Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Armak salgai: galderak egiteke edo eroslearen aurrekariak kontrolatuz

Iaz 300.000 salmenta debekatu ziren. AEBetan lizentziadun saltzaileei armak erosteko legalki posible duzun kontrolatzen da; Interneten edo azoketan erosteko, ez. Hor dago koska.

Chicagon trafiko eztabaida baten ondoren tiroz hil zituzten Gyovanni Arzuaga eta Yasmin Perez gazteak oroitzeko ekitaldia. (Scott OLSON | AFP)
Chicagon trafiko eztabaida baten ondoren tiroz hil zituzten Gyovanni Arzuaga eta Yasmin Perez gazteak oroitzeko ekitaldia. (Scott OLSON | AFP)

Ingelesez background check du grazia, eta arma erosleen aurrekarien kontrol sistema da. Iaz bakarrik 300.000 estatubatuarri eragotzi zion armak erostea. Hori da Everytown for Gun Safety armen kontrolerako elkarteak Informazio Askatasunerako Legearen bidez lortu eta publiko egin duen FBIren barne ikerketa batek dioena. Aurrekarien kontrola pasa ez zutenen %40 aurretik delitu biolentoengatik zigortutakoak zirela jakin da, baita 300.000 inoiz eman den daturik altuena dela ere. Are, 2019tik bikoiztu egin da kopurua. Aipatu kontrol sistemak, 1994tik, ia lau milioi armen salmenta ilegala eragotzi du AEBetan. Baina, jakina, demontrea ere erakusten du: arma salmentak disparatzean, hori gertatzen dela, arma bat edukitzea debekatuta dutenen erosketa saioak ere disparatu egiten direla.

AEBak eta armak, armak eta AEBak, ertz asko dituen gaia da. Erriflearen inguruan eraiki duten historia eta sinbolismotik hasita gaurko datu gordinetaraino. Broma gutxi. AEBetan hiltzen diren haur eta nerabeen heriotza kausa nagusia dira armak. Trafiko istripuetan hildakoak baino gehiago dira. Urtero mila pertsonatik gora hiltzen ditu tirokatuta Poliziak. Afro-amerikarra bazara polizia batek tirokatuta hiltzeko hiru aldiz aukera gehiago dituzu. Eta gaurtik biharrera, egunero bezala, ehun estatubatuar baino gehiago hilko dira balek zulatuta.

Everytown for Gun Safety elkartearen arabera, background check edo aurrekarien kontrol sistemak armen biolentzia prebenitzeko estrategia ulergarri baten oinarri izan behar du. Nahitaezkoa da. Eta egia da: lege federalak behartzen du arma saltzaile lizentziadun oro erosle batek arma bat erosi behar dion bakoitzean aurrekarien kontrola egitera datu-base federaletan. Erosleak armak izatea ez duela debekatuta ziurtatu behar du saltzaileak arma saldu aurretik.

Baina egia-erdia ere bada: lege federalak lizentzia ez duen saltzaile bati arma erostean ez duelako behartzen kontrola. Eta, jakina, Interneten lizentzia ez duten arma saltzaile pila bat daude, eta familia barruan arma pila saldu eta erosten dira, eta herrialdean egiten diren arma erakusketa eta azoketan berdin. Arma horiek guztiak kontrol guztiak saltatuz saltzen dira. Eta hori gutxi ez balitz, saltzaile lizentziadunaren kontrol eskaerari hiru egunetan gobernuko agentziek erantzuten ez badiote, kontrolik gabe saldu ahalko ditu armok, galderak egiteke.

Zulo handi eta hilgarria

Everytown for Gun Safety elkarteak bezala armen biolentziaren kausak ulertu eta txikiagotzeko bideak jorratu, eta zentzuzko segurtasun publikoaren aldeko legeekin biziak salbatu eta armen biolentzia txikiagotu daitezkeela uste dutenenentzat, legearen sarean zulo handia eta hilgarria da azaldutakoa. Arrain asko eskapatzen dira bertatik. Legearen hutsune horrek posible egiten du delitu larriak egin dituzten herritarrek, edo genero biolentziagatik urruntze aginduak dituztenek, edo buruko eritasunak dituztenek, armak erostea, inork inolako galdera edo kontrolik egin gabe gainera.

Eta zuloa ixten ez den neurrian, arma saltzaileen lizentziaren arabera soilik egiaztatzen badira erosleen aurrekariak, eta horren arabera bakarrik, dena bada libre arma azoketan edo online, aterabide errazik ez dago. Baina ez Everytown for Gun Safety elkarteak ez eta armen biolentziak hildakoen amen elkarteek ere, ez dute amore ematen. Are, Joe Biden presidente denetik aukera leiho bat zabaldu dela ulertu dute. Badakite zulo hori ixteko lobby lana egin behar dutela, segurtasun publikoa lehenetsi behar dela uste dutenen babesa jasoz. Zulo hilgarri hori itxi egin behar delako. Hori egiteak biziak salbatzen dituelako. Everytown for Gun Safety elkartearen datuen arabera, estatubatuarren %90 bat datoz horrekin. Eta argi dago elkartearentzat: aurrekarien kontrol sistema arma guztietarako ezartzeak arma trafikoa gutxitzen du, homizidio tasak txikiagotzen ditu eta gutxiagok egiten dute armekin beren buruaz beste.

«Tori zure arma»

Jakina da armen biolentziari eta kontrol ezari aurre egiteko saio txikienak ere erantzuna duela AEBetan, Erriflearen Elkarte Nazionalak (NRA ingelesezko siglekin) eta bere morroiek aldaketa zentzuzkoena ere oztopatzen dutela. Egia da ere, NRA, instituzio bezala, soken kontra dagoela, kolpe asko hartzen ari dela: iruzurra egiteagatik elkartea desegitea eskatu du New Yorkeko fiskal nagusiak, diru-emaile handiak matxinatu egin dira, disidenteek boterea lortzeko kolpe bat antolatu dute, elkartea bere kanpo harremanetarako agentziarekin borrokan da auzitegietan... Bai, Kongresuan indarra badu, baina ez garai batekoa.

Eta, gainera, orain Biden dago agintean, hitzez behintzat aspalditik armen kontrolaren aldekoa. Eta alderdi demokrata lege erreformaren alde dago eta publikoki esan du. Teorian behintzat, ematen du orain dela momentua gauzak aurreratzeko. NRA hor egongo da, beti bezala, aurrez aurre. Baina badirudi azkenean aurrekarien kontrol sistemaren zuloak tapatzeko legediak indarra har dezakeela, trakzio handia lortu, armen aldeko lobbyek ezarri ohi dituzten topeak altxatzeraino.

Estatubatuar gehienak alde daude, armen aldeko errepublikano asko barne. Internet bidez armak kontrolik gabe erostea, edo edozein hiriko arma azoka batean, legalki armak izaterik ez dutenen eskuetara armak iristeko barra librea da. Legeak, azken finean, «edonola ere, tori zure arma» esatea da, edo bai behintzat askok horrela ulertzea.