Arnaitz Gorriti

Eusko Label Liga Zarauzko Ikurrinaren erreferentzia puntura iritsi da

Zarauztik denboraldia amaitu arte, sei estropada baino ez zaizkio geratuko Eusko Label Ligari. Hala, Santurtzik iazko garaipena errepikatzeko urrats handia eman lezake Hondarribiarekiko aldea mantentzen badu. Euskotren Liga Arraun Lagunak eta Orioren artean erabakiko da.

«Soterak» Eusko Label Liga ia erabakita utzi lezake Zarautzen. (Aritz LOIOLA / FOKU)
«Soterak» Eusko Label Liga ia erabakita utzi lezake Zarautzen. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Zarauzko Ikurrina erreferentzia abuztuko puntu garrantzitsua izan ohi da. Kontxako Bandera oraindik urrun xamar dago, baina gero eta gertuago sentitzen da, eta nolabait esatearren, Donostiara joan aurretik «saiakera orokor» gisa har liteke Zarauzko estropada. Denbora batuketa aintzat hartzen da, estropada itsaso zabalean da eta, oro har, Eusko Label Liga ere bere momentu erabakigarrienean sartzen ari dela antzematen da.

Euskotren Liga Zarautzen erabakiko da, urteroko moduan, nahiz eta aurreko urteetan ez bezala, Arraun Lagunak eta Orioren arteko alde txikiarengatik –bi puntu baino ez donostiarren alde– askoz emozio handiagoa izango den. Eusko Label Ligari dagokionez, berriz, Santurtzik alde nabarmena dauka Hondarribiarekiko, –129 puntu «Soterak», 120 «Ama Guadalupekoak»– Galizian joan den asteburuan lorturiko emaitza bikainei esker.

Ondorioz, Zarauzko XLIV. Ikurrinaren ondoren Eusko Label Liga erabakita gera litekeela asko esatea da, baina egia da Zarauztik irten ostean, denboraldia amaitzeko sei estropada puntuagarri baino ez direla geratuko eta deskuidoan Santurtzik bere aldea handituko balu, iaz lortu zuen garaipena errepikatzea esku eskura geratuko litzaioke.

Santurtziko trainerua bera izan da orain arte bandera gehien eskuratu dituena, baina ez dira lau baino gehiago, Hondarribiak baino bat gehiago. Aldiz, bigarren txandako traineruek lau bandera astindu dituzte aurten. Alegia, dela uretako baldintzengatik, dela traineruen arteko berdintasunagatik, ez dagoela dominatzaile garbiegirik. Santurtziren alde, alabaina, erregulartasuna azpimarratu liteke, eta hortxe ari da oinarritzen, emaitzak dira lekuko, bere lidertza.

Donostiarra, sorpresa

Donostiarra izaten ari da denboraldiko sorpresetako bat. Rianxon sasoiko aurreneko garaipena eskuratu zuen eta Galiziako asteburu oparoa borobiltzeko, ohorezko txandan lekua bermatu zuen Santurtzi, Hondarribia eta Zierbenarekin batera.

Horrek ez du besterik esan nahi Orio –2019an Eusko Label Ligako txapelduna– eta Urdaibai –bere azken txapela 2018ko du– bigarren txandan ariko direla, Cabo eta Ondarroarekin batera. Alegia, «Torrekua II.a» traineruan egiten ari den lanaren meritua ez dagoela soilik asteburu bakarrari lotua.

Bestetik, aurreneko txandan Ares faltako da, covid-19aren erruz berrogeialdia pasa beharko dutelako bertoko arraunlariek. Aresek berari dagozkion puntuak jasoko ditu nolanahi ere, eta bitartean Lekittarra, Tiran eta Zarauzko traineruak oso baliagarri izango zaizkien puntuak pilatzeko ahalegina egin beharko dute.

Hiru horien artean uneotan Lekittarra da nagusi, baina Tiranek azken asteburuan aldea murriztu dio. Isuntzak 46 puntu ditu eta 39 Galiziako taldeak. Zarauzko «Enbatak», berriz, maila galtzeko txartel guztiak dauzka, play-offetara eramango lukeen azkenaurreko postua hamar puntura baitaka, 29 baino ez dituelako pilatu orain arte.

Jardunaldi anitza

Eusko Label Liga eta Euskotren Liga ez-ezik, gainonzeko ligetako estropadaz betea dator asteburua. Estropada guztiak Zarautzen eta Castro Urdialesen jokatuko dira.

Hala, KAE1eko taldeek larunbat arrtaldeko 18.00etan eta igande eguerdiko 12.15etan hitzordu bikoitza izango dute Castro Urdialeseko uretan. Getaria, Pedreña eta Kaiku beren nagusitasuna frogatzen saiatuko dira beste behin.

KAE2 Ligak, berriz, Zarautzen larunbat goizeko 11.00etan izango du asteburuko aurreneko hitzordua. Domekan, ordea, Castro Urdialesen ariko dira «brontzezko ligakoak» 11.30etan hasita. Busturialdeak jarraitzen du lider txapelketa honetan.

ETE Ligako emakumeek ere KAE2koen egutegi berbera izango dute. Larunbat eguerdiko 12.00etan Zarautz Arraun Elkartearen Emakumeen I. Bandera jokatuko duten bitartean, igandean 11.30etan ETE-Ciudad Castro Urdiales Bandera izango dute jokoan. Tolosaldea da hemen buruzagi, Deusto eta Hibaikarern aurretik, hurrenez hurren.