NAIZ

Harrotasun Martxak karrika hartuko du berriz ere larunbat honetan Biarritzen

Pandemiak hala aginduta iaz ezin izan bazuten egin, bihar, larunbatean, ‘LGBT+ Pride’ martxak berriz ere karrika hartuko du Biarritzen. Aldarrikapena eta ospakizuna biltzen dituen mobilizazioak azkeneko 20 urtetan egin duen ibilbidea jorratzen duen erakusketa ezarri dute, bestalde, Herriko Etxean.

Harrotasun Martxaren 20. urtemuga kari egitaraua zabala prestatu dute Biarritzen. (Bob EDME)
Harrotasun Martxaren 20. urtemuga kari egitaraua zabala prestatu dute Biarritzen. (Bob EDME)

Harrotasun Martxaren hogeigarren urteurrena iaz bete zen. Izan ere pandemiak 2020ko ekainaren 21erako aurreikusia zen ospakizuna atzeratzera eraman zuen. Aurten bai, Ipar Euskal Herriko LGTB+ mugimendua berriz ere Biarritzeko karrikara jauziko da.

Bascos elkarteko Estelle Lesagek oroitarazi duenez garaian ‘Lesbian Gay Pride’ izenpean egiten zen martxa «Biarritzeko paisaian bere tokia egin du». Horretarako, pandemiak ezarritako etenaldia gaindituta, Harrotasun Martxak berriz ere karrikara eramanen du bihar, irailak 25ean, berdintasunaren aldeko mezua.

Bestalde, ekimenaren ibilbide historikoa jorratzen duen erakusketa ezarri dute Herriko Etxearen harrera gunean. Horrekin batera, Biarritzeko mediatekarekin elkarlanean Eusko Ikaskuntzaren babesa duen konferentzia antolatu dute, gaur, 18.00etan.

Ekimen horren baitan homosexualitateari buruzko zazpi lekukotasun biltzen dituen ‘Bekatorosak’ izeneko liburua aurkeztuko du Dim ilustratzaileak.

Itsas-argiaren eremuan elkarteen herrixka ezarriko dute

Harrotasun martxa, 16.00etan abiatuko da, ohi bezala, Biarritzeko itsas-argitik. Bertan elkarteen herrixka plantatuko dute. Izan ere, osasun krisia dela-eta ez dute txosnarik jarriko. Biarrizko erdiguneko karriken gaindi ibiliko den martxan parte hartzeko asmoa duten herritarrei musukoa eramateko aholkua eman diete antolatzaileek.