Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Rion errege baina Tokion, telebistaren aurrean

Dela adinagatik, dela lesioengatik edo dopingarekin borrokan, 2016ko Olinpiar Jokoetan txapeldun izandako zenbait ez da Japonian izango. Baina beren balentriek oraindik ere azken oihartzun bat merezi dute kirolzaleen memorian.

Usain Bolten azken urrea, Rio 2016ko tartanaren gainean. (GARA)
Usain Bolten azken urrea, Rio 2016ko tartanaren gainean. (GARA)

Orotara 339 lehiaketa 33 kirol diziplina ezberdinetan jokatuko dira Tokioko Olinpiar Joekoetan. Hala nahiz izan zein ez, orain ez gaude Rio 2016an, mundua inork uste baino gehiago eta azkarrago aldatu baita bost urteotan, nahiz eta era berean nolabaiteko paralisia ere pairatzen dugun.

Hala, Tokyo 2020 Olinpiar Jokoak covid-19agatik egingo dira ezagun, nahi eta nahiez. Zorte apur batekin, honek edo hark egindako kirol balentriak hartuko dira aintzat Japoniako hiriburuko kirol ekitaldi nagusienean zer gertatu ote zen atzera begira jartzean. Parisen 2024. urteko Olinpiar Jokoak hiru urte barru iritsiko dira, eta akaso orduan ere gure buruari galdetuko diogu zein falta ote den, Tokyo 2020an hain ederki ibili ostean.

Baina 2021ean gaude eta covid-19a ez da oraindik atzean utzi dugun ametsgaiztoa. Tamalez, gugan dago eta Olinpìar Jokoak erdiz erdi harrapatu ditu, neurri handi baten Japonian txertatze erritmoa oso makala izaten ari baita. Hala, Rio 2016ra begira jartzea ia masokismo ariketa bat da, hasteko eta bat, duela bost urtetik hona faltan zeozer botako bada, zaleen berotasuna izango baita. Burbuilak, telebistaz edo internetez jarraitu beharra kirol ekitaldiok... besterik ezean, tira, baina ez da gauza bera eta nahiz eta Olinpiar Jokoen antolakuntzak salbuespenen bat aurreikusten duen, hamarretik bederatzitan harmailetan inortxo ere ez egotea ohikoa izango da. Alde ederra «Cidade Maravilhosak» erakutsi zizkigun koloreak eta soinuak aintzat hartzen baditugu!

Ez da hutsune bakarra izango, hala ere. Izan gaitezen baikorrak, gutxienez. Rio 2016 Olinpiar Jokoetan Zika Birusari bazitzaion beldurra, eta hainbat kirolarik azken ordura arte ez zuen erabaki joan ala joan ez. Azkenean, ordea, ziztaturiko atleta askorik ez zen azaldu, ezta zalerik ere, eta, bada, Tokyo 2020an ere ez da Zika Birusik izango, bere ziklo olinpikoa nonbait Brasilen amaitu baitzuen, hurrengo datozen kirolarien antzera.

Kasu jakinak

Zenbait kirolari faltan botako direla zalantzarik ez da. Jakina zen Michael Phelps eta Usain Bolt ez zirela Japonian inola ere lehian arituko; ez zutela 2008an, 2012an eta 2016an eskaini zituzten markak, argazkiak eta ilusioak transmititzerik izango.

Denbora ez da bakarrik gure poligrafo bakarra. Azken finean, bai Boltek nola Phelpsek denborari aspaldi irabazi zieten, Beijing 2008an batez ere eta baita London 2012an ere. Adina, beti prest egon beharra, aurkari gero eta gazteagoak eta gero eta gogorragoak, Olinpiar Jokoetara sailkatzeko lan eskerga, bikain egon beharra... Asko dira bete beharreko baldintzak eta onenak ere beti ezin dira bere mailarik onenean egon. Azken finean, gizakirik bikainena ere gizaki hutsa da, besterik gabe.

Kasu jakinak ziren kasu hauek biak, baina mingarriak dira dena dela. Usain Boltek 2017an esan zion agur aurreneko lerroko lehiaketari. Atzean zortzi urrezko domina olinpiko, 100 eta 200 metrotan, eta 4x100 metroko errelebotan munduko errekorrak utzi ditu eta, beste gauza askoren artean, kirol ikuskizuna eta telebistako showa uztartzeko inork baino abilezia handiagoa.

«Ez naiz bertan izango parte hartzen, baina etxetik hasi eta buka jarraituko ditut. Zin dagit», esan berri dut Usain Boltek. «Lehiaketan sekula ere ez nintzen urduri jartzen, azken baten jendearen aurrean nolakoa naizen azaltzea oso gustuko baitut. Baina etxetik, telebistaren aurrean, jarraitzen ditudanean proba hauek guztiak, urduritu, kezkatu eta ernegatu ere egingo naiz, nigan oso bizi baitut munduko kirol ikuskizunik handiena», onartu du Jamaikako tximistak.

Michael Phelps ez da hainbesterainoko «showmana», baina 28 domina olinpiko pilatu ditu bost Olinpiar Jokotan. Onenak emanda zegoen Rio 2016rako, baina orduan ere urrezko bost domina eskuratu zituen, horietatik horu errelebotan, baina 200 metro tximeleta eta 200 metro estiloetan ere bakarka urrea eraman zuen, eta zilarra 100 metro tximeletako aproban. Ez dago gaizki berez London 2012 eta gero gauzak «lasaiago» hartu nahi zituen batentzat.

