Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Hongchan Quan txinatarraren tranpolin jauzia, bikaintasunetik gertu: hiru 10eko jaso ditu

Hamar metroetako tranpolin jauzian hiru 10eko jaso ditu Hongchan Quan atleta gazteak eta beraz, 14 urte besterik ez dituela, urrezko domina irabazi du. Yuxi Chen txinatarrak lortu du zilarra eta Melissa Wu australiarra, brontzea. 

Hongchan Quan txinatarra, airean, tranpolinetik jauzi eginda. (Oli SCARFF / AFP)
Hongchan Quan txinatarra, airean, tranpolinetik jauzi eginda. (Oli SCARFF / AFP)

Bikaintasuna zer den azaltzea beti da kontu konplikatua, subjektibotasuna eta objektibotasunaren arteko dilema batean murgiltzen baita dena. Duela 45 urte Nadia Comaneci gimnastak, Montrealgo Olinpiar Jokoetan, 14 urte besterik ez zituela, historiako lehenengo 10eko puntuazioa jaso zuen. Orduan, markagailua ere ez zegoen prestatuta horretarako. Historia egin zuen gimnasta errumaniar gazteak. 

Bada, ostegun honetan, Hongchan Quan gazteak antzeko marka bat ezarri du. Tranpolin jauzian hiru epaileen eskuetatik, 10eko puntuazioa jaso du. Ikaragarria. Hasiera batean lehenengo bi epaileen 10ekoa jaso du eta beste biren puntuazioa deskontatzean, hirugarren batek ere 10ekoa eman dio. 

Duela urtebete, 13 urte zituela, tranpolin jauzien Txinako txapelketa irabazi zuen eta bere lehen Olinpiar Jokoetan bi jauzi perfektu egin ditu urrezko domina eskuratzeko bidean. Hasi besterik ez da egin eta jada bere jauziak bikaintasunaren isla bilakatu dira. 

Olinpiar Jokoetan debuta egin eta podiumean gorenera igo ostean, adierazpen batzuk eman ditu eta kontatu duenaren arabera, ez zen gehiegi urduritu. «Apur bat urduri nengoen, baina ez gehiegi», onartu du. 

«Gauza asko jan nahi ditut gau honetan. Latiao (ogitarteko txinatar pikantea) jateko gogoz nago», kontatu du, garaipen hau nola ospatuko duen galdetuta.