Asier Aiestaran

Lau bikotek hartuko dute parte egutegira itzuli den binakako San Fermin Torneoan

Olaizola II-Mariezkurrena II eta Urrutikoetxea-Albisu izango dira uztailaren 8an Baikoren finalerdia jokatuko duten bikoteak. Asperena egun bat beranduago iritsiko da: Ezkurdia-Martija / Peio Etxeberria-Zabaleta. Finala uztailaren 11an da eta Jokin Altuna bezperako desafiorako utzi dute.

Aurkezpena gaur egin dute Caixabanken bulegoetan (BAIKO)
Aurkezpena gaur egin dute Caixabanken bulegoetan (BAIKO)

Iaz jokatu gabe geratu ondoren, esku pilotako binakako San Fermin Torneoa aurten itzuliko da Labritera eta feriaren xehetasun guztiak gaur aurkeztu dituzte Iruñean. Lau bikotek hartuko dute parte torneo horretan eta desafio bat ere jokatuko dute Aspe eta Baikoren artean.

Jakina zen moduan, Nafarroako Lau eta Erdiko finalarekin hasiko da pilota ikuskizuna Iruñean. Ohiturari eutsiz, final hori San Fermin egunean jokatuko da (datorren asteazkena) eguerdiko ordutegian. jaialdia 11.30ean hasiko da eta finala bigarren partida izango da. Jaialdia irekiko duen dema ere erabakita dago: Bengoetxea VI-Aranguren / Elezkano II-Ladis Galarza.

Binakako torneoa egun bat beranduago hasiko da, uztailaren 8an (osteguna), Baikoko ordezkariek jokatuko duten lehen finalerdiarekin: Olaizola II-Mariezkurrena II / Urrutikoetxea-Albisu. Jaialdia 22.15etan hasiko da eta ez du ETBk eskainiko.

Bigarren finalerdia, Aspeko pilotariak protagonista izango dituena, uztailaren 9an (ostirala) jokatuko da, gauez hau ere: Ezkurdia-Martija / Peio Etxeberria-Zabaleta. Bi irabazleek uztailaren 11an (igandea) jokatuko dute finala. Jaialdi hori 17.30ean hasiko da.

Aurrez, uztailaren 10ean (larunbata) Urzante Desafioa jokatuko da bi enpresen artean aurreko urteetan egin ohi zen moduan. Lau eta erdian Danel Elezkano eta Asier Agirre neurtuko dira; binaka Altuna III-Tolosa eta Bengoetxea VI-Imaz; eta buruz buru kantxa osoan Beñat Rezusta eta Unai Laso.

Jaialdi horietarako sarrerak gaur bertan ipiniko dira salgai entradasfronton.com wegbunean.