Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Elkarrizketa
Illart Azkarate eta Garazi Azkarate
Sare Arrasateko kideak

«Bizi osoko zigorra aplikatu diote Unai Paroti, hori salatu nahi dugu Elkartasun Martxarekin»

Larunbatean oinezko martxa egingo dute Arrasaten euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, Sarek eta Elkartasun Eguna taldeak antolatuta. 31 kilometro izango ditu Elkartasun Martxak eta 31 eragilek hartuko dute parte, Unai Parotek kartzelan eman dituen urteen pare.

Illart Azkarate eta Garazi Azkarate, Sare Arrasateko kideak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)
Illart Azkarate eta Garazi Azkarate, Sare Arrasateko kideak. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Elkartasun Martxa antolatu dute Arrasateko Sarek eta Elkartasun Eguna taldeak. 31 kilometro egingo dituzte oinez, testigua 31 eragileren artean eskuz esku igarota. Arrasateko Biteri plazan hasiko dira 12.00etan presoen senide eta lagunak, eta herria inguratu ostean, Oihana Parot Unai Paroten arrebak hartuko du testigua azken kilometroan. Salbuespenezko politikekin amaitzeko eskatzea eta Unai Paroten askatasuna aldarrikatzea helburu duen martxak, gainera, zenbait sektoreen kontrako jarrerak zipriztindu du.

Irailaren 18rako antolatu duzue Elkartasun Martxa Arrasaten: 31 kilometro, beste hainbeste eragile. Nolakoa izan da hau guztia antolatzeko prozesua? Horrelakoetan herriaren inplikazioa ezinbestekoa izango da, ezta?

Garazi AZKARATE: Lan handia hartu dugu ekimen hau prestatzeko. Arrasaten preso bakarra dugula kontuan izanda eta Unairen egoera zein den ikusita, udaberrian martxan jarri genuen 'Unai Etxerako Bidea Gara' dinamika. Denbora honetan hainbat ekintza egin ditugu Unaien egoera gizarteratu eta bere eskubideak aldarrikatzeko. Azken ekimen honekin, martxarekin, ekainean hasi ginen, pixkanaka dena prestatzen. Eragileekin kontaktuan jartzen hasi ginen, gure asmoak zeintzuk ziren azaltzen, eta egia da herriaren babesa eta erantzuna ezin hobea izan dela. Ez dugu inongo arazorik eduki eta hasieratik prest eta gogotsu agertu dira erakundeak ekimen honetan parte hartzeko.

Sindikatuak, dantzariak, feministak, ostalariak… askotariko eragileek hartuko dute parte. Nola egin duzue 31 eragileen aukeraketa?

Illart AZKARATE: Gure helburua hasieratik izan da ahalik eta alor desberdinenetako eragileengana iristea. Arrasaten urteak daramate eragile askok presoen eskubideen alde borrokan eta badakigu herriaren zati handi bat eskubide horiek errespetatzearen alde dagoela eta askotan atera dela kalera hori eskatzera. Hala ere, ziur gaude ez garela denengana iritsi, horregatik esan nahi dugu norbaitek bere burua eragileren batekin lotuta ikusten badu, kilometro horretan parte hartu dezakeela askatasun guztiarekin.

Elkartasun Martxaren egitaraua. (@SareArrasate)

Zein da Unai Paroten egoera gaur egun?

G.A: Gaur egun Leongo espetxean dago, hurbilago. Hori pauso positibo bat da, izan ere, 31 urteetan etxetik urrutiago egon da beti. Orain arte lehenengo graduan egon da eta aldi guztietan bakartuta; horrek suposatzen du ziegan 20 ordu edo gehiago egotea. Orain bigarren graduan dago, baina baimenarekin ateratzeko baldintza guztiak betetzen dituen arren, baimen guztiak ukatu dizkiote. Baldintzapeko askatasuna lortzeko ere baldintza guztiak betetzen ditu; horregatik, argi ikusten da gerturatzea ez dela nahikoa. Urrunduta jarraitzen du eta zigorra beteta dauka, beraz, kalean egon beharko litzateke.

Paroten azken hiru hamarkadetako ibilbide juridikoa ez da erraza izan.

