Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Iker Irribarria
Aspeko aurrelaria

«Ez diot inori opa, baina, behin pasata, aberasgarria dela ohartzen zara»

Urtarrilaren 31n jokatu zuen bere azkeneko partida. Belauneko ebakuntza batek horrenbeste maite duen Buruz Burukoa jokatzea ere eragotzi zion, baina, sei hilabeteko errekuperazio lanaren ondoren, ostiralean itzuliko da aramarra kantxetara.  

Iker Irribarria. (Gorka RUBIO/FOKU)
Iker Irribarria. (Gorka RUBIO/FOKU)

Hasteko, derrigorrezko galdera, zer moduz zaude?

Ondo, ondo. Behin ere ez da jakiten partida nola irtengo den, lehiaketa desberdina baita, baina entrenatzen lortutako sentsazioekin pozik nago.

Luze egingo zitzaizun, ezta?

Bai, luze egiten da. Azkenean, denbora asko da ingurukoak frontoian jokatzen ikusten eta norberak ezin jokatuta, baina ondo eraman dugu eta denbora aprobetxatu dugu, ez gara geldirik egon.

Pilota gosez?

Bai, gosea badaukat. Egia esan gustura ari naiz entrenatzen eta seinale ona da hori, baina, esandakoa, desberdina da entrenatzea eta lehiatzea. Hor badago zalantza bat eta ea ondo eramaten dugun. Jokatzea beste sekreturik ez dago; azken puntua falta da, ondo ari naiz baina lehiaketarena izaten da azken puntua eta hartzeko lehiatu beharra izaten da.

Denbora honetan pentsatzeko astia ere izango zenuen. Zer hausnarketa egin duzu?

Bueno, denetik izan da, baina, esandakoa, ez naiz geldirik eta aspertuta egon. Egia esan, gauza dezente egin ditut eta gustura nago horrekin ere. Ea nola erantzungo duzun galdera beti hor egoten da, eta, ezjakintasun horrek barrenak mugitzen ditu, baina nik uste hausnarketa positiboa dela: inori ez diot opa hemendik pasatzea, baina, behin pasata, aberasgarria dela ohartzen zara.

 «Beti izan gara pilotariak nahiko atzerakoiak alor horretan –osasun mentala–, kosta egin zaigu berritasunak sartzea, baina, pixkanaka bada ere, bagoaz»

Belaunaz harago, burua ere lantzen aritu omen zara. Gorputza bezain garrantzitsua da sarri...

Bai, dudarik gabe, gorputza garrantzitsua da eta burua zer esanik ez. Uste dut buruko lanketa egoki batek asko laguntzen duela sendatzen eta baita maila ona bilatzen ere. Jarraituko dugu lanean.

Lesioaren aurretik ere egiten zenuen horrelako lanik?

Bai, aurretik hasita nengoen eta nik uste egokia dela. Azkenean beste arlo bat da, entrenatu beharrekoa, eta ez gaude ohituta. Azkenean arlo fisikoa eta teknikoak lantzen ditugu, baina psikologikoa ere garrantzitsua da eta ez da garrantzi gutxiagokoa.

Ohituta ez gaudela diozu, baina azkenaldian pil-pilean dagoen gaia da. Pilotarien artean bazarete batzuk laguntza bila jo duzuenak eta Olinpiar Jokoetan ere atera da osasun mentalaren gaia...

Hala da, azkenean norberaren burua ezagutzea ere ederra da. Nahiz eta pilotan pixka bat atzerakoiak izan alde horretatik, ari da sartzen eta uste dut lan horren normalizazioa ari dela iristen. Eta ikusten da, pixkanaka, pilotariak gero eta exijenteagoak garela gure buruarekin eta hori gauza ona da, neurri bat arte.

Emaitzak eman ditu, baina tabu moduko bat da oraindik?

Badago tabu hori, baina nik uste dut normalizatu beharreko kontua dela. Ikusten duzu beste kirol guztietan ondo ikusita dagoen zerbait dela eta pilotan ez? Ez zait ba iruditzen. Uste dut pilotan ere egokia dela lanketa hori egitea eta, esandakoa, beti izan gara pilotariak pixka bat atzerakoiak alor horretan, kosta egin zaigu berritasunak sartzea, baina, pixkanaka bada ere, bagoaz.

Lesioaren aurretik emaitzak ez ziren batere onak izan eta Binakakotik at utzi zintuzten. Azken urtea txarra izan da lesioaren ondorioz, baina aurrekoa ere ez zen hobea izan...

Ez da erraza izan, baina beste alde batetik lasai ere banengoen. Ebakuntzarekin duda gutxiago izaten dira; txapelketa puri-purian egon edo kanpo izan, gauzak ezberdin ikusten dira.

Ebakuntza aurretik denbora zeneraman minekin. Izan zuen eraginik kirol emaitzetan?

Bueno, ez dakit. Ez dut uste emaitzetan; zuek emaitzetan fijatzen zarete, eta ez dut uste horrek hainbeste eraginik duenik... Azkenean entrenatu eta ahal bezala egiten nuen, beste erritmo batzuetan, eta pixkanaka-pixkanaka ere saiatuko gara horri ere buelta ematen.

Emaitzetan fijatzen garela diozu. Zure kasuan txanpon beraren bi aurpegiak ikusi ditugu; hasieran dena oso azkar, sekulako palmaresa lortu eta gero eten bat bezala. Dena hain azkar joanda, ahaztu ere azkarregi egin gara Irribarriaz?

Bueno, ez dakit, hori zuek esango duzue! Ni ez naiz ahaztu eta ez naiz inora joan. Azkenean nik badakit nondik doan kontua, ze lan egin behar dudan, nondik segi behar dudan lanean... Horretan saiatuko naiz. Ez dut uste zuk esan duzun bezala denik, uste dut beheraldi bat izan eta gero ere, Binakako finala eta Buruz Buruko txapela ere lortu ditudala eta hori ez dela kasualitatea. Bide horretatik jarraituko dudala dudarik ez egin.

