Belako eta Zetak MIN sarietan garaile

Euskal taldeek izendapen asko jaso zituzten eta haien presentzia zabala izan zen Burgosen bart egin zen sari banaketan. Izendapen guztietatik bitan izan ziren garaile euskal taldeak, urteko rock diskorik onenaren saria irabazi zuen Belakok eta Etxepare urteko euskal diskorik onenarena ZETAK taldeak.

Belako taldeak urteko rock disko onenaren saria eskuratu du MIN sarietan.
Belako taldeak urteko rock disko onenaren saria eskuratu du MIN sarietan.

Espainiar estatuko Musika independentearen sariak banatu ziren bart Burgosen eta euskal ordezkaritza zabala izan zen bertan. Hamahirugarren edizioa izan zen atzokoa eta ia kategoria guztietan izendapenen bat eskuratuta zuten euskal artistek.

Sei izendapen zituen Belakok eta haiek ziren sariren bat eskuratzeko aukera gehien zituztenak, eta baita eskuratu ere. Urteko rock disko onenaren saria eraman du Mungiako taldeak ‘Plastic drama’ lanarengatik. Kategoria berean zeuden izendatuta El Columpio Asesino nafarrak, Triangulo de Amor Bizarro, Los Enemigos eta Mujeres taldeak. Triangulo de Amor Bizarro talde galiziarra izan da gainera urteko disko onenaren saria eskuratu duena, hortaz, Belakoren meritua bikoitza dela esan daiteke.

Euskarazko musikak kategoria berezitua du eta Etxepare institutuak ematen duen saria, urteko euskarazko disko onenari ematen zaiona, ZETAK talde nafarrak irabazi du. Amorante, Gatibu, Liher eta Nøgen ziren kategoria horretako beste izendatuak, baina nafarren proposamenak eskuratu du saria ‘Zeinen ederra izango den’ diskoagatik. ‘Hitzeman’ kantua jo zuten ZETAK taldekoek Burgosko oholtzan, azken diskoan Oques Grasses taldekoekin batera eginiko abestia, euskaraz eta katalanez abestua.

Horrez gainera, aipatu Maitane Sebastián, La Bien Querida edota Sonakay taldeak ere izendatuen artean aurkitzen zirela, musika klasikoko disko onenaren kategorian, artista onenaren sarian eta urteko flamenko disko onenaren kategorian hurrenez hurren. Aipatu, baita ere, NAIZ Irratiko kolaboratzailea den Iker Bárbara epaimahaiko kide izan dela.

Gainerakoan sari gehien eskuratu zituen artista Delaporte izan zen, hiru sari eraman zituen Madrilgo proiektuak: artista onenaren saria, grabaketa elektroniko onenarena eta bideoklip onenarena. Bina sarirekin geratu ziren Rigoberta Bandini katalana (artista onena eta abesti onena) eta Triangulo de Amor Bizarro talde galiziarra (disko eta ekoizpen onena).