I.A: Unai atxilotu zutenean, 1973ko Zigor Kodea zegoen indarrean. Horren arabera 30 urte eman zitzakeen gehienez pertsona batek preso. Gainera, Espetxeen Legedi Arrunta aplikatuz gero, jarrerarengatik, ikasketengatik edo dena delakoarengatik, presoek espetxe egunak murrizteko eskubidea daukate. Baina Unairi, beste preso askori bezala, salbuespenezko espetxe politika aplikatu diotenez, hobari horiek lortzeko eskubidea urratu dio sistemak. 1995. urteko Zigor Kodetik espetxe hobari horrek kendu egin zituzten, ondorioz, 30 urteko zigorrak osorik betearazi zituzten. 2003an berriro aldatu zuten Zigor Kodea Estatu espainiarrean, euskal presoen zigorrak gogortze aldera. Gehienezko urteak 30etik 40ra igo zituzten. Hori, gure ustez, fikziozko kontu bat da. Espainiar justiziak 40 urteko zigorra debekatu egiten du edo ez du kontuan hartzen, baina, praktikan, arauekin mozorrotuz betearazten du. Gainera, 1995etik aurrera epaitutakoei soilik eragin beharko lieke, lehenago zigortutakoek 1973ko arauak bete beharko lituzkete. Gero etorri zen 197/2006 doktrina, presoak denbora gehiagoz espetxean mantentzeko helburua zuena. Espainiar Estatuak hori aplikatu zuen, baina Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzera bota zuen 2013an. Hori gutxi izango balitz, Unairekin, gure ustez, harago joan dira. 2007an Auzitegi Nazionalak berriro zigortu zuen, preso zegoela. Defentsak esan zuen etakide gisa zigortutakoak etakide izaten jarraitzen dutela Espainiako justiziarentzat kartzelan dauden bitartean, eta kartzelan egonda, ez dela posible bi aldiz delitu berdinarengatik auziperatzea eta zigortzea. Bigarren zigor horrekin 2029ra arte egon beharko litzateke kartzelan, ia 40 urte beteta. Gure ustez argi geratu da espainiar Estatuak trikimailu juridikoak erabili dituela presoak espetxean mantentzeko. Unairen kasua bereziki larria da bigarren zigor horrengatik. Bizi osoko zigorra aplikatu diote Unairi eta hori da dinamika honekin eta martxarekin salatu nahi duguna.

Espetxean “tratu berezia”, zentzurik txarrenean, eman izan zaio Paroti. Ez da edozein preso Estatu espainiarrarentzat. Bereziki zaila da bere eskubideen alde egitea?

I.A.: Egia da muturreko baldintzetan eduki dutela; gainontzeko presoengandik bakartuta, bisita erregimen gogorretan, ordu luzez ziegan bakarrik, jipoiak ere askotan salatu ditu, hamaika urte gehitu dizkiote arrazoirik gabe edo legezko trikimailuak asmatuta, eta giza eskubideak sarritan urratu dituzte bai bere kasuan eta baita presoen kolektiboko kide askoren kasuan ere. Ez da batere erraza izan bere egoera. Egia da preso, iheslari eta deportatuen eskubideak lortzeko bidea, lana eta egunerokotasuna ez dela erraza. Ikusi besterik ez daude Herrira-ko kideen epaiketak, 13/13 sumarioa… orokorrean zaila izan da eskubide urraketa horiek aldaraztea.

Pausorik espero duzue Madrilgo Gobernuaren partetik?

G.A.: Horretarako ari gara lanean. Askotan aipatu dugun bezala, ez dugu ukatzen azken hilabete hauetan urratsak eman direla preso guztiak Madrildik gorako espetxeetara gerturatzen, baina ez da nahikoa. Guk legea betetzea besterik ez dugu eskatzen. Horretarako ezinbestekoa ikusten dugu herritarrak aktibatzea presoen eskubideen alde.

Elkartasun Martxaren inguruan zalaparta sortu dute sektore eskuindarrek, Guardia Zibileko Jucil sindikatuak eta bestek, martxa omenaldia izango delakoan. Batzuk esan dute Arrasaten agertuko direla, beste batzuk Donostian elkartuko dira. Zer irakurketa egiten duzue honen inguruan?

G.I.: Egia esan ez dakigu zer intentziorekin atera duten omenaldiaren kontua. Guk argi eta garbi esan dugu larunbatean ez dugula inor omenduko eta gure asmoa ez dela inor mintzea. Azken finean Martxaren helburua da espainiar Gobernuari Unairen eskubideak errespeta ditzala eskatzea. Eskubide horien alde ahalik eta gehien mobilizatu nahi dugu. Asmo horretan elkartuko gara.

Elkartasun Martxa izango da, baina aldarrikapenerako martxa ere bai. Zeintzuk dira zuen eskakizun zehatzak?

G.I.: Espetxeetan eskubide urraketak jasaten dizutenei eta beraien senideei elkartasuna adierazi nahi diegu eta bizi osorako zigorraren aurkako martxa bat izango da. Kalean egon behar lukeelako Unaiek, bere askatasuna eskatuko dugu. Horrez gain, euskal presoek pairatzen duten salbuespenezko espetxe politika salatuko dugu. Espetxe politika hau ez da bakarrik urruntzearen aplikazioa, 7/2003 moduko salbuespen legeek bizi osorako zigorra ezkutatzen dute eta, orduan, legeria arrunta aplikatzean eskatu nahi dugu. Horrekin batera, askotan egin dugun bezala, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dutela aldarrikatuko dugu, gaixo dauden presoak edo 70 urtetik gorakoak etxean egon behar dutela, gradu progresioa aplikatuz presoek baimenekin ateratzeko aukera izan beharko luketela eta kondenaren hiru laurdenak bete dituztenak etxean egon beharko luketela.

Zeintzuk dira Elkartasun Martxan parte hartzeko aukerak?

I.A.: Herritarrek aukera desberdinak dituzte. Nahi duenak nahi beste kilometro egin ditzake martxan eragileekin batera. Baina sareetatik bi deialdi berezi zabaltzen ari gara: bat da martxa denok batera hastea. Lehenengo testigua eramango dute azken urteetan dispertsioa eta espetxe politika jasan duten presoen senide eta lagunek, beraz, beraiekin batera hastera deitzen dugu. Bigarren deialdi bat egin dugu, 18.00etan Biteri plazan hasita azken hiru kilometroak denok batera egiteko, manifestazio modura.