Murgiltzearen kontrako erabaki konstituzionala oraingoz ez dela aplikatuko baieztatu du Molacek

Paul Molac, euskalgintzako kideak eta unibertsitate irakasleak lagunduta, Estatu frantsesean hizkuntza gutxituen egoera aztertu da EHUk Donostian antolatu dituen ikastaroan. Bere ustez, Kontseilu Konstituzionalaren erabakia ez da 2022ko hauteskundeak baino lehen aplikatuko.

‘Molac legea, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak eta bere ondorioak’ ikastaroko zenbait hizlari. (NAIZ)
‘Molac legea, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak eta bere ondorioak’ ikastaroko zenbait hizlari. (NAIZ)

Donostiako Miramar jauregian Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan ‘Molac legea, Konstituzio Kontseiluaren ebazpenak eta bere ondorioak’ aztertu du Paul Molac diputatua bera, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eta unibertsitate irakasleekin batera. Diputatu bretoiak Konstituzionalaren deliberoa 2022ko hauteskunde presidentzialak baino lehen ez dela aplikatuko uste du.

Adierazpen hori egiteko, Molacek Ipar Euskal Herrian ikasturte hasiera honetan bizi den egoera aipatu du, non bi eskola publiko eta pribatu katoliko batean murgiltze klaseak ireki diren, nahiz eta Kontseilu Konstituzionalak maiatzean eredu hori antikonstituzionala zela deliberatu.

«Kontseilu Konstituzionalak krisia sortu du, eta hauteskunde kanpaina abiatu dela argi dago, orain ezin dira hizkuntzen defendatzaileak haserretu, beraien bozkek emaitza alde batera edo bestera eraman ditzaketelako», nabarmendu du diputatuak.

Baina Damoklesen ezpata beti hor dagoela ekarri du gogora, eta horregatik Konstituzioa aldatzea beharrezkoa dela azpimarratu du. Aldaketa hori frantsesa Estatuaren hizkuntza dela dioen 2. artikuluan beharrean, 75-1 artikuluan egitea proposatzen du, hizkuntza gutxitua Estatuaren ondare dela dioen horretan hain zuzen ere.

Aldaketa hori hauteskundeak baino lehen egin daitekeela ere esan du, nahiz eta horretarako borondate politikoa behar dela azpimarratu, eta hori ez dela agertzen onartu.  «Botere teknokrateko» pertsonen artean debekuaren norabidea mantentzen bada ere, gizartearen iritzia aldatzen ari dela nabarmendu du, eta bere legeak egin duen ibilbide parlamentarioan, eta Konsituzionalaren erabakiaren ondoren hedabideetan eman den norabide aldaketa, horren adierazle dela baieztatu du.

Gobernu desobedientzia

Diputatuaren ondotik mintzatu den Eneritz Zabaleta Zuzenbide doktoreak, hiru eskoletako irekitzeak baimentzean Gobernuak «desobedientzia» egin duela baieztatu du, eta orain arte ikusi gabeko egoera bat dela gaineratu.

Orain bizi den egoerak «ziurgabetasuna» sortzen duela azaldu du, eta egun bizi den status quoa ezin dela denboran mantendu: «Legalki ez da opzio bat».

Konponbide juridiko bakarra Konstituzioa aldatzea dela jakinarazi du, eta bera ere 75-1 artikulua aldatzearen alde agertu da. Aldaketa horretan testua oso esplizitoa izan beharko litzatekeela baieztatu du, oraingoan Konstituzionalak eman duen erabakia bezalakoak saihesteko.

Glotofobia

Eguzki Urteaga EHUko katedradunak eta Eva Ferreira Garciak ikastaroaren eta egungo egoeraren aurkezpena egin ondoren, Glotofobia terminoaren asmatzailea den Phlippe Blanchet Rennes 2ko unibertsitateko soziolinguistika irakasleak hartu du hitza goizean.

Berak egun Estatu frantsesean bizi den hizkuntza eta azentuengatiko diskriminazioa instituzionalizatuta dagoela baieztatu du, eta Kontseilu Konstituzionalaren erabakia «glotofobia ofizialaren» ondorio dela adierazi.

