Alessandro Ruta

Alghero, Italiako Katalunia

Kataluniako presoen aldeko aldarria gaur ostiralean Algheron. (Gianni BIDDAU | AFP)
Kataluniako presoen aldeko aldarria gaur ostiralean Algheron. (Gianni BIDDAU | AFP)

Normalean jendea oporretara doa Algherora, Sardiniako ipar-mendebaldeko leku oso turistikoa delako. Itsasoa urdin-urdina eta koralez betea da, tenperaturak atseginak, bero handirik ez. Abesti bati esker famatu bihurtuta 80koen hamarkadan (Giuni Russo-ren “Alghero”, bere saxofoi-hasierarekin), oso gauza bitxi bat gerta dakizuke hor: katalanez hitz egiten entzutea.

Hori bai, ondoko bitxikeriarik politena da. Sardinian italieraz (noski!) hitz egiten da, baina ahozkera oso bertakoa da, adibidez ‘o’ erabat itxita mintzatzen d edo hitz asko ‘u’rekin bukatzen dira. Azken finean irla bat da, aspaldiko partez bere kabuz bizi dena. Sardiniako norbait Erromara edota Milanera joan behar bada hauxe aipatzen du: «Kontinentera noa».

Hala ere, irlaren barruan beste mikrokosmos bat dago: Alghero, katalanez L'Alguer, eta inguruan. Hango jendeak, nagusiek batez ere, katalanez hitz egiten dute: biztanleen %33a hain zuzen ere, ikerketa baten arabera. «Miglior vel che mort» bertako atsotitza bat da: «Hobe zaharra izatea hilda egotea baino», euskaraz. Oro har, bertan egonda ez zaigu iruditzen Sardinian gaudela, Vall d'Aran-en-edo baizik.

Katalana da, alegia. Hizkuntza hori erabiltzen ia zazpi mende daramate herrian. Horregatik Carles Puigdemont Algherora joan behar zen, Kataluniako kulturaren jaialdi batean parte hartzeara. Ezin izan du iritsi, Sassariko aireportuan atxilotu dute eta.

Oso bizirik da Kataluniako kultura Algheron, eta elebitasuna. Herriko armarria senyera bat da, orria eta gorria. Are gehiago, Generalitat-eko ordezkaritza badago, erdigunean, kaiaren ondoan eta Catalunya kaletik oso gertu. Hobe esanda, Carrer Catalunya-tik. Eta paseatzeko, Bartzelona Pasealekua badago.

Azken orduetan sare sozialetan ordezkaritza horrek bere jarraitzailei gertatzen ari denaren berri ematen die, bai italieraz bai katalanez: «Segueixen els esdeveniments de les últimes hores i estan en contacte amb diverses autoritats europees, italianes i belgues». Ez da Pere Aragonès presidentearen tuit bat, baizik eta Italiako Generalitaten ordezkaritzarena.

Aragoiko Petri IV erregeak hauxe nahi zuen: Sardinia mendean hartu eta irlan bizi zen jendea urruntzea. Bartzelonatik Algherora, gaur egun ere, kruzeroan batez ere, oso bidai laburra da. Sardiniakoak garai hartan oso errebeldeak ziren eta zigorra merezi zuten, antza. Aragoikoek dagoeneko Sizilia zuten eta Italiako hegoaldean beste «kolonia» bat behar zuten. Ai, Mediterraneo maitea!

Uda bukatu da Alghero-n, albiste honekin. Turistak haien etxera itzuli dira. Gehienak ez dira Puidgemont-en atxiloketaz ohartu. Geratu dena, orain, politika da, beste zalaparta mota bat.