«Niri agian azkarregi etorri zitzaidan –lehen txapela–. Gustura hartu genuen, baina gero kalte batzuk edo gauza ez hain onak izan zituen, eta orain agian ikusten ari gara»

Agian gaizki ohituta gaude, pilotari batzuk urte guztian eta urte guztietan lehian ikusita?

Inor ez da urte guztian ondo egoten. Bai daudela batzuk askoz erregularragoak, beste batzuk gehiago kostatzen zaienak, batzuek txapelketak egiten dituzte onak eta udak gero okerxeagoak, festetako partidetan jaisten direnak… Pilotan urte guztian asko eskatzen da eta hori zaila da, edo ezinezkoa. Ikusten da beste kiroletan ere: inor ez da egoten urte guztian ondo eta hori ere onartu beharra dago, eta igual egia da pilotan ez dela hain erraz onartzen.

Hori da agian pilotaren beste berezitasun bat, ez dela sekula geratzen. Izan ere, udan astebete geratzea ez da geratzea...

Hori da, eta horrek atzetik gauza asko ekar ditzake.

Nire inpresioa izango da agian, baina iruditzen zait aspaldian ez zenuela gehiegi gozatzen kantxan...

Ba ez da horrela. Binakakotik kanpo geratu nintzenean justu kontrakoa ere esango nuke, sufritu baino gehiago gozatu egin nuela; lasai-lasai, inolako presiorik gabe, nahiz eta emaitzarik onenak ez izan, partidak eta ondo jokatu nituela esango nuke eta ez nuela nire mailatik oso behera jokatu. Nik uste maila egokian aritu nintzela. Beste gauza bat, agian, exijentzia da: zein den niri jartzen didazuen exijentzia edo non jarri nahi duzuen nire maila, baina uste dut errealitatea ez dagoela bertan.

Exijentzia hori zer da, norberak jarritakoa edo kanpotik etortzen dena?

Azkenean kanpotik dator, baina norberak ere estutzen du bere burua. Norberak kontrolatu behar du hori, norberak izan behar ditu erremintak hori kudeatzeko, eta, azkenean, norberak sartzen dio presioa bere buruari. Baina kanpotik ere laguntza askotan izaten da, esan nahi dut, kanpokoek jartzen dutena norberak ere bere gain hartzen duela eta hori da zaila.

Adina ere izan daiteke beste faktore bat: beste inor ez da 18 urterekin buruz buruko txapeldun izan.

Ez, zaila da hori ere; ez da erraza izan kudeatzen eta esandakoa, ez da gauza bera txapela 18 urterekin irabaztea edo 25ekin. Beste oinarri batzuk izaten dira eta niri agian azkarregi etorri zitzaidan hori. Gustura hartu genuen, baina gero kalte batzuk edo gauza ez hain on batzuk izan zituen, eta orain agian ikusten ari gara. Baina, tira, hortik ere ikasten da.

Gainera, 25 urte bakarrik dituzu oraindik ere; ibilbide oparoa geratzen zaizu aurretik...

Bueno, hala espero. Nik lanean jarraituko dut, espero nire buruarekin gustura egotea; emaitzekin eta enpresa aldetik ere bai. Beti ez da erraza izaten zuk nahi duzun guztia ematea, baina saiatuko gara eta espero zuk esan bezala ibilbide luzea izatea.

Iker Irribarria desberdin bat ikusiko dugu lesio honetatik bueltan?

Ez,ez,ez... ez dut uste pertsona bat sei hilabetetan horrela alda daitekeenik! Prozesu luze hauen emaitzak, bai errekuperazioarenak bai psikologikoak eta teknikoak, ez dira egun batetik bestera ikusten. Uste dut hori epe luzeko lanketa dela eta pixkanaka-pixkanaka joaten dela pertsona aldatzen.

«Telebistaz ahal izan ditudan partida guztiak ikusi ditut eta horrekin ere gustura nago. Agian lesionatu aurretik gehiago kostatzen zitzaidan 

Lehen txapelketa Lau eta Erdikoa zenuke. Ez da zuretzat, orain arte behitzat, egokiena...

Bueno, berdin dio. Azkenean guk ahal dugun ondoena ekiten diogu txapelketa bakoitzari eta hori izango da helburua; pixkanaka-pixkanaka hemendik Lau eta Erdikora arte, hilabete edo hilabete eta erdi honetan, partida batzuk jokatu eta maila eta erritmo betean jartzea, gero Lau eta Erdian txapelketa ona egin ahal izateko.

Frontoietara joan zara? Telebistaz partidak jarraitu dituzu?

Bai, telebistaz ia partida denak ikusi ditut, ahal izan ditudan guztiak, eta horrekin ere gustura nago. Agian lesionatu aurretik zailagoa egiten zitzaidan partidak ikustea, baina ari naiz pixkanaka hori ere hobetzen.

Frontoira joateko beste motiborik ere izan duzu, Ekhi anaia indartsu dabil azkenaldian...

Bai, ondo dabil . Aspaldian eskuetatik oso ondo dabil eta horrek ere ekartzen du emaitza; adin horretan konstantzia horrek pixkanaka-pixkanaka mailaz gora egitea dakar. Oraindik gaztea da eta gauza asko dauzka ikasteko, baina gustura joaten naiz ikustera. Gaia badu, kolpez eta oso ondo, modalitate guztietan jokatzen ari da orain behintzat eta horixe da beretzat egokiena. Ikusiko dugu. Gaia izanda ere denek ez dute egiten eta egongo da zer hobetua.