Haritz Larrañaga

Hazparnen bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute gaztetxearen aldeko manifestazioan

Prefetak kanporatze agindua ezarri arren indarrean jarraitzen du Hazparneko gazteek abuztuaren 21ean abiatu zuten okupazioak. 200 lagun inguru bildu dituen manifestazio baten bitartez gazteentzako lokalen falta salatu eta herrian bizitzeko eskubidea aldarrikatu du Hazparneko Gazte Asanbladak.

200 gazte inguru batu dira Hazparnen gaztetxearen beharra aldarrikatzeko. Patxi BELTZAIZ
200 gazte inguru batu dira Hazparnen gaztetxearen beharra aldarrikatzeko. Patxi BELTZAIZ

Abuztuaren 21ean okupatu zuten gazteek Hazparneko erdigunean dagoen eraikin bat aurrerantzean gaztetxe gisara erabiltzeko. Aste baten buruan kaleratze agindua jaso zuten, baina gazteek okupazioari eutsi zioten eta egitarau oparoa antolatu zuten jendea bildu eta herria biziarazteko. Gaur, irailaren 4an, 200 lagun inguru bildu dituen manifestazioa egin dute «Hazparnek gaztetxe bat behar du» goiburua zuen pankarta batekin.

«Eeeee? Ez dela tokirik? 500 etxe huts» irakur zitekeen pankarta nagusian. Manifestarien artean, «Euskal Herria ez da salgai» irakur zitekeen beste pankarta bat ere bazen. Izan ere, gazteak bildu eta ekimenak antolatzeko beharrezkoa den lokal edo gaztetxe bat baino harago doan arazoa da mahai gainean dagoena Hazparneko Gazte Asanbladaren iritziz.

Gazteek salatzen dutenez, «Hazparnen alokairuen eta etxebizitzaren prezioa emendatzen ari da jabe gutxi batzuen onurarako, baina gehiengo gazte herritarrei kalte eginaz». Ondorioz, Hazparne «logela hiri» bilakatu dela nabarmentzen dute. «aktibitate eta kultur zentroak 20 minutura, kostaldean, kontzentratzen» diren artean. Horregatik, orain arte HGAk egindako lan kulturala oroitarazi eta «Hazparne bizi bat aldarrikatzen» dute.

Ttattola gaztetxearen berpiztea

Iazko urtarrilaren 30ean itxi zituen ateak Hazparneko Ttattola gaztetxeak, 18 urteko ibilbide oparo baten ostean, eta ordutik herriko etxearekin elkarlanean aritu dira, baina saiatu den arren udalak ere ez du gazteentzako eraikin publiko bat topatu. Azkenean, gazteek iniziatiba hartu zuten eta, prentsaurrean azaldu zutenez, 10 urtez hutsik egon den etxe bat okupatzea erabaki zuten.

Gauzak honela, abuztuaren 21ean  Davidenia etxea okupatu zutenHazparenko gazteek eta lehengo gaztetxearen izena eman zioten, Ttattola, alegia. Aste baten buruan, ordea, kanporaketa agindua jaso zuten. Abuztuaren 30ean goizeko 10:30etan ezarri zuen etxe husteko epea Prefeturak, baina gazteek okupazioari eutsi zioten eta astean zehar hainbat ekimen eta berrikuntza lan egiten jarraitu zuten.

Prefetaren kaleratze aginduaren aurrean errekurtsoa ezarri zuen Hazparneko Gazte Asanbladak, baina artean haien egitarauarekin aurrera jarraitu zuten eta manifestazio baterako deia egin zuen irailaren 4rako. Zehatzago, «gaztetxe berri baten aldarrikapenaz baino harago, gazteendako herrian bizitzeko eta emanzipatzeko baldintza hobeagoen alde mobilizatzeko» deia luzatu zuten gazteek.