NAIZ

Kyle Mallers hegal postua sendotzeko jokalaria fitxatu du Acunsa Gipuzkoa Basketek

Kyle Mallers (Indiana, 1997) hegal amerikarra Acunsa Gipuzkoa Basketera iritsiko da denboraldi baterako. Klubak prentsa ohar baten bidez azpimarratu duenez, espediente akademiko «nabarmena» duen jokalaria da.

Kyle Mallers Acunsa Gipuzkoa Basketeko azken fitxaketa da. (ACUNSA GIPUZKOA BASKET)
Kyle Mallers Acunsa Gipuzkoa Basketeko azken fitxaketa da. (ACUNSA GIPUZKOA BASKET)

Acunsa gipuzkoa Basketek badu jada hegal postua sendotzeko jokalari aproposa. Bere izena Kyle Mallers da eta denboraldi baterako iritsiko da Donostiara.

Ball Stateko unibertsitatean hezita, 2016. urtetik 2020. urtera bitartean, NCAAko unibertsitate-taldean jokatu zuen. Emaitza handiekin, garatuz joan zen denboraldietan, eta azken urtean taldearen partida guztiak jokatu zituen, 8,5 puntu, eta 4,1 errebote batez beste lortu zituen eta hirukoen batez besteko asmatzea %38,1ekoa izan zen.

Unibertsitate-etapa amaitzean, karrera profesionala Europan jarraitzeko aukera sortu zitzaion. Orduan Portugalgo lehen mailara iritsi zen S.C. Lusitania Expert-i esker. Azken denboraldian jokatu diren partidetan, batez beste 14,8 puntu, 6,3 errebote eta 1,3 asistentzia lortu ditu, eta %45eko asmatzea izan du 6,75etik.

GBCk prentsa ohar baten bidez azpimarratu duenez, espediente akademiko «nabarmena» duen jokalaria da, eta jokalaria «oso azkarra» dela erakusten du, bai kantxan bai kanpoan. «Klubak apustu handia egin du, liga handietan garatzeko gaitasuna duen jokalaria dela uste baitu», adierazi du talde donostiarrak.

Kyle Mallersek beste jokalari berri batzuekin egingo du topo GBCn, hala nola, Ander Martinez hegalekoa, Aitor Zubizarreta azpeitiarra eta Xabi Beraza errenteriarra, baina baita Lolo Encinas entrenatzaile berriarekin ere