NAIZ

Hazparnen gaztetxe berria eraikitzen ari direla auzia izanen dute Ttattolako lagunek

Baionako Auzitegian hitzordua dute maiatzaren 25an 2021eko agorrilean Hazparneko erdialdean hutsik zen etxea okupatu zuten lagunek. Hain zuzen, herrian gaztetxe berria eraikitzen ari direla egin beharko dio auziari Davidenia okupatu zutenean dagoeneko deklaratzera deitua izan den lagun batek.

Azken hamar urteetan hutsik izan den etxea okupatu zuten, 2021eko agorrilaren 21ean, Hazparnen herriak gaztetxe behar dutela aldarrikatzeko.
Azken hamar urteetan hutsik izan den etxea okupatu zuten, 2021eko agorrilaren 21ean, Hazparnen herriak gaztetxe behar dutela aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Hazparneko herriak gaztetxe bat behar duela aldarrikatzeko 2021eko agorrilean etxe huts bat okupatu zuten gazteek hitzordua dute hilaren 25ean Baionako Auzitegian.

Hala baieztatu dio NAIZi Iulen Vrignon Ttattola elkarteko kideak.

Paradoxikoki, gaztetxe bat izateko desmartxa azkartu zuen ekintzari buruz azalpenak eman beharko dizkio deitua izan den gazteak epaileari.

Hala da. Horren ondotik Isabelle Pargade auzapezarekin zabalduriko elkarrizketa emaitza eman du eta gazteek lokal berria ukaiteko prozedura aitzina doala baieztatu du gazte hazpandarrak.

Izan ere, egitasmoa ez da berehala gauzatuko, Axuri merkatuaren ondoan, erdigunean, gazteen esku geldituko den egoitza berrian obrak behar direlako egin oraindik.

Anartean, gutxienez hamar bat urte hutsik zeraman Davidenea izeneko etxean sartu izanagatik auziari beharko dio aurre egin lagun horrek hilabete honen amaieran.

Herri erdigunean kokaturik den ondareari buruz galdetuta, Vrignonek azaldu du behin gazteak kanporatuak izan zirenetim berriz ere hutsik dela etxea.

Ikusteke dago aipaturiko egoitza berriz ere etxebizitza gisara noiz erabilia izanen den. Kokapena zein tamainarengatik, bistan da, promotoreen interesa piztu dezake Davideneak.

«8.000 biztanle duen herrian 500 etxe hutsik daudela» agerian jarri du Iulen Vrignonek, «herrian bizitzeko eta herria biziarazteko» gazteek emandako borrokaren zilegitasuna nabarmenduz.

Ildo beretik, zalantzarik ez du auzitegian hori azaltzera joko dutela gazte asanbladako kideek.

«Gure helburua zen gaztetxea lortzea eta okupazioak gauzak azeleratu zituen, baina era berean nahi genuen etxebizitzaren arazoari buruzko oharra egin, eta, hortik aurrera, eta lehen momentutik esan genuen bezala, denon artean, kolektiboki aintzat hartuko ditugu guree ekintzaren ondorioak», berretsi du.

Zigor kodearen arabera, «etxeko zerraia kendu eta berria eman zuelako» epaitua izanen den gazteak hiru urteko kartzelaldia -edota 30.000 euroraino heldu daitekeen isuna- arriskatzen du.

Ekintzaren nondik-norakoak

Oroitzearren, Hazparneko gazte asanbladako kideek hiri barneko etxe bat okupatu zuten, 2021eko agorrilean, gaztetxe gisa erabiltzeko.

Auzolan hitzorduak eta egitaraua zabalduko zituztela iragarri zuten ekintza martxan eman zuten berehala gazte hazpandarrek.

Esan eta egin, ondoko asteotan etxean konponketak egiteaz gain egitarau oparoa garatu zuten.

Alta, 2021eko irailaren 13an Davidenea etxea hustutzera heldu ziren, goizean goiz, jendarmeak. Bertan ziren gazteak kanporatu eta horietako bi komisariara deituak izan ziren arratsaldean bertan. Herrian manifestazio jendetsua egin zuten Prefekturak agindutako operazioa salatzeko.

Sostegu gaualdia Aiherran hilaren 17an

Hain zuzen 2020ko urtarrilaren 30ean bere ateak itxi zituen Ttattola gaztetxeari aipamena egin zioten Davidenian garatutako ekintza azaltzeko gazte asanbladako lagunek plazaratu zuten oharrean.

Agirian oroitaraz zutenez, «urte eta erdi pasatu da gure Ttattola utzi behar izan genuenetik. Urte eta erdi Hazparne 18 urtez inarrosi zuten lau murru horiek isildu zirenetik».

lldo beretik, Ttattola gaztetxea itxi zenetik ez zirela «isilik egon» azaldu zuten, lokal berria ukaiteko borondatea mahai gainean jarrita.

Gaztetxe ukaiteko helburua hurb¡lago agertzen bada ere, auziari aurre egi  beharko diote Hazparneko gazteek.

Auzi horri begira dirua biltzeko baina baita, Vrignonen hitzetan «sostengu morala jasotzeko», gaualdia antolatu dute heldu den asteazkenean, maiatzaren 17an, Aiherran (Denon Etxean).

Oholtzan, Ramoneurs de Menhirs Bretainiako punk talde ezaguna, Zetkin eta DJ Mixela.