NAIZ

Dariel Garcia Rivera ezker hegalekoa da Bidasoa-Irungo laugarren fitxaketa

C.D. Bidasoa eta Dariel Garcia Rivera (Santiago de Cuba, 1996/12/31) aurre-akordio batera iritsi dira, eta ezker hegalekoak Irungo taldean jokatuko du datorren denboraldian, Ander Ugarte, Victor Rodriguez eta Adrian Fernandez fitxaketa berriekin batera.

Dariel Garcia Rivera Bidasoa-Irunek udara honetan egin duen laugarren fitxaketa da. (CD BIDASOA)
Dariel Garcia Rivera Bidasoa-Irunek udara honetan egin duen laugarren fitxaketa da. (CD BIDASOA)

Udara aurrera doan heinean, Bidasoa-Irun datorren denboraldirako taldea osatzen dihardu. Ostiral honetan jakinarazi duenez, aurre-akordio batera iritsi da Dariel Garcia Rivera ezker hegaleko kubatarrarekin datorren denboraldian Irunen jokatzeko.

Kubatarra (197 zentimetro, 93 kilo) Quabit Guadalajara taldetik dator. 2018-19an, Logroño La Riojaren eskutik Asobal Ligara etorri zenetik, 63 neurketa jokatu eta 151 gol sartu ditu (2,4 tanto batez beste).

Garcia Rivera taldeak egin duen laugarren fitxaketa da. Azken asteetan beste hiru jokalariren etorrera jakinarazi du: Ander Ugarte, Victor Rodriguez eta Adrian Fernandez. Gainera, Iñaki Cavero etxeko jokalariak urtebete berritu du kontratua.

Aurredenboraldia abuztuaren 2an hasiko da

Bestalde, Bidasoa Irunen 2021/2022 aurredenboraldia datorren abuztuaren 2an hasiko da, astelehenez, Artaleku kiroldegian. Denboraldi ofiziala irailaren 11-12ko asteburuan hasi aurretik sei lan-aste izango ditu taldeak, eta tarte horretan gutxienez zortzi lagunarteko jokatuko ditu.

Behin joan den ekainaren 5ean denboraldia normaltasun puntu batekin amaituta, kirol arloari dagokionez behintzat, ohiko atseden denbora izango du lehen taldeak, abuztu hasieran ekingo dio lanari.

Lagunartekoak abuztuaren 13an hasiko dira, ohiko Hondarribiko hitzorduarekin. Aurkaria Lidl Starligueko seigarren sailkatua izango da, Fenix Toulouse. Hurrengo egunean, eta EHF European League ere jokatuko duen aurkari berdinaren aurka, bidasotarrek Orioko bidea hartuko dute Karela Kiroldegian jokatzeko.

Egiako XXVI. Nazioarteko Txapelketa –abuztuaren 20 eta 21ean–, 2020-21 Euskal Kopako finala –abuztuaren 27an, Errenterian, Ereintza Aguaplast taldearen aurka– eta Billere Handball Pau Pyrenees taldearen aurkako hitzorduak –Irailaren 3an, Artalekun– daude, besteak beste, Jacobo Cuetararen taldeak dituen aurredenboraldiko hitzordu garrantzitsuen artean.

Taldea beste bi hitzordu ixtear dago: abuztuaren 28an eta irailak 4ean. Neurketa hauek jokatuko diren hiriak eta aurredenboraldi osoko ordutegiak eta ikusleen inguruko xehetasunak eta datak hurbildu ahala jakinaraziko dira.