NAIZ

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urriaren 2an hasiko da, bultzada eta aldarri izateko asmoz

Pandemiak bizitza eta bertsolaritza hankaz gora jarri eta bertso plaza moteldu denean, plazak berriz indartzen joan daitezen bultzada izan nahi du 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Aldarri ere bai, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan, kultura, erantzukizunez, segurua delako.

Iruñean aurkeztu dute txapelketa, parte-hartzaleekin batera egindako lan saio baten ondotik. (NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA)
Iruñean aurkeztu dute txapelketa, parte-hartzaleekin batera egindako lan saio baten ondotik. (NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Uste baino beranduago dator Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 45. edizio hau. Urte hasieran izan behar zena izurriteak atzeratu zuen, eta udazkenera ekarri. 29 bertsolarik eman dute izena aurten, eta behin aurrekanporaketak igarota, 24 izanen dira Izaban abiatuko den ibilbidean. Urriaren 2an hasi eta azaroaren 28ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herritan. Iruñeko Anaitasuna kiroldegian elkartuko dira batzuen eta besteen bideak, igandez jokatuko den finalean.

Parte-hartzaileei dagokienez, anitza da ordezkaritza. Berriekin batera (Aitor Irastortza, Idoia Granizo, Ekhiñe Zapiain, Urko Gartzia eta Ekain Alegre), aspaldi txapelketan parte hartutako batzuen itzulera ere ekarriko du aurtengoak (Xabier Silveira, Erika Lagoma eta Oier Lakuntza). Gaur egungo txapeldunak, Julio Sotok, ere hartuko du parte txapelketan.

Larunbat honetan aurkeztu dute egitasmoa, Iruñean. Bertan azpimarratu dutenez, urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua da Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea, urtean osoan egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena. «Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da. Iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa», iragarri dute, kontent.

Zortzi herritan izanen dira saioak: Izaba, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar, Leitza eta Iruñean; lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. 29 bertsolarik eman dute aurten izena, eta joan den ekainean jokatutako aurre-kanporaketen ondotik, 24 izango dira Izaban hasiko den bidean. Horietatik zortzi iritsiko dira Anaitasunako finalera, eta bakar batek jantziko du txapela. Harekin batera, dena den, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko ere balioko du txapelketak.

Izaban eta Zangozan, lehen aldiz

Adierazi dutenez, bi hilabetez, Nafarroaren berde, hori eta gorriak zeharkatuko ditu. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan. Hain zuzen ere, bere egitasmoa herrialde osora hedatzeko ahaleginean urrats bat gehiago emango du oraingoan Nafarroako Bertsozale Elkarteak: bi herrik –Izabak eta Zangozak– lehen aldiz jasoko dute txapelketako saio bat.

Hamaika lagunen ahaleginaren fruitu da txapelketa, sarean antolatzen dena, eta bertsolaritzaren ekosistema batzen duena. Bertsolariekin batera, epaile, gai-jartzaile, antolatzaile eta laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa.

Partaideak

Izabako lehendabiziko final-laurdenean, Julen Zelaieta, Eneko Fernandez, Endika Legarra, Patxi Castillo, Aitor Irastortza eta Idoia Granizo igoko dira Zinemako oholtzara.

Tafallan, urriaren 9an, Eneko Lazkoz, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Ekhiñe Zapiain, Erika Lagoma eta Urko Gartzia ariko dira kantuan, kultur etxean.

Biharamunean, urriaren 10ean, Zangozako Karmengo Auditorioan bilduko dira Joanes eta Xabat Illarregi anaiak, Sarai Robles, Xabier Silveira, Mikel Lasarte eta Oier Lakuntza.

Eta hurrengo larunbatean, urriak 16, Doneztebeko Zineman erituko dira Julio Soto, Josu Sanjurjo, Iker eta Egoitz Gorosterrazu, Ekain Alegre eta Sahats Aleman.

Saio guztiak 17.30ean hasiko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak erantzukizunez antolatu du txapelketa, eta unean uneko osasun neurriak beteko ditu: aretoetan edukiera mugapenak errespetatuko dira, publikoak maskara jantzita izan beharko du, eta bestelako distantzia eta neurriak mantenduko dira.