Haritz Larrañaga

Aldaketaren aldeko bozka berrestera deitu ditu hautesleak Hendaia-Hegoko EH Baik

Ekainaren 27an egingo diren hauteskunde departamentaletako bigarren itzuliari begira, «erronka biziki garrantzitsua» izango dela ohartarazi dute Hendaia, Urruña eta Biriatuko kantonamenduko ordezkariek, eta hautesleei deia luzatu diete, «aldaketa borondatea berretsi dezaten».

Claire Legardinier, Jérôme Teillary, Annie Poveda eta Iker Elizalde EH Baiko hautagaiak. (Guillaume FAUVEAU)
Claire Legardinier, Jérôme Teillary, Annie Poveda eta Iker Elizalde EH Baiko hautagaiak. (Guillaume FAUVEAU)

Urruña, Hendaia eta Biriatuko kantonamendua ordezkatuz EH Bai alderdiaren izenean aurkeztu diren Annie Poveda eta Iker Elizalde zerrendaburuek prentsaurrekoa eskaini dute, Claire Legardinier eta Jérôme Teillary ordezkoekin lagunduta. Hots, Hendaia-Hegoko itsasbazterreko kantonamenduan aldaketaren alde bozkatu zuten hautesleei haien hautua berresteko deia luzatu eta bozkatu ez zutenak aldaketaren alde bozkatzera gonbidatu dituzte.

Hauteskunde departamentaletako lehen itzulian 1.730 bozka eskuratu zituen EH Bairen hautagaitzak Urruña, Hendaia eta Biriatun, modu horretan kantonamenduko lehen indarra izan zelarik. Horregatik, alderdi abertzaleari bozka eman zioten herritar guztiei «eskerrak eta zorionak» eman dizkiete EH Baiko hautagaiek eta «emaitza horiek eguneroko lanaren ondorioa» direla nabarmendu dute.

Iker Elizalde zerrendaburuaren hitzetan, «bozkatzera joan direnen artean argi geratu da gauzak aldatzeko borondatea dagoela, baita gure kantonamenduan ere, emaitza hori urteetako lanaren fruitua da, eta bereziki egunerokoan udaletxean zein herriko elkarteetan lanean hari diren herritarren emaitza da».

Aitzitik, abstentzioa ere hizpide izan dute EH Baiko ordezkariek. «Abstentzioa handia izan zen, hiru hautesletik bik ez zuen bozkatu, eta hori kontuan hartzeko datua da, beraz Hendaia, Urruña eta Biriatuko bozken %29,31 eskuratu arren, abstentzioak apaltasunez mintzatzera behartzen gaitu», adierazi du Elizaldek.

Kanpainarako EH Baik hautatu zuen lelo nagusiari helduz, honako mezua igorri du Annie Povedak: «Gure lemak dio herrian duin bizi nahi dugula eta uste dugu lema horrek inoiz baino indar gehiago duela gaur, horregatik herrian duin bizi nahi duten guztiei bozkatzeko deia luzatzen diegu».

Ekainaren 27an egingo den hauteskunde departamentaletako bigaren itzulia «erronka biziki garrantzitsua» dela nabarmendu dute EH Baiko bozeramaileek eta, jakinarazi dutenez, hautatuak izatea lortzen badute Pirinio Atlantikoetako Departamenduan egin beharreko lanari denbora osoz helduko diote. «Ehuneko ehun engaiatuko gara, zeren ez dugu beste kargurik, guretzat garrantzitsua da hori azpimarratzea», azaldu du  Elizaldek.

Bost puntu nagusi

Hendaia-Hegoaldeko itsasbazterreko kantonamenduan EH Bairen izenean aurkeztu ziren zerrendaburuek haien programaren bost puntu nagusiak ekarri dituzte gogora. «Gure programako bost puntu nagusi oroitarazi nahi ditugu: sozial arloa, mugikortasuna, etxebizitza, garapen ekonomikoa eta ingurumenaren zainketa», nabarmendu du Elizaldek.

Gauzak honela, etxeko langileen baldintzak hobetu beharraz mintzatu dira. Haien hitzetan, «laguntzen dutenak lagundu nahi ditugu». Mugikortasunari dagokionean, AHT egitasmoaren kontrako jarrera irmoa dutela berretsi dute eta jadanik badiren tren sareak hobetzea proposatu dute. Horrekin batera, «espazio publikoaren banaketan, oinezkoentzat eta txirrindularientzat leku gehiago» izatea aldarrikatu dute, eta ildo beretik, BiriatuTxingudiko badiaren ibilbidearekin lotzeko proposamena luzatu dute.

Etxebizitzaren arazoa ere hizpide izan dute. «Etxebizitza eskuragarriak emendatzeko, batez ere gazteei begira», ohartarazi du Elizaldek, eta Hendaiako Orio auzoan gauzatzeko proiektuaren inguruko xehetasunak azaldu ditu. Garapen ekonomikoari dagokionean, Hendaiako portua optimizatzeko egitasmo bat osatu du EH Baik.

Ingurugiroarekin lotuta, «eremu natural bereziak babestu» behar dira EH Bairen iritziz, eta horrekin batera, mendietako suak ongi neurtzeko bitartekoak ezartzearen beharra nabarmendu dute, iazko otsailean Larun mendian izan ziren suteei erreferentzia eginez.

Azkenik, laborarien egitasmoekin bat egiten dutela adierazi dute, izan ere, EH Bairen esanetan, «elikadura burujabetzaren alde» urratsak eman behar dira.