Gure Simone Biles-ak

Psikologoarenera joatea normaltzen ez badugu eta arlo horretako heziketa Youtubeko coach ahoberoen esku uzten badugu, segituko dugu antsietatea duenari lasai egon dadila esaten eta depresioa duenari, triste ez egoteko.

Puskatu egin da Simone Biles. Uraren bultzadari eutsi ezin dioten presaren murruek nola, pitzatu eta lehertu egin da. Tokioko Joko Olinpikoetatik erretiratu eta etxera joatea erabaki du gimnasta estatubatuarrak. Nahikoa dela. Buruko osasuna edozein palmaresen eta loria guztien gainetik dagoela esan du, xume eta natural. Ez da falta izan ahuleziaz mintzatu den ahoberorik. Etxeko sofaren erosotasunetik, noski. Ba, zer nahi duzue esatea? Buruak «bale» esaten duenean, mundu erdiak zugan jarritako itxaropena bizkar gainean zama astun bilakatu denean, 24 urterekin horri guztiari iskin egin eta geratzen jakitea baino keinu indartsuagorik ez zait okurritzen. Inoiz baino izarrago ikusi nuen: bere handitasunean humano eta, hortaz, hauskor. Finean, denok garen bezalakoak, askotan horretarako baimenik ez dugula ematen badu ere.

Kasu horretan ere, badirudi kosta egiten zaigula ulertzea, barneratzea. Lesioa fisikoa denean, dudarik ez: ezin da lehiatu. Kito. Ez dago eztabaidarik. Baina haustura hori buru barruan gertatzen bada, hortxe komeriak. Epaiketak. Profesionaltasunaren inguruko zalantza eta debate antzuak, protagonistak esateko dauzkanak entzun nahi izan gabe ere. Eta emakume bati gertatzen zaionean are nabarmenagoa delakoan nago. «Hain dira makalak».

Honek guztiak sikiera osasun mentalaren afera mahai gainean jartzeko balioko balu, gaitz-erdi. Txutxu-mutxuek gehiago saltzen dute, nonbait, eta erosoagoa ei da esamesaka ibiltzea, sakoneko gaiari dagokion tamaina eta arreta ematea baino. Psikologoarenera edo psikiatrarenera joan behar izatea normalizatzen ez badugu, Youtubeko coach-en misterwonderfulkeriak izango dira askoren heziketa eta jarraituko dugu antsietatea duenari lasaitzeko gomendioa egiten eta depresioa duenari, triste ez egotekoa. Osasun mentala lehen mailako kontu bat da. Hel diezaiogun gaiari ganoraz lehenbailehen, behar dituen baliabideekin. Berandu gabiltza. Amildegiaren ertzera iritsi ziren askorentzat, beranduegi dagoeneko. Urrutira joan beharrik gabe, inguruan baditugu Simone Biles asko.