Asier AIESTARAN

Ez zaizkie puntako aurkariak faltako Orio eta Santurtzi faborito nagusiei

Urte osoko lan isilaren ostean, gaur ekingo diote denboraldiari maila nagusiko 16 traineruek. Gipuzkoako Txapelketa aperitibo ederra izan zen arren, benetako lehia Coruñako bi estropadekin hasiko da. Oriok eta Santurtzik talde indartsuak dituzte iazkoa errepikatzeko, baina uretan erakutsi beharko.

Traineru estropaden bi maila nagusiak, gizonezkoen Eusko Label Liga eta emakumezkoen Euskotren Liga, gaur hasiko dira Galiziako uretan, Cidade da Coruña banderen lehen jardunaldiarekin (17.40, ETB1). Lehiari hasiera Euskotren Ligako lau ontziek emango diote –Orio, Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia–, eta ondoren gizonezkoek egingo dute arraun, aurkezpen egunean egindako txanda zozketari jarraituz: lehen txandan Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Bermeo irtengo dira; bigarrenean, Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzi; hirugarrenean, Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautz.

Gizonezkoen egutegiak 20 estropada ditu eta Santurtzi izango da iaz lortu zuen garaipena errepikatzeko faborito nagusia. Bizkaitarrek azken urteetan egindako apustu indartsuak bere fruitua jaso zuen iaz, eta badirudi aurten ere punta-puntan ibiliko direla. Taldea ez dute askorik aldatu: arraunlari on batzuek alde egin duten arren (Adrian Gonzalez, Iker Pascual eta Miguel Angel Ruiz, esaterako) fitxaketa esanguratsuak ere egin dituzte, aipagarriena seguruenik, Gorka Aranberri patroia, Asier Zurinaga ordezkatuz.

Taldearen indarra argi geratu da udaberriko lehiaketetan; izan ere, santurtziarrek sekulako lorpena sinatu dute: Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak irabazi dituzte bateletan nahiz trainerilletan. Ikusi egin beharko da nagusitasun hori traineru denboraldian ere berdin errepikatzen den.

Sailkapen nagusian santurtziarrei aurre egiten saiatuko diren traineruen artean bost aipa daitezke, batzuk besteek baino aukera gehiagorekin, eta denen buruan Hondarribia agertzen da. Gipuzkoarrek 2015ean irabazi zuten Liga azkeneko aldiz, baina ondorengo edizio guztietan bigarren amaitu dute, eta azken hiru urteetan Kontxa ere irabazi dute.

Mikel Orbañanosek iazko blokeari eutsiko dio kasik aldaketarik gabe. Talde utzi duten lau arraunlarien artean Julen Castrillon aipatu behar da, gizon oso garrantzitsua azken urteotan, baina aurpegi berrien artean ere bada bat benetan nabarmentzekoa, Zarautzen entrenatzaile lanetan aritu ostean Hondarribira itzultzea erabaki duen Gari Uranga. Gainera, urtero legez, oso indartsu iritsiko dira denboraldi hasierara, halaxe erakutsi baitute berriki irabazi dituzten Lekeitioko estropadan eta Gipuzkoako Txapelketan.

Garaipenen eta ohorezko txandaren borrokan egon beharko lukete bi horiekin batera Bermeok, Oriok, Zierbenak eta Donostiarrak –iaz ordena horretan amaitu zuten sailkapenean–. Orokorrean, iazko blokeekin alderatuta ez dago aldaketa izugarririk, entrenatzaileak ere berberak dira, nahiz eta talde bakoitzak bere pausotxoa eman nahi izan duen norabide batean edo bestean hobetzen saiatzeko.

Ligako beste hiru euskal ordezkarien helburu nagusia mailari eustea izango da. Ondarroak, esaterako, urte on batzuen ostean dezente sufritu zuen iaz eta aurten ere aldaketa dezente egin ditu taldean. Izenak ikusita ez luke arazo handirik izan beharko sailkapenaren erdialdera inguratzeko, baina aldeak oso txikiak izaten dira.

Isuntzaren eta Zarautzen kasuan are argiago dago helburua. Bi taldeek etxeko jendearekin jarraitzen dute lanean eta gorengo mailan egotea ez da gutxi. Lekeitiarrek azken urteetako proiektuari jarraipena ematearen abantaila dute, Osertz Aldayren esanetara; zarauztarrek, aldiz, entrenatzaile berria, Asier Puertas, eta aldaketa garrantzitsuak dituzte.

Parekotasun gehiago?

Euskotren Ligaren egutegia 12 jardunaldik osatzen dute eta Orio azken bi urteetan lortutako garaipena errepikatzen saiatuko da. Azken asteetan egindako adierazpenetan behin eta berriro errepikatu dute protagonistek lau traineruen arteko parekotasuna iaz baino handiagoa izango dela eta banderak gehiago banatuko direla. Horren erakusgarri izan liteke Gipuzkoako Txapelketan Arraun Lagunek lortutako garaipena. Iaz gehienetan hirugarren egin zuen ontziak alde ederrak aterata irabazi zuen: 6 segundo Oriori, 9 Hondarribiari eta 20 Donostiarrari. Baina beste aldekoak ere aurki daitezke: Lekeition, esaterako, Oriok iazko bidetik irabazi zuen, Donostiarra 9 segundora utziz, Hondarribia 13ra eta Arraun Lagunak 27ra.

Aldaketei dagokienez, gorabehera handienak Donostiarrak izan ditu, batez ere Maialen Arrazola entrenatzaile eta arraunlariak taldea utzi zuelako eta Jose Ramon Mendizabalek hartu duelako taldearen ardura.