Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Utopiarik gabeko iraultza?

Gustatu ala ez, inteligentzia artifizialak dena irauliko du urte gutxitan. Medikuntza, aisia, lanpostuak, garraioa, den-dena. Estimatu ala beldur izan behar diogu? Distopia ez beste horizonterik ez da ageri?

Inteligentzia artifiziala dena iraultzen ari da.
Inteligentzia artifiziala dena iraultzen ari da.

Kezkatuta egoteko motiboak ezin dira ezkutatu. Gizartean disruptiboa izango den indarra itzela da. Adimen Artifizialaren (AA) teknologiak eta sistema inteligenteak iraultzarako dei eginez datoz, gero eta azkarrago; gero eta aurreratuago daude, produktu eta tresna berriak nahi beste eta noranahikoak egiten dira eta egingo dira. Badirudi iraultza honek distopia ekarriko duela nahitaez. Beldurra eta kezka existentziala. Eta hori pentsatzeko arrazoiak badaude; egon litezke, bai.

Gizartean astindu itzela ekarriko duela begi bistakoa da, bi arrazoirengatik batez ere. Bat: lanpostuen etorkizuna definituko du. Egungo norabidean jarraituz gero, automatizazioak dena hartuko du eta giza produktibitatean ez da inbertituko, zenbat eta aurrerakuntza gehiago, orduan eta langile gehiago kanporatuta. Hala, aukera berriak sortzeko orduan kale egiten du eta produktibitatea hobetzeko dauzkan potentzial asko galdu egiten dira. Eta bi: demokrazia eta askatasunak hondatu ditzake.

Norabide bakoitza da kezkagarria, eta biak batera zitalak dira. Kontua ez da bakarrik oparotasun partekatuak eta parte-hartze politikoak elkar indartzen dutela; biak dira gizarte moderno baten bizkarrezur. Okerrago oraindik, demokrazia ahul batekin ezin dira formulatu lan merkatu zail batentzat soluzioak, ezta AAk banaketarako dauzkan ahalmen eta potentzialak ere. Eta koronabirusarekin, okerrera joan da dena. Etxeratze aginduak, distantzia sozialak eta langileek birusa harrapatzeko arriskuak beste bultzada bat eman diote automatizazioari; enpresa gehienak beren automatizazioari beste martxa bat emateko planak egiten ari dira.

Baina hemen ez dago saihetsezina den ezer. Patua ez dago idatzia, distopia ez da etorkizun bakarra, Adimen Artifizialaren garapenaren norabidea ez dago predeterminatua. Posible izateagatik badelako posible AA bideratzea giza produktibitatea handitzeko edo lanpostuak sortzeko, oparotasuna banatzeko edo askatasun demokratikoak zaindu eta indartzeko. Hori guztia, jakina, baldin eta ikuspegi batzuk aldatzen badira. Ikerkuntza bide produktiboagoetara birbideratzeko, erregulazioaz eta finantziazioaz hitz egin behar da, ikerketaren arau eta lehentasunen inguruan, hala nola aplikazioen ikuskapen sozialaz.

Iragana irakasgai

II. Mundu Gerraren ondorengo aroa aldaketa ekonomiko eta sozial askoren lekuko izan zen. Lehen hiru hamarkadetan, giza produktibitatea handitu eta langileak babesten zituzten lan merkatuaren hainbat instituzio indartu ziren. Agian hamarkada haiek izan ziren Europan eta AEBetan hazkunde ekonomikoan eta kohesio sozialean ezagutu diren onenak; emankorrenak behintzat bai. Hazkundea ez zen bakarrik azkarra izan, nahiko partekatua ere izan zen. Soldatak igo egin ziren. Arazo politiko latzak egon ziren, herrialde batzuetan besteetan baino latzagoak, baina, oro har, demokrazia itxurako politikak funtzionatu egin zuen, nolabaiteko harmonia zegoen: jende askorentzat sistema ekonomikoak on egiten zion, gobernantzan ahotsa bazuela pentsatzen zuen.

Egoera honen sorreran teknologiak garrantzia izan zuen. Lanaren eskaria handitu egin zen, nekazaritzaren mekanizazioa etorri zen, traktore eta uzta makinek beso, sega eta aitzurren tokia hartu zuten. Horrek deslokalizazio itzela eragin zuen, populazio osoen desplazamenduak, baina mekanizazio horrek gizakientzat lan, funtzio eta aktibitate berriak ezarri zituen.

Nekazaritzaren mekanizazioari industriaren automatizazio azkarrak eman zion segida. Apurka, automatizazioak eta aurrerakuntza teknologikoek, lan eta funtzio berriak ekarri zituzten. Egungo herrialde industrializatuetako lanpostu gehienak ez ziren existitzen Marxek edo Keynesek idatzi zutenean. Osasungintzan, komunikazioan, aisian eta entretenimenduan, diseinuan, lan administratiboan… ez da bakarrik lanpostu pila bat sortu zirela, baizik eta abilidade sorta berri baten eskaria disparatu zen. Soldata minimoak, negoziazio kolektiboa, langileen babesak... instituzio horiek oparotasun partekatuan asko lagundu zuten. Beraz, garai hartan aldaketa teknologikoak onura ekarri zuen, lanpostu gehiago eta soldata hobeak. Zergatik? Ez da erraza erantzuna, ez dago erantzun biribilik.

