NAIZ

Aginagaldek eta Gurbindok brontzezko domina irabazi dute Egipto mendean hartu ostean

Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindok brontzezko dominarekin bukatu dute Tokioko Olinpiar Jokoetako ibilbidea. Espainiako selekzioak 31-33 irabazi dio Egiptori eta hala, txapelketa domina batekin itxi dute. Aginagaldek bi gol egin ditu; Gurbindok, bat ere ez. Frantziak irabazi du urrea. 

Julen Aginagalde, garaipena ospatzen. (Franck FIFE / AFP)
Julen Aginagalde, garaipena ospatzen. (Franck FIFE / AFP)

Brontzezko domina kolkoratu dute larunbat honetan Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo eskubaloi jokalariek. Espainiako selekzioak 31-33 irabazi dio Egiptori eta hala, Olinpiar Jokoetako txapelketa garaipen batekin ixtea lortu du. Irundarrak bi gol egin ditu azken partida honetan; Gurbindok, aldiz, bat ere ez. 

Nolanahi ere, benetako protagonista Raul Entrerrios izan da. Ez soilik Espainiako selekzioarekin azken partida jokatzen zuelako, baizik eta garaipena lortzeko funtsezkoa izan den azken gola ere berea izan baita. Hala, amaiera ederra eman dio bere kirol ibilbideari, brontzezko domina olinpikoa kolkoratuta. 

Lehen hogei minutuak oso parekatuak izan dira baina atsedenaldiaren aurretik markagailuan aldea ezarri du Espainiako selekzioak (16-19). Bazirudien, hiru goleko alde nahikoa izango zela bigarren zatia lasaiagoa izan zedin baina kontrara, gehiegi lasaitu eta Egipto partidan sartzen joan da. 

Alex Dujshebaev-en bi jaurtiketa indartsuei esker Espainia bi goleko aldearekin iritsi da partidako azken minutura baina Mandouh-ren gol batek estu jarri du norgehiagoka (31-32). Hala, Raul Entrerrios agertu da azken gola egin eta garaipena zein brontzezko domina ziurtatzeko.

Urrea, Frantziarentzat

Urrezko dominagatiko norgehiagoka handia Frantzia eta Danimarkak jokatu dute eta azkenean, selekzio frantsesa nagusitu da 25-23ko markagailu estuarekin.