NAIZ

Guggenheim Museoko garbitzaileen soldata arrakalarekin amaitzeko hitzarmena aldarrikatu du ELAk

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileen mobilizazioekin bat egin du ostegun honetan, langileek 48 greba egun bete dituztenean. Langileek pairatzen duten soldata arrakala ezabatuko duen hitzarmen bat negoziatzeko deia egin die enpresa eta instituzioei.

Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileak protestan. (ELA)
Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileak protestan. (ELA)

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Bilboko Guggenheim Museoko garbitzaileen mobilizazioekin bat egin du gaur goizean, langileek 48 greba egun bete dituztenean, bere babesa eta elkartasuna adierazteko.

Titanioak, museoa eraikita dagoen materialak, emakumeen prekaritate handia ezkutatzen duela esan du: «Titanioaren atzean emakume aurpegia duen prekaritate handia dago».

Horrez gain, enpresari eta haren alde dauden erakundeei (Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua) Bilboko «eraikin enblematiko honetako langileek jasaten duten soldata arrakala» ezabatuko duen hitzarmen bat negoziatzeko deia egin die, langileek hainbat ekintzaren bitartez galdegin bezala.

«Erakundeek benetako berdintasunaren abangoardia izan behar dute, eta emakumeek emakume izateagatik lan munduan pairatzen duten soldata arrakalaren aurkako borrokan eredu izan beharko lirateke. Martxoaren 8a ezin da argazkirako eguna izan; greba honek agerian utzi duen bidegabekeriarekin amaitu behar dutela», adierazi du.

Azkenik, ELAko idazkari nagusiak hitzarmen justu baten aldeko borrokarekin jarraitzeko deia egin die grebalariei eta sindikatua azken unera arte beraiekin egongo dela ziurtatu die.