Jon Ormazabal

Ia dena erabakitzeke asteburuan jokatuko den Mastersaren azken jardunaldian

Peña-Rezusta dira lehen postua ziurtatuta duten bikote bakarra eta Altuna-Arangurenek euren eskuetan dute finalerdietarako bigarren txartela. Horretarako Jaka-Tolosari irabazi beharko diete igandean Leitzan.

Urrutikoetxea-Martijak play-offetan egotea ziurtatu nahi dute ostiralean Aiegin. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Urrutikoetxea-Martijak play-offetan egotea ziurtatu nahi dute ostiralean Aiegin. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Orain arteko sei partidak irabazita lehen postua ziurtatuta duten Jon Ander Peña eta Beñat Rezusta izan ezik, gainontzeko bikote guztiek asko dute jokoan ostiral honetan Aiegin hasiko den Masterseko ligaxkakako zazpigarren eta azken jardunaldian. Finalerdietarako bigarren txartel zuzena eta play-offak izango dira jokoan Bilbo, Leitza eta Elgetan jokatuko diren partidetan.

Bigarren posturako lehian, Altuna III.a-Aranguren dira gauzak euren eskutan dituzten bikote bakarra, horretarako nahikoa dute igandean Jaka eta Tolosaren aurkako euren partida irabaztea. Aurreko astean ezker eskua minduta zuelako bere lekua Lasori utzi ostean, amezketarra jokatzeko prest da berriro ere eta aurrean ordurako kanporatua egon daitekeen bikote bat izan dezakete parean. Izan ere, dituzten aukera urriei eutsi ahal izateko Elezkano-Mariezkurrena eta Ezkurdia-Imazek euren partidak galtzea behar baitute berdinketa hirukoitz batean tanto aldeari begiratzeko.

Bizkaitarra eta Berriozarrekoa izango dira, ostiral honetan, azken jardunaldi honi hasiera emango diotenak Aiegin. Zaratamoko aurrelaria osatu da azken astean bere lekua Victorri uztera behartu zuten eskuko arazoetatik eta derbi moduko bat jokatuko dute Urrutikoetxea eta bigarren astez segidan Martija ordezkatuko duen Bikuñaren aurka. Elezkano-Mariezkurrenaren beharra gorriagoa bada ere, Urrutikoetxea Bikuñak ere ezin dute lorik hartu, puntu bat gehiago baino ez dute sailkapenean eta ez dute ezer ziurtaturik.

Helburu desberdinak Bilbon

Larunbatean Olaizola-Zabaleta eta Ezkurdia Imazek neurtuko dituzte indarrak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Txapelketa hasieran euren jokoa hartzea kosta bazitzaien ere, goizuetarra eta Etxarrenekoa bigarren postuan amaitzeko azken ahalegina egiten saiatuko dira, nahiz eta igandeko emaitzen zain izan beharko duten horretarako. Gauzak estuago dira euren maila onenetik urrun dabiltzan Ezkurdia eta Imazentzat. Bi punturekin, sailkapeneko azken aurreko postuan dira eta garaipena behar beharrezkoa dute bizirik jarraitu ahal izateko.

Igandean, aipatutako Leitzako jaialdiaz gain, beste partida bat ere jokatuko da Elgetan. Bertan, jokoan ezer ez duten Peña eta Rezustak partidarik gabe amaitu nahiko dute Laso –berriz ere Peio Etxeberriaren ordez arituko da– eta Albisuren aurka. Azken hauek, bigarren postuan amaitzeko aukeraren bat badute, nahiz eta horretarako, euren partida irabazteaz gain, gainontzeko emaitzei begira egon beharko dute.