Ideologia horren atzean dagoen historiaren ibilbidea egin du, eta egun frantsesa Estatuko oinarri gisara hartzen bada ere, gogora ekarri du Frantses Iraultza 1789an egin zenean gizartearen %10 eta %12 artean soilik mintzatzen zuela hizkuntza.

Garai horretan sortu zen «berdintasunaren ideia» izendatu du oinarrizko arazotzat, frantsesa ez den hizkuntza mintzatzeak desberdin egiten duelako: «Aniztasunaren kontrako diskurtsoa da nagusi, eta uste da aniztasuna debekatzen ahal dela». Zentzu horretan Kontseilu Konstituzionalaren papera nabarmendu du, «dogma» gisara definitzen duen hori aplikatzen laguntzen duelako horrelako erabakiekin.

Eskubideei buruzko nazioarteko testu guztietan hizkuntzarengatik ezin dela diskriminatu ematen bada ere, Estatu frantsesak hori ez duela betetzen gaitzetsi du.

Errealitatea bertatik bertara

Arratsaldeko mahai inguruak mintzagai izan dituen ebazpenaren ondorioak aipatzeaz gain, gaur egun bizi den egoerara heltzeko egin den eta egiten ari den lanaren berri eman dute EEPko eta Seaskako lehendakariek.

Urteagaren gidaritzapean, Curutcharry eta Jorajuriarekin batera, Internet bidez Mugerretik mintzatu da Euskaltzaindiko buruordea. Coyos Etxebarnek hartu du hitza lehenik, eta Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren aurrean «borrokaren beharrezkotasuna» aipatu du, eta jendartearen eta hautetsien arteko elkarlana azpimarratu.

Beste hizlariek ere nabarmendu dute elkarlanaren garrantzia. Curutcharryk argi azaldu dute: «Euskarak batzen gaitu, eta euskararen defentsan elkartuak gara». Jorajuriak bere aldetik kolaborazio horri esker «inoiz baino indartsuagoak» direla ere nabarmendu du.

Azken hilabeteotan hezkuntza arduradunekin izandako «etengabeko negoziazioak» izan ditu hizpide Curutcharryk, eta hiru eskoletan murgiltze eredua irekitzeko bidea nolakoa izan den azaldu du: eskoletan komunikazio hizkuntza euskara ez izatea, eta hizkuntza bakarrik klasean entzutea bertako eredua murgiltze gisa ez kontsideratzeko bidea izan da.

Egungo egoera «kafkiarra» aipatu zuen, Konstituzionalaren deliberoaren ondotik, aurten murgiltze eredua ezarri duten eskola kopuru inoizko handiena izan baita.

Momentuan kezka nagusia murgiltzea dela nabarmendu zuen, ikastolek euskara eremu guztietan baliatzen dutenez, horretarako konponbide administratiborik ez baitute atzeman. Egungo egoera «katastrofikoa» dela baieztatu du.

Horren haritik Jorajuriak esan du: «Lanjeran gara, zer egin behar dugu? Irtenbide juridikorik ez da, gure kontrakoena dogma bat baita, eta hori eramaten dutenak boterean baitira».

Seaskako presidenteak azken hilabeteotan izandako erabaki historikoen gibelean gertatutakoaren kontakizuna egin du, hautetsiekin eta Estatuko beste eskualdeetako mugimenduekin izandako elkarlana, eta egindako lobby lana.

Parisen hizkuntza gutxituen sostengu politiko eta soziala handitu zela ikusirik, «teknokratek, jakobinoek horren kontrako bonba nuklearra» erabili zutela esan du, Konstituzionalaren ebazpena gogoan.

Pariseko «teknokratek» gaur egun gizartean hedatzen ari den hizkuntzen aldeko lana eta sostengua nola gelditu ez zekitenez «bonba atomikoa» erabili zutela esan du Jorajuriak Konstituzionalaren erabakiari buruz.