Bestelako mundu batean bizi gara egun. 1970etik hona soldaten igoera moteldu egin da; aurreko hamarkadekin alderatuz gero, asko moteldu ere bai. Hazkundea ez da orduan bezain partekatua izan. 80ko hamarkadan marko teknologikoa aldatzen hasi zen. Automatizazioa, askoz ere handiagoa; eta beste guztia, askoz ere gutxiago. Desberdinkeria sozialaren pizgarria izan zen automatizazioa, arrakala sozialak handitu zituen. Lehenik, bulegoetako lan errutinarioenak automatizatu ziren, eskulan eta lan administratiboan ziharduten langileak gutxitzea ekarriz. Lan administratiboen automatizazio azkar hura ordenagailuen aplikazio, datu base eta komunikazio elektronikoarekin hasi zen; eta industrian, kontrol numerikoaren eta roboten zabalkundearekin. Teknologiak automatizazioaren alde egiten segitu zuen buru-belarri.

Mehatxu berriak

Adimen Artifiziala da obra honen hurrengo kapitulua. Lehen ikerketa 1950eko hamarkadan hasi zen, anbizio handiko eta errealismo gutxiko helburuekin. Lehen ikertzaile haiek ondo ulertu zuten konputazioak zeukan boterea eta pentsatu zuten makina inteligenteak sortzea desafio handia zela baina ideia lorgarria. Esperantza horiek zapuztu egin ziren, ordea. Gauza bat delako operazio binarioak programatzea kalkulu azkarrak egiteko –ordutik jakina baitzen makinak gizakia erraz gainditu zuela honetan–, eta beste bat da makinak operazio konplexuak egiten jartzea, hala nola aurpegi errekonozimendua, hizkuntzaren sailkapen eta prozesamendua, arrazoinamendua eta problemen soluzioak.

Eta gero demokrazia eta askatasunak daude. Horiei ez zaie ondoegi joan. Politikaren eta gizartearen berreraikuntza digital baten lehen urratsetan gauden arren, ondorio batzuk ikus daitezke jada. Baga, polarizazioa ikaragarri hazi dela, eta horrek politika eraginkorren formulazioa asko zailtzen duela. Biga, komunikabide tradizionalen eredua, berri iturri sinesgarri eta nolabait orekatu bezala, desagertu egin dela. Higa, politikan diruak daukan boterea beldurgarri hazi dela. AAk joerok indartu ditu: haren bultzadapeko sare sozialek erabat eraldatu dituzte komunikazioa eta eztabaida politikoa.

Eta AAren aplikazio berriak are mehatxagarriagoak dira askatasunentzat. Aurpegi errekonozimendurako teknikak, presidenteetatik hasita milioka jenderen eta gu guztion datuen bilketa, kontrol masiborako teknikak ugaldu dira. Eta mehatxua hori da: ea hau guztia ez ote den deskontrolatuko. Bistan da disidentziak kontrolatu eta oposizioa indargabetzeko dena errazagoa dutela, den-dena alde.

Diagnosi hau ez da berria. Automatizazioa azkartu eta gure jokaerak kontrolatu; esaten da hori dela AAk atzera bueltarik gabe hartu duen norabidea. Baina gizartea langabezia eta bigilantziara joatea ez da nahitaezkoa. AAren etorkizuna oraindik zabalik dago, norabide ezberdin asko har ditzake. Eta bukatzen bada bigilantziarako tresna indartsu eta gizakiak lanik gabe uzten dituen noranahiko automatizazio izaten, hala izan dadila bide hori «erabaki» delako.

Baina AAk automatizazioaz eta bigilantziaz gain baditu beste aurpegi eta eremu batzuk. Gizakien produktibitatea handitu lezake, langileentzat helburu eta ekintza berriak sortuz. Irakaskuntzan, medikuntzan… Haien lanak soilik automatizatzeko baino, AA tresna indartsua izan daiteke gizakion sormena, burubidea eta moldagarritasuna bultzatzeko, lagundu dezake pribatutasuna eta askatasuna zaintzen. Baina ikuspuntua aldatu behar da, ezin da AAren gaineko ikerketa gehiena, egun bezala, lanpostuak automatizatzera eta norbanakoak zelatatu eta manipulatzeko gobernuek eta korporazioek duten ahalmena handitzera bideratu.

Azken hitza esateke

Norabide berriak urratu behar badira, baina, AA zeinek kontrolatzen duen galderari erantzuna eman behar zaio. Datuekin eta algoritmoekin egiten ari direna aztertu behar da. AAren eragina ezin da konpainia gutxi batzuetan, Google, Facebook, Amazon, Microsoft, Netflix, Ali Baba edo Baidut teknologia erraldoietan kontzentratu, are denak ari direnean automatizazioen algoritmoetara diru gehiena bideratzen.

Norabide berria behar da, bai. Eta hartara, gobernuen inplikazioa, arauen aldaketa eta kontrol demokratikoa behar dira. Gizartearen gaixotasunak indartzen dituzten aplikazioak zeintzuk diren aztertu behar dira eta haien alde egiten duten distortsioak bidetik kendu. AAk etorkizunean hartuko duen norabidea, ekonomia eta demokraziaren etorkizuneko osasuna gure esku daude. Azken hitza ez dago esanda. Badaukagu zeresana eta zeregina, bidean dauden oztopoak eta desafioak itzelak diren arren.