NAIZ

Baskoniak kolpe bat eman du merkatuan Wade Baldwin IV.aren fitxaketarekin

Baskoniak datorren denboraldira begirako laugarren fitxaketa iragarri du eta merkatuan indartsu dagoela erakutsi du. Wade Baldwin IV.a Bayern Munichetik iritsiko da Gasteizera pasa den denboraldian Euroligan gehien nabarmendu zuen joko antolatzailea izan ostean. 

Wade Baldwin IV.a Olympiacos taldearen aurkako neurketan. (EUROLEAGUE)
Wade Baldwin IV.a Olympiacos taldearen aurkako neurketan. (EUROLEAGUE)

Baskoniak kolpe bat eman du merkatuan, Wade Baldwin IV.aren fitxaketa iragarriz. Europako jokalaririk kotizatuenetako da estatubatuarra, azken denboraldi honetan Euroligan gehien nabarmendu den jokalarietariko bat, alegia. 

Fisiko indartsuko 25 urteko joko zuzendariaren kalitatea Bayern Munichetik dator Gasteizera. 

Gainera, talde alemaniarraren saskiratzaile nagusia eta asistentzia gehien eman dituen jokalaria izan da: 15,3 puntu, 4 asistentzia eta 2,7 erreboteko batez bestekoarekin Euroligan; eta 12,3 puntu, 4 asistentzia eta 2,5 erreboteko batez bestekoarekin Alemaniako ligan.

New Jerseyn jaiotakoa eta Vanderbilt unibertsitatean hezia, 2016ko NBAko draft-ean lehen txandan aukeratua izan zen. 

NBAn Memphis Grizzlies, Portland Trail Blazers eta Toronto Raptors taldeetan aritu ondoren, duela bi denboraldi Europara egin zuen jauzi. Greziako Olympiacos taldean aritu zen lehendabizi eta iaz Bayern Munich talde alemaniarrean lehertu zuen bere potentziala.

Wade Baldwin Baskoniako erreferenteetako bat izatea aurreikusten da. Talde gasteiztarrak iragartzen duen laugarren fitxaketa da, Matt Costello estatubatuarra, Vanja Marinkovic serbiarra eta Simone Fontecchio italiarraren ondotik.