ari dira. (JOK PRODUCTIONS)

Proiektuz proiektu ari da Jokin Etcheverria, errealizatzaile moduan egin duen webserieak lau kapitulu dauzka, eta munduan zehar hainbat festibaletan ibili da, baita Bilboko Seriesland Web Fest Festivalen, eta errealizatzaileak jatorri duen Lapurdira itzuli da Fipadocen bitartez. Bitartean, beste proiektu bat du esku artean, baita ‘Akelarre’ eta ‘Nora’ filmetako produktore gisara ere.

Zer kontatzen duzu ‘Autoflow’ webseriean?
Webseriea muak.eus atarian aurkeztu da, eta badaude lau atal. Smartphone batekin grabatua izan da, lau ikuspegi ezberdin dituzten pertsonak ageri dira, baina badute puntu nahiko berdina, kokatzen dira beheraldiaren filosofian. Lau profil ezberdin dira, baina badute zerbait amankomunean dena, nola gauzak sortu, nola gauzak egin gauzak berrerabiliz.

Ane Miren kontorsionista da zirko batean, eta bizi da baserri txiki batean, urik eta argindarrik gabe. Gero bada Fermin, berak gauzak berrerabiltzen ditu, bideoan ikusten da kamioi bat errekuperatu duela, eta horrekin hozkailu bat egiten duela. Beste bat, Zuberoako gazte batzuk dira, egiten dituztenak kasketak eta txapelak hondakinekin eta beraien marka dute Owantshoozi. Azkena, Balu da, Euskal Herriko artista da Bartzelonan bizi dena, eta kartelak errekuperatzen ditu kalean, eta horiekin beste obra batzuk egiten ditu.

Telefono batekin grabatzea erabaki nuen, iruditzen zaidalako gaur egun dela manerarik hoberena transmititzen ahal direla mezuak baditugun gauzekin, eta horren adibidea da telefonoa, gaur egun jende gehienak baduelako. Sekulako irudiak ateratzen ahal dira, eta ekologikoa da horrekin grabatzea.

Nahi duzu kontzientzia ekologikoa garatu elkarrizketa hauen bitartez?
Hori da ideia, transmititzea ideia batzuk ekologiari begira. Ze baldin bada sektore bat non ez den sobera mintzatzen ekologiari buruz, mundu digitalean (beno orain gehiago) eta ikus-entzunean da. Esaten ahal da dela ekologia, eta gauzak nola egin manera xume eta sinple batean.

Ideia nondik etorri zitzaizun?
Jendea ezagutu nuenean etorri zitzaidan, Ane Miren eta Zuberoako diseinatzaileak elkarrizketatu nituen, eta pentsatu nuen, bazela manera ezberdin bat serie dokumentala hedatzeko, eta gero hasi nintzen lanean.

Zergatik webseriea?
Webseriak interneten erakusten dira, eta gure kasuan badugu webgune bat deitzen dena muak.eus non hedatzen ditugun eduki ezberdinak euskaraz, eta hor eman dugu, artikulu eta argazki gehigarriekin. Beste modu bat da gauzak egiteko, eta normalean ez dira telebistan pasatzen.

Beste modurik izan duzue webseria zabatzeko?
Zirkuito bat egin du festibaletan, munduan zehar aurkeztu izan da. 2020an izan zen Bilbao Seriesland Web Fest Festivalen, Kuala Lumpur Eco Film Festen, Cinephone Barcelona Smartphone Short Film Festivalen eta Festigious, Los Angeles, Monthly Film Competitionen.

Eta orain Fipadoc festibalean.
Smart sailean ez da beste filmik euskaraz, eta pozik proiektu xume bat delako, baina badituena balore oso globalak. Jok productions eta Media Attackekin egin dut, eta  Smart saila guretzat, oso toki ona da proiektua aurkezteko.

Beste proiekturik egin duzu webserieen munduan?
Oraingoan zuzendari moduan ez, baina ekoizle moduan serie bat deitzen dena ‘Puntu koma’ atera zena eitb.eus eta ETB1 ean eta geroztik saldua izan da Poloniako, Estatu Batuetako eta Frantziako gay telebistetan eta hori da beste adibide bat Euskal Herrian euskaraz egin den webseria saldua izan dena munduan zehar.

Gerora beste proiekturik baduzu eremu horretan?
Justu orain idazten ari gara beste zenbait proiektu. Batzuk muak.eus-en eta beste batzuk, beste sistema batzuetan emateko. Azken proiektua, ‘Eco fight’ urtarrilean aurkeztua izan behar zen, baina dena hetsia zen, eta ekainean aurkezten da, eta geroztik egin dugu beste serie bat muak.eus-ekin eta badakigu aurkeztuko dugula Apulia Web Festen, eta hasiko gara berriro. Serie berria konfinamendu garaian grabatu genuen, erdia nire garajean eta beste erdia estudio batean, eta hasiko gara festibaletan ematen.

Euskarari garrantzia ematen diozu zure lanetan?
Bai noski, orain ari gara ikusten fikzioan, zineman, gauza aski egiten ari direla euskaraz ibiltzen direnak munduan zehar.

‘Akelarre’ eta ‘Nora’ filmetan parte hartu duzu ekoizle bezala, eta orain Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean aurkeztuko dira.
Bai, badakigu emanen direla abuztu bukaeran eta irailean, eta aurrestrenaldiak izango dira Baionan Atalanten, Rencontres sur les Docks festibalean eta Donibane Lohizuneko Le Selecten ekainean. Egia da maiatzera arte dena hetsia izan dela, eta orain badirela 10.000 aktualitate kultura munduan, baina ekaina nahiko hilabete dinamikoa dela esango nuke

‘Akelarre’k arrakasta handia izan du, gainera Zinemaldian sekzio ofizialetan hautatua izan zen, eta bost Goya sari irabazi zituen. Aurre-estreinaldiak eta gero zein ibilbide eginen du Estatu frantsesean?
Dulac distribution Pariseko enpresa potenteak banatuko du, eta pozik gaude beraiekin filma ondo banatzeko Frantzian. Estreinaldia abuztuaren 25ean izango da, pixka bat goiz da jakiteko zenbat zinemetan erakutsia izanen den, baina badut konfiantza banatzaileari.