Showak, hala ere, beti ez dira onenak izaten. Orotara Olinìar Joko ezberdinetan 12 domina irabazi ditu Ryan Lochte igerirlari estatubatuarrak, erdiak urrezkoak. Noizbehinka Phelps berari irabazteko kapaz izan arren, «Baltimoreko Marrazoaren» itzalean izan da gehienetan, baina hala ere Rion 4x200 estiloko erreleboetan, tartean Phelps bera zela, urrezko domina irabazi zuen.

Alabaina, Ryan Lochteren ibilera Brasil aldean ez zen horigatik egin ezagun. Itxuraz, poliziaz mozorroturiko lapur batzuek berari eta bere taldekide batzuei aldea zeramatena ohostu zieten. Itxuraz. Istorio hori zabaldu eta gutxira jakin baitzen Lochte eta bere lagunek, behar baino gehiago edanda, gasolindegi bateko komuna txikitu zuten eta hargatik, gasolindegiko arduradunak poliziari deitu zion.

Erdi ezkutuan eta erdi ihesean atera behar izan zen Lochte izarra Estatu Batuetara bidean. Bost urte beranduago beste aukera baten bila ari zen New Yorkeko igerilaria, tartean alkoholarekin arazoak onartu ditu eta USADA dopingaren aurkako Estatu Batuetako agentziak 14 hilabeteko zigorra ezarri zion, zainetik behar ez zen tratamendu bat hartu zuelako –eta Instagramen eskegi, gainera–.

Kirolak itzuli behar zion bere bizitza okerrak galarazitako ospea, baina ia 37 urte aldean eta denbora ez da alperrik pasatzen eta Lochte ez da Tokion izango «trial» gogor horietako langa ezin izan baitu gainditu.

Lesioak eta bestelako hesiak

Gogoan David Rudisha keniarra? London 2012an 800 metroko lasterketan urrezko domina irabazteaz gain minutu bat eta 41 segundoko langa bota zuen, hasi eta buka lasterketaren burua hartuz eta ahozabalik lagata mundu guztia. Lau urte beranduago korrikalari keniarrak berriz ere urrezko domina eskuratu zuen 800 metroko proban.

Alabaina, 2016az geroztik lesioek ez diote bakerik eman. Gorputzaren gaitasuna hain muturreraino eramatea ez dela osasunarentzat ona nornahik daki, baina «threepeat» bat egitea beti da gauza handia. Zoritxarrez, Rudishak ezingo du halakorik egin.

Alsistair Brownlee triatletak ere badaki zer den kalbario hori. Berak ere urrea irabazi zuen Londonen eta Rion, baina lesioek ez diote Japoniara iristen laga. Brownlee anaietan gazteenak, Jonathanek, alegia, hartu beharko du anaia zaharrenaren lekukoa gizonezkoen triatloi lehiaketan.

Non dago Mo Farah? Gogoan al dugu nola Rion 5.000 eta 10.000 metroko finalak irabazi zituen korrikalari britainiarrak? Orkatilako lesio baten erruz ezin izan ditu Britainia Handiko kanporaketak gainditu, eta 20 segundogatik Tokyo 2020ko finaletan ez da izango. «Ahaleginak eta bi egin ditut, oztopo guztien gainetik, baina ez da posible izan. Gogorra izango da bertan parterik ezin hartu izana, baina Olinpiar Jokoak horixe dira: ezin baduzu lehiatu, etxetik ikusi behar», onartu zuen Farah txapeldun handiak.

Caster Semenya hegorafrikarraren kasua ezberdina da, bestalde. Dopingaren aurkako probak izan dira Semenyaren gurutzea; alegia, testosterona larregi ei du beregan korrikalari hegoafrikarrak eta testosterona maila jeitsi ezik, ez diote baimenik eman 800 metrotako lasterketan parte hartzen 2012an eta 2016an urrezko domina irabazi zuen honi. Horren ordez 5.000 metroko proban parte hartzen saiatu da Hegoafrikakoa, baina ez zen Tokyo 2020rako sailkatu eta hala, atzoko txapelduna gaur inondik ere ez da ageriko.

Ez dira txapeldun olinpiko bakarrak, eta askotan ezta entzutetsuenak ere. LeBron Jamesek nahiago izan du «Space Jam 2» filmearen promozioa egin laugarrenez segidan saskibaloiko urrezko domina irabazi baino, esaterako. Clara Azurmendi donostiarrak Olinpiar Jokoetan izateko parada Carolina Marin txapeldun olinpikoaren lesioak eman dio; ez da akaso modurik gustagarriena izango, baina lesioak ere kirolaren zati dira. Neymar da Silva futbolari brasildarrak ez du PSGren baimenik jaso Tokioko Olinpiar Jokoetan Rion bere selekzioak irabazi zuen urrea berresteko aukera izateko; Laurie Hernandez gimnasta estatubatiarra beti izan da Simone Bilesen itzalean, baina Rion urrezko domina bat eskuratu zuen, eta lesio batek Tokiotik at laga du...

Behinola koroa izan zuten buru gainean, baina orain, beste edozeinen moduan, telebistatik jarraituko beharko dituzte Olinpiar Jokoak; Bolten moduan, urduri, ernegatuta... eta gozatzen, akaso.