Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Irune Costumero: «Ebazpena beste amei egindako ohartarazpen bat da»»

Bere egoeran dauden beste amei egindako «ohartarazpen» bat izan da Bizkaiko Entzutegiaren ebazpena, Irune Costumeroren ustetan. NAIZi egindako adierazpenetan, errekurtsoa aurkeztuko duela iragarri du: «Legea eskuetan jarraituko dugu borrokan patriarkatuak duen sistema honen aurka».

Irune Costumerok borrokan jarraitzeko asmoa du. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Irune Costumerok borrokan jarraitzeko asmoa du. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Bizkaiko Entzutegiaren bigarren aretoak atzo aditzera eman zuen ebazpenak oporretan harrapatu du Irune Costumero. Azken lau urteetan alabatxoarekin egin ahal izan dituen lehen oporretan, alegia. Bizkaiko Diputazioko lau langile eta goi karguren inguruko absoluzioaren ebazpena errekurrituko du, aipatu duenez: «Jarraituko dugu aurrera, egiak bide bakarra duelako».

«Harrigarria iruditzen zaidana da Nazioarteko Emakumearen Indarkeria Guztien Aurkako Errelatoreak Espainiari argibideak eskatu zizkiola SAP erabiltzeagatik [GAS, gurasoen alienazio sindromea], kezkatuta zegoelako nire alabaren eta nire aurka erabiltzen zelako. Eta harrigarria da gero Bilboko epaitegiak esan duela dena ondo egon zela».

Ebazpenaren lerroetan irakur daiteke, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundia «behartuta zegoela» Irune Costumerori haurra kentzera, Osakidetza, epaitegiak eta aurretik zeuden txosten guztiek hori eskatzen ziotelako.

Epaitegiak absoluziora jo du, erabatekoa. «Hori oso larria da, giza eskubideen kontrako urraketa ikaragarria –Irune Costumeroren esanetan–. Indarkeria eta tortura instituzionala terriblea izan da nire alabaren eta nire kontra. Uste dut hau ere ‘aviso a navegantes’ bat izan daitekeela, beste ama guztiak ez salatzera bultzatzeko egindako ebazpena. Hori egin nahi izan dutela pentsatzen dut».

«Oso larria izan da egin dutena», jarraitu du, baina argi du ere «ez nagoela bakarrik». Beraz, «legea eskuetan jarraituko dugu borrokan patriarkatuak duen sistema honen aurka. Zeren hau guztia patriarkatuak sortu duen sistema da. Eta ez da zilegi modu honetan umetxoak torturatzea».

Costumerok Nazioarteko Emakumearen Indarkeria Guztien Aurkako Errelatoreari bidaliko dio ebazpena, era berean, ea Estatu espainiarreko eta nazioarteko ordenamendu juridikoekin bat ote datorren.

«Gobernuak ez die umeei entzuten eta euren amengandik arrankatzen ditu gupidarik gabe, existitzen ez den sindrome bat leporatzen», Irune Costumeroren